Guatemalako Giza Eskubideen prokuradore ohia eta Ministerio Publikoko fiskal ohia

Jordan Rodas eta Juan Francisco Sandoval: «Arevalo gai da Guatemala demokraziaren eta zuzenbide estatuaren aldeko borrokan jartzeko»

Guatemalako ustelkeriaren itunaren aurka lan egiteagatik erbestean dira Rodas eta Sandoval. Nazioarteari ohartarazi diote aldaketa politikoa egon den arren oraindik «arriskua» dagoela «lehenagoko egoerara» itzultzeko.

Juan Francisco Sandoval eta Jordan Rodas, Guatemalako bi exiliatuak,  Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Juan Francisco Sandoval eta Jordan Rodas, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2024ko maiatzaren 5a
05:10
Entzun

Jordan Rodas Guatemalako Giza Eskubideen prokuradore ohiak (Quetzaltenango, Guatemala, 1968) eta Juan Francisco Sandoval Ministerio Publikoko fiskal ohiak (Guatemala Hiria, 1982), biek ala biek egin dute lan Guatemalako ustelkeriaren itunaren aurka. Lan horrengatik erbestean dira biak —Rodas Costa Rican, eta Sandoval Ameriketako Estatu Batuetan—, baina itxaropentsu dira herrialdera bueltatzeri begira. Bernardo Arevalok agintera iristeko izan dituen arazoez eta gobernuak dituen buruhausteez aritu dira.

Zein da Guatemalako egoera politikoa?

JORDAN RODAS: Oraintxe bertan esperantza izpiak daude Bernardo Arevaloren gobernuaren inguruan, aintzat hartuta inkestetan eta analisietan ez zela azaltzen gobernu progresista bat izateko aukerarik [bozen] lehen itzulirako. Uste genuen ustelkeriaren itunak agintean jarraituko zuela.

Zorionez, Guatemalako biztanleak oso jakintsuak eta azkarrak izan dira, eta utzi dizkieten aukeren artean presidente zintzo bat aukeratu dute. Eta espero dut gardentasunari eusteko gai izango dela. Niretzat, trantsizio gobernu bat izan behar du, Arevalok ez baitu egiturazko arazoak konpontzeko gaitasunik izango, baina gai da demokraziaren eta zuzenbide estatuaren alde borrokatzeko.

JUAN FRANCISCO SANDOVAL: Nire agindupean zegoen fiskaltzaren ikerketaren ondorioz, agerian geratu ziren gobernuaren ustelkeria kasuak. Nazioarteko komunitateak ez dio zaintza egiteari utzi behar, oraindik ere badira-eta mehatxuak, justizia sistema oraindik ere galbideratua dagoelako. Sistema horren burua zilegitasunik ez duen fiskal nagusi bat da; hainbat aldiz zigortu dute, eta haren ekintzak epaile eta magistratu ustelek balioztatzen dituzte. 

Arevaloren gobernuak sinesgarritasuna dauka aurreko gobernuaren ustelkeria amaitzeko?

RODAS: Aliantzak lortu behar ditu errepublikako Kongresuan, soilik 23 diputatu baititu 160tik. Akordio politikoak egin beharko ditu, ahalik eta gardenenak, aurrerapenak bermatu ahal izateko. Itxaropenak objektiboa izan behar du, bestela dezepzio handia eragingo baitu, eta politika publikoak espresuki herri indigenei begira egin behar dira, historikoki ikusezinak izan baitira.

Aurrekontua gardentasunez gastatu behar da, eta arazo sozialei aurre egin. Oraindik ere oso nabariak dira desberdintasun ekonomikoak. Guatemalako BPGaren [barne produktu gordinaren] %20 baino gehiago atzerrian bizi direnen diru bidalketak dira. Horregatik, batzuetan kutxazain automatikotzat jotzen dituzte, eta ez herritartzat.

SANDOVAL: Arevaloren gobernua larri dago, maniobra gaitasun urria baitauka: gutxiengo legegileagatik, baina batez ere justizia sistema aurka edukitzeagatik, hauteskundeen kanpainan haren kontra egin baitu behin eta berriz. Oraintxe bertan oztopo bat da gobernabiderako. Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakien laburpen bat eginda: bidezkotzat jo izan ditu Ministerio Publikoaren ekintza ilegalak.

Auzitegi Konstituzionala legeak egiten ari da. Bernardo Arevaloren alderdiari aukera guztiak kendu dizkiote Kongresuko lan batzordeak kudeatzeko, eta horrek gehiago indargabetzen du haren egoera. Auzitegi horrek bertan behera uzten ditu gobernuak hartutako erabakiak. Justizia sistema berritzeko, Bernardo Arevaloren gobernuak egin beharreko lehenengo urratsa Consuelo Porras [Guatemalako fiskalburua] kargugabetzea izango da.

Beldur zarete epaileen hauteskundeetan iruzurra egoteko?

SANDOVAL: Prozesu gorabeheratsua izango da, aurrekoak bezala. Baina aurrekoetan fiskaltzan aukera izan genuen magistratuak aukeratzeko egindako negoziazio bidegabeak ikertzeko. Hauteskunde hauetan, eragile ustelak arduratuko dira Ministerio Publikoaren ahaleginak estaltzeaz. Horregatik, Bernardo Arevalok Amerikako Estatuen Erakundeari eskatu dio misio bat bidaltzeko, prozesua ikuskatze aldera.

Erantzun hori garrantzitsua da, baina ez da nahikoa izango biztanleek ez badiote jarraipena ematen hain garrantzitsua den prozesuari. Beldurra dago, eta, ustelkeria kasuak ikertzengenituenen aurka egitearekin batera, fiskaltzak mesede egin die ustelkeria kasuengatik auzipetuak zeudenei.

«Arevaloren gobernua larri dago, daukan maniobra gaitasun urriagatik: gutxiengo legegileagatik, baina batez ere justizia sistema aurka edukitzeagatik».

JUAN FRANCISCO SANDOVALGuatemalako Ministerio Publikoko fiskal ohia

RODAS: Aukera handiak daude iruzurra egoteko, oraindik ikuspegi bera baitago; aurreko Auzitegi Gorenerako eta Apelazio Auzitegirako hauteskundeetako iruzurra zigorgabe geratu zen. Sandovalek esan duen bezala, ikerketa sakon bat egin zuten, eta justiziak ez ditu zigortu, statu quo-ari ez zaiolako interesatzen justizia independente bat.

Gobernuak helegite bat jarri dio Porrasi bilera batera ez agertzeagatik. Helegiteak etorkizuna izango duela uste duzue?

SANDOVAL: Legez kanpoko ekintza hori huskeria da, beste guztiekin alderatuz gero. Ez dut uste aurrera egingo duenik. Izan ere, nork ikertzen du ikertzailea? Hor dago koska.

Fiskalburuak Espainiako monarkak baino botere handiagoa du. Oraintxe bertan, ez dago mekanismorik hura fiskalizatu dezakeenik. Hala ere, orain aurrera egiten ez badu, gogorarazi behar da Guatemalan funtzionario publiko batek egiten dituen delituak edozein biztanlek egiten dituenen denbora bikoitzean baliogabetzen direla. Horregatik, uste dugu etorkizunean kasu hori eta beste hainbat ikertuak izango direla. Baina politikoki mezu bat zabaltzen du: gobernua ez dagoela prest fiskalburuaren gehiegikeria gehiago onartzeko.

RODAS: Nik zalantzak ditut ea ikerketa objektiboa izango den. Objektiboa izango balitz, agian, legea urratu duen kasu okerragoak aztertuko lituzkete. Baina, orain dioten beldurragatik, oso zaila da hori gertatzea.

Giza eskubideen urraketak gutxitu egin dira?

RODAS: Oraindik goiz da hori esateko, baina esperantza daukagu gobernu aldaketaren ondorioz politika publikoak aldatuko direla eta biztanleei bizi maila duin bat emango zaiela. Alde horretatik, onena opa diogu Arevaloren gobernuari.

Badakigu haize kontra ari dela, baina urrats sendoak egin behar ditu, kapital politikoa ere galtzen baita. Gainera, gogorarazi behar da historikoki elite pribatuek zer rol izan duten: harrapakaria, suntsitzailea eta berekoia. Eredu sozioekonomikoa aldatu behar da; bestela, haien pribilegioak bakarrik handituko dira, eta gizarte bidezkoago batera aldatu behar da.

SANDOVAL: Kargua duela hiru hilabete eskuratu zuen arren, keinu batzuk ikusi ditugu giza eskubideen alde. Baina erronka nagusia guatemalarren bizi kalitatea hobetzea da. Edozein gobernuren eraginkortasuna eta gaitasunak neurtzen dituena zera da, biztanleen bizitza duintasuna. Eta, horregatik, uste dut hori izan behar dela gobernuaren borroketako bat. Oso zaila iruditzen zait lau urteko legealdian azken 70 urteetako desberdintasunak bukatzea. Hala ere, nonbaitetik hasi behar da, eta hori da gure esperantza.

Nola bizi zenituzten presidentetzarako bozen ondorengo hilabeteak?

SANDOVAL: Zalantzaren eta esperantzaren artean, gu atzerrian egotea asko luzatu zitekeelako. Hautagai batzuek gure aurkako jazarpena bultzatuko zutela uste genuen, baina Arevalok ezustekoa eman zuen.

Guatemalako ustelkeria guztiaren artean, Arevalo zen aukerarik onena. Gainera, nahiz eta gure itzulera ez izan berehalakoa, instituzio guztietatik jasaten dugun jazarpena geldiaraztea ekar dezake orain. Hala ere, berriz diot: mehatxuak bere hartan dirau.

RODAS: Nik, ilusioz. Nire lehenengo urtea hemen pasatu nuen, Euskal Herrian, eta atzerriratua egotea oso gogorra da. Orain esperantza daukat itzuliko garela. Baina gure biziak ez du arriskuan egon behar, eta itzulerako prozesua egin behar dugu. Ikusten ari gara lehen pauso horiek eman daitezkeela.

Sandoval, zu ustelkeriaren aurkako ikerketa askoren arduraduna izan zinen. Uste duzu merezi izan duela ikerketa horiek egitea?

SANDOVAL: Egin genuen lana —ez nik bakarrik— garrantzitsua izan zen gizarte zibilarentzat. Ustelkeria agenda publikoan jartzea lortu dugu, eta horregatik merezi izan du. Krimenak ikusarazi genituen, eta begiak irekiarazi zizkigun.

Biztanleek kontzientzia hartu zuten ustelkeriak egunerokoan eragiten ziela: osasun zerbitzu onak ez izatea, eta gosetea eta desberdinkeria, zuzenean edo zeharka, ustelkeriaren ondorio dira. Nahiz eta zama handia ekarri duen, etorkizunerako oinarriak eraiki dira, eta bozetako emaitzak horren isla dira.

Ustelkeria sistematiko hori itzuliko den beldur zara?

SANDOVAL: Atzerakada nabarmena egon da Jimmy Morales [2016-2020] eta Alejandro Giammatei [2020-2024] gobernuan egon direnean. Ustelkeriaren mekanismoen berri izatean, sofistikatu egin zituzten, eta erakunde guztiak kontrolatzeko nahia piztu zitzaien. Inpunitatea dute xede, eta bidegabeko aberastasuna, beste edozein talde kriminalek bezala. Baina ikerketek lortu zuten jakitea zein zen inpunitate hori bermatzen zuen azkeneko lotura hori.

Rodas, zuk nola bizi zenituen San Carlos Unibertsitaterako errektoretzarako hauteskundeak?

RODAS: Ilusio handiz bizi nituen. Denbora gutxiko kanpaina izan genuen, eta ikasleek eta irakasleek erantzun ona izan zuten. Unibertsitatea, erreferente izan beharrean, ustelkeriaren isla bat zen. Emaitzek arrazoia eman zidaten. Ia irabazi genuen, jendea nazkatuta dagoelako ustelkeriaz.

Gaur egun, kriminalizatua dago eragile hori. Hauteskunde horiengatik ni kartzelatzeko agindua eman dute, baita presidentea ere. Gerora, konturatu nintzen unibertsitateak zenbateko garrantzia duen gizartean. Haiek [ustelkeriaren itunekoek] hauteskundeetan iruzurra egin behar izan zuten irabazi ahal izateko, eta Walter Mazariegos ustela izendatu zuten errektore.

«Itxaropenak objektiboa izan behar du, bestela dezepzio handia eragingo baitu, eta politika publikoak espresuki herri indigenei begira egin behar dira, historikoki ikusezinak izan baitira».

JORDAN RODASGuatemalako Giza Eskubideen prokuradore ohia

Lotsagarria da ezaugarri horietako errektore bat izatea. Ikasleek urtebete baino gehiagoz okupatu zuten unibertsitatea, eta guganako jazarpena eragin zuen, baina ustelei mozorroa kentzeko balio izan zigun guri. Gainera, unibertsitateak auzitegi konstituzionaleko bi magistratu aukeratzen ditu, eta botere handia du.

Horren ondorioz, betoa jarri zizuten, eta ezin izan zinen bozetara aurkeztu.

RODAS: Herriak Askatzeko Mugimenduak presidenteordetzarako aukeratu ninduen, eta harro eta pozik sentiarazten nau. Sistemarentzat aukera arriskutsua ginen, eta inkestetan agertzen ginen. Horregatik, estatuak berak debekatu egin zuen guk parte hartu ahal izatea.

Sententzia irmorik izan gabe, Hauteskunde Auzitegi Gorenak gure eskubideak urratu zituen, eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra ikertzen ari da kasu hori. Urtebete geroago, nik oraindik ez dakit zer egotzi didaten, eta horregatik eman nahi dut honen guztiaren berri.

Nola erantzun du nazioarteak?

SANDOVAL: Berehala. Askok erreparatu zieten Guatemalako presidentetzarako hauteskundeei: bake akordioak [1996koak] sinatu zirenetik ez dute horrelako oihartzunik izan. Zoritxarrez, nazioartean oihartzuna izateko horrelako egoera bat bizi behar izan dugu.

Hala ere, positiboa izan dela uste dut, Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak segituan erantzun dute. Jazarpena sufritu dugunok uste dugu nazioarteak muturreko ekintza gehiago egin zitzakeela, baina zituzten aukeren artean egokiena aukeratu zuten. Orain beldur naiz nazioartean ez ote duten pentsatuko urtarrilaren 14az geroztik [Arevalok kargua hartu zuenetik] dena ondo dagoela, eta ez ote garen berriro lehenagoko egoerara itzuliko. Oraindik arriskuan gaude.

RODAS: Niretzat garrantzitsua eta egokia izan da nazioartean nola erreparatu dioten. Egoeraren larritasunaz ohartarazi genuen Washingtonen eta Bruselan. Gainera, AEEren jarrerak harritu egin gintuen, beste herrialde batzuetan izan zuen jokabideagatik. Guatemalak geopolitikan duen garrantziagatik erreparatu zaio hainbeste. Eta orain eskatzen ari gara Auzitegi Goreneko eta Apelazio Auzitegiko hauteskundeei ere erreparatu diezaietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.