Lehen aldiz parte hartu du Christopher Andersenek (1976, High Point, North Carolina, AEB) Nazio Batuen Erakundearen biodibertsitateari buruzko COP goi bilera batean. Montrealen izan da (Kanada), IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoaren izenean. Andersonek naturaren askotariko balioei buruzko ikerketak koordinatzen ditu IPBESen, eta arlo horretan elkarteak egin dituen azken lanak aurkeztera joan zen, estatuetako ordezkaritzek informazio hori aintzat har zezaten negoziazioetan. Bilkura gertutik aztertu du, eta, aldeen arteko desadostasunek azken akordioa atakan jarri duten arren, ontzat jo du adostu den testua.
Akordio historikoa izan dela aipatu dute askok. Ados al zaude?
Bai, historikoa iruditzen zait, lehenengoz jasotzen delako halako akordio batean ongizatea naturaren zaintzarekin lotuta dagoela, ezin dugula gizakia naturatik banandu. Horrez gain, aitortza egiten zaie herri indigenei eta tokiko komunitateei. Akordioaren lehen esaldian Amalurra aipatzen da, askotariko mundu ikuskerez mintzo da. Horrek guztiak aldaketa paradigmatiko bat dakar. Noski, hori gauzatzea asko kostako da.
Aichiko akordioan (2010) jasotako helburuetatik bat bera ere ez da bete. Oraingoan berme gehiago daude?
Akordioaz gain, beste dokumentu gehigarri batzuk sinatu dira, eta horietako bat da Inplementazio eta Kontrol Plana. Haren bidez, estatuek erabakiko dute konpromisoak nola bete behar dituzten. Jarraibide batzuk ezarri dira. Horietako batek dio estatu bakoitzak biodibertsitatea babesteko estrategia bat aurkeztu behar duela. Presio sozialaren moduko mekanismo bat da, azkenean. Denek jakinarazi behar dute zer neurri hartu dituzten, eta denek dakite nor ari den akordioa betetzen eta nor ez.
Gainera, helburu batzuk oso zehatzak dira. Adibidez, 2030erako ongarrien kutsadura erdira murriztea, eta ingurumenari kalte egiten dieten jardueretara bideratutako diru laguntzak 500.000 milioi dolarretan —470 milioi euro— gutxitzea. Ez da izango batzuek nahiko luketen akordio eraldatzailea, baina gai honetan aurrera egiten jarraitzeko egoera hobean gaude.
Finantzaketa izan da zatiketa handiena eragin duen puntua. Azkenean, akordio bat izan da garabidean dauden herrialdeen eta herrialde aberatsenen artean. Zein izan da korapiloa?
Hemen ere bada aldaketa paradigmatiko bat. Hegoaldeko herrialdeen argudioetako bat da kontua ez dela estatu aberatsek pobreei dirua ematea, baizik eta jasan dituzten kalteak konpentsatzeko ordainez ari garela, ingurumen justiziaz. Finantzaketa nola egituratzen den eraginkortasun kontu bat da. Hegoaldeko herrialdeek diote GEF Ingurumenerako Munduko Funtsa geldoa dela, dirua ez dela behar bezain azkar iristen. Horregatik, funts bereizi bat sortzea eskatzen dute. Baina ekarpena egiten duten herrialdeek diote funts bat sortzeak denbora asko hartuko duela. Azkenean, konpromisoa da funts bat sortzea GEF barruan, eta ordainketa prozesua azkartzeko bitartekoak jartzea.
Zer ondorio ekarriko ditu?
Bada, orain bai, baliabide ekonomiko freskoak daude neurriak ezartzeko. Ez du ezertarako balio helburuak aurkezteak horiek betetzeko erremintak ez badauzkagu. Erreminta horietako batzuk teknikoak dira: nola kontrolatu betetze maila, nola egin behar diren neurketak, nola balorazioak... Baina finantza baliabideak ere behar dira. Eta lortu da konpromiso bat 2030erako urtean 200.000 milioi dolar [188.500 milioi euro] mobilizatzeko [sektore publikoaren eta pribatuaren artean].
Sona handiena izan duen puntua da 2030erako planetaren %30 babesteko konpromisoa, lur eremuan nahiz itsasoetan. Zergatik da garrantzitsua?
Biodibertsitatearentzat oso onuragarria litzateke helburu hori lortzea, baina oso garrantzitsua da baita ere puntu horretan aipatu izana herri indigenen eta tokiko komunitateen parte hartzearen beharra eta horien eskubideen babesa. Kontua ez da soilik babestutako eremuak sortzea. Kontserbazio politikek errefuxiatuak eragin dituzte askotan. Gizataldeak kanporatu dituzte, pentsatu izan delako natura babesten dela jendearen aurka. Akordio honek pertsonak biltzen ditu, eta hori funtsezkoa da.
Planetaren %30 babestea lortuta ere, bada beste %30 bat komunitate indigenen eta tokiko komunitateen esku, eta azken horrek biodibertsitate handiagoa gordetzen du babestutako eremuetan dagoena baino. Arazoa ez dugu konponduko soilik parke naturalekin. Kudeaketa partekatuan pentsatu behar dugu, gobernantza partekatuan.
Hitzaldi batean aipatu zenuen biodibertsitatearena ez dela gizakiaren eta naturaren arteko auzi bat, baizik eta praktika kultural eta sozial batzuei dagokiena.
Antropozenoa aipatzen denean, gizarte zientzietatik sarri nabarmentzen da planeta eraldatzen ari dena ez dela gizakia bera, baizik eta praktika kultural jakin batzuk. Horrek esan nahi du gure portaera aldatzeko gai garela.
Ebidentzia zientifikoek frogatzen dute zer faktorek bultzatzen duten espezieak desagertzea. Badira zuzenekoak eta zeharkakoak. Azken horien artean daude jarduera kaltegarrietara bideratutako diru laguntzak, eta akordioak konpromisoak jasotzen ditu horiek gutxitzeko. Bestalde, enpresei kontrol eta gardentasun handiagoa eskatzen zaie ingurumenari egiten dioten kaltean. Zeharkako faktore horiei heldu zaie. Ildo hori indartu egin behar da orain, kalteen erantzuleek kontu eman dezaten.
Zirriborroetan jasotako puntu batzuk leundu dira azken akordioan. Zein nabarmenduko zenituzke?
Hasieran 2030erako proposatu ziren helburu batzuk 2050erako atzeratu dira. Beste batzuetan, neurtzeko zailagoak diren xedeak ezarri dira, edo derrigorrezko izateari utzi eta borondatezko bihurtu. Hala ere, horrek ez du esan nahi helburu horiek galdu direnik. Asko akordioaren dokumentu gehigarrietan aipatzen dira, edo estatuek jasoko dituzte beren estrategietan. Akordio nagusitik kanpo gelditu arren, informazioa ez da galdu.
Biodibertsitatea aipatzen denean klima krisiarekin lotu ohi da. Itzalpean gelditzen dira aniztasun biologikoarekin lotutako beste gai batzuk?
Klima aldaketaren gaiak lortu du agenda publikoan toki oso ikusgarri bat, eta biodibertsitatea apur bat atzera gelditu da. Izan daiteke, agian, 1,5 graduren helburuari buruz hitz egitea errazagoa delako, datu argi bat baita. Berdin gertatu zen IPBESek biodibertsitateari buruzko txosten globala argitaratu zuenean [2019]: «Milioi bat espezie desagertzeko arriskuan». Baina biodibertsitatea dena da. Adibidez, akordio honek «osasun bakarra» aipatzen du, osasun arazoak eta ingurumenarena uztartuta, eta baditugu hirietako eremu berdeei eta urdinei buruzko adostasunak ere. Ikusten dugu biodibertsitatearen integrazio bat, eta agian ez da titular bat erraz emango duen horietakoa, baina ageri da Herri Lan, Osasun eta Hezkuntza ministerioetan, esaterako. Uste dut zeharkakotasun handia lortu dugula.
Christopher Anderson. IPBESeko ikerlaria
«Arazoa ez dugu konponduko soilik parke naturalekin»
Biodibertsitate galera eteteko, COP15 goi bilerako akordioa «historikoa» da, Andersonen iritziz. Herri indigenak aintzat hartu izana garrantzitsua dela uste du, eta natur eremuen gobernantza partekatua aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu