Argentina, ultraeskuinerantz

Javier Milei ultrakontserbadoreak irabazi ditu primarioak, bozen %30 jasota. Askatasuna Aurrera Doa alderdiko buruak «iraultza liberal berri baten» alde egin du. Koalizio peronistak kolpea hartu du

Argentinako presidentetzarako hautagai Javier Mileiren jarraitzaileak, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Argentina krisi sozioekonomiko betean dagoen honetan, inor gutxik espero zuen presidente hautagai bat nagusitu zen Latinoamerikako herrialde horretan eginiko hauteskunde primarioetan, herenegun: Javier Milei. Botoen %97 zenbatuta, Askatasuna Aurrera Doa alderdiko ekonomialari ultraeskuindarrak botoen %30 eskuratu zituen, Argentinako ohiko mapa politikoa aldatzeraino, orain arte herrialdeko bi koalizio nagusiak aritu izan baitira hauteskundeetan nor gehiago: bata, Aberriaren Aldeko Batasuna —peronista—; eta bestea, Elkarrekin Aldaketaren Alde oposizioko lehen indar eskuindarra. Hauteskunde orokorrak urriaren 22an egitekoak dituztela aintzat hartuta, Argentinak ultraeskuinerantz biratu du.

Ikusi gehiago:Nor da Javier Milei?

7,1 milioi argentinarrek eman zioten babesa Mileiri, eta emaitzak jakin osteko agerraldian «benetako aldaketaren» alde egin zuen, baita Nestor Kirchner presidente ohiak (2003-2007) eta Cristina Fernandez presidenteorde eta estatuburu ohiak (2007-2015) ordezkatzen dituzten indarren aurkako «iraultza liberalarekin» bat egiteko deia egin ere. «Argentina aldatuko duen indarra Askatasuna Aurrera Doa izatea erabaki duten argentinarrei esan nahi diet kastaren ereduaren amaieraren aurrean gaudela», oihukatu zuen, peronismoari eta oposizioko lehen indarrari aipamena eginez.

Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak ez zuen lortu boz gehien bilduriko indarra izatea. Bigarren postuan geratu zen, botoen %28,27 lortuta. Eta koalizio horren barruan, berriz, Mauricio Macri presidente ohia (2015-2019) buru zuen gobernuko Segurtasun ministro ohi Patricia Bullrich gailendu zitzaion Buenos Airesko alkate Horacio Rodriguezi, 1,3 milioi botoren aldeaz. Emaitzak jakin berritan, Macrik zoriondu egin zituen «aldaketa sakon baten» alde egin zuten argentinarrak. «Mileiren emaitzak eta gureak batuz gero, oso handia da urte luzez izan ez den aldaketa sakon bat planteatzen dugun argentinarron kopurua», adierazi zuen sare sozialetan.

Aldiz, 2011z geroztik izandako emaitzarik txarrena bildu zuen koalizio peronistak —botoen %27,27—. Bozik gehien bildu zituzten indarretan hirugarrena izan bazen ere, Sergio Massa egungo Ekonomia ministroa Mileiren atzetik kokatu zen zerrendan, ia 5 milioi boto lortuta, eta Bullrichek baino milioi bat gehiago. Massa peronismoko fakzioen arteko «adostasunezko» hautagaia zen: Argentinako presidente Alberto Fernandezen, Cristina Fernandezen eta Massa buru duen Fronte Berritzailearen babesa izan du.

%69,6ko parte hartzea

55,4 milioi argentinar zeuden bozkatzera deituta igandean, hauteskunde orokorretan lehiatuko diren hautagaien zerrendak zehazteko. Bada, %69,6koa izan zen parte hartzea, 2019ko bozetan baino ia zazpi puntu gutxiago. Urriaren 22an egitekoak diren bozetan presidentea eta presidenteordea aukeratuko dituzte, diputatuen ganberako 257 eserlekuetatik 130 berrituko dituzte, eta senatuko 72 aulkietatik 24. Halaber, 43 ordezkari argentinar hautatuko dituzte Mercosurreko Parlamenturako —Hegoaldeko Merkatu Batua merkataritza erakundea da, Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik 1991n sortua.

Mileik eta haren alderdi ultrakontserbadoreko jarraitzaileek espero dute lehen itzulian presidente izateko behar beste boto jasotzea, bigarren itzulira joan ez daitezen. Argentinako hauteskundeetako legeen arabera, lehen indarrak botoen %45 eskuratu beharko lituzke, edota bozen %40 lortu eta bigarrenari gutxienez hamar punturen aldeaz irabazi beharko lioke. Beharrezkoa izanez gero, bigarren itzulia azaroaren 19an egingo lukete.

Igandeko emaitzek aurreikusi gabeko lurrikara bat eragin dute Hego Amerikako herrialde horretan, eta, itxura guztien arabera, hauteskunde kanpaina zatitua izango da urriaren 22ra arte. Gobernu peronista agintaldiaren azken txanpan sartu den honetan, krisi sozioekonomikoa kudeatzeko ez da gai izan; inflazioa bikoiztu egin da azken lau urtean, %115era heltzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.