Margarita de la Rasillaren ustez (Madril, 1979), migratzaileen aurkako mezuak «ezjakintasunaren eta elkartasun faltaren» ondorio dira, eta pertsonaren duintasuna errespetatzeari garrantzia ematen dio haur errefuxiatuekin lan egiteko orduan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Espainiako adarraren kidea da, haur errefuxiatuen gaien arduraduna. Urtero EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroetan parte hartu du, Haur errefuxiatuak: gerratik, gatazkatik eta jazarpenetik alde egitea hitzaldian.
Zertaz arduratzen da UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria?
Nazioarteko erakunde bat da, eta Espainiara iritsitako errefuxiatuak babesten dituzten agintariak laguntzea da gure eginkizuna. Horrela, euren nazioarteko betebeharren arabera joka dezaten eta errefuxiatuen eskubideak errespeta ditzaten. Ni, zehazki, haur errefuxiatuei buruzko gaiez arduratzen naiz. Espainiako hamazazpi autonomia erkidegorekin eta bi hiri autonomikorekin —Ceuta eta Melilla— aritzen gara lankidetzan, eremu bakoitzeko adingabeen babes zerbitzuekin.
Adingabeen babes zerbitzua autonomia erkidego bakoitzari dagokio, eta batzuen zein besteen arteko ezberdintasunak nabarmenak dira. Bakoitzari formakuntzarik egokiena eskaintzen saiatzen gara: lan egiten duten haur migratzaile guztien artean, errefuxiatuak izan daitezkeenak errazago identifikatzen laguntzen diegu, eta beraien beharrei ahalik eta hobekiena erantzuten, izan babes juridikoa, psikologikoa edota mediku babesa.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakunderekin elkartzen naiz egunero, harremana duten zenbait adingaberekin eduki beharreko prozedura kontsultatzeko. Asiloa eskatzeko zailtasun ugari edukitzen dituzten adingabeekin ere aritzen gara lanean. Espainian Poliziak egiten dituenez asilo eskaeren elkarrizketak, gure lanaren zati handi bat Poliziarekin elkarlanean ere egiten da. Asilo prozedurarako sarbidea ahalik eta eskuragarriena izaten saiatzen gara, eta elkarrizketak zuzentzen dituzten profesionalek beharrezko formakuntza izan dezaten. Gure herrialdera iristen diren haur askok giza eskubideen urraketak jasan dituzte, eta bakoitzaren egoeraren araberako tratamendua behar dute.
Haurrekin loturiko gaietan espezializatuta egonik, familia berriz elkartzeko kasu ugarirekin ere aritzen naiz. UNHCRn interes berezia dugu familia berriz elkartzeko kasuetan, eta denbora asko eskaintzen diegu.
Nondik heltzen dira errefuxiatu adingabe gehienak?
Lehenbizi, bidaidea duten edo bidaiderik gabeko adingabeak bereiziko nituzke. Lehenari dagokionez, latinoamerikar jatorrikoak izaten dira gehienak; Venezuela, Kolonbia, Ekuador edota Nikaraguakoak, besteak beste. Bidaiderik gabeko adingabe gehienen jatorria, berriz, marokoarra izan arren historikoki, azken urteetan maliar nahiz senegaldar jatorrikoen kopurua nabarmen igo da.
«Elkarrekiko konfiantzan oinarrituriko erlazioa eduki behar da haur errefuxiatuekin»
Zer testuingurutan ulertu behar da etorkinen aurkako mezuen gorakada?
Erreakzio natural bat dela uste dut, etorkinen sorterrietan gertatzen ari denarekiko ezjakintasunean eta elkartasun faltan oinarritutakoa. Etorkinak ez dira nolanahi heltzen gure mugetara, kasu gehienetan euren bizitza arriskuan jarri behar izaten dute, nahitaez lekualdatzera behartuta baitaude. 117 milioi pertsona inguru daude munduan indarrez desplazatuta; agian, euren herrialdea uztera behartu duten arrazoiekiko ikuspegi zabalago bat eduki beharko genuke, edota kasu bakoitzaren analisi hobe bat egin. Sorterrian konponbideak bilatzea ere ezinbestekoa da, bidaia arriskutsu horiek abiatzeko obligazioa sumatu ez dezaten. Eta, noski, Espainiara heltzen direnei babesa eskaini.
Iragan apirilean onartu zuten Europako Parlamentuan Migrazio eta Asilo Ituna. Zer ondorio izan ditzake errefuxiatuen etorreran?
Bidaiderik gabeko adingabeentzat, horiek babesten dituen atzerriko legediak jarraituko du [Espainian]. Hala ere, uste dut babes internazionala eskatu behar duten etorkinen kopurua nabarmen igoko dela, eskura izan behar duten aukera izango baita Espainiara heltzean. Orduan, kasu bakoitza arretaz aztertzea tokatuko zaigu.
UNHCRk begi onez ikusi du ituna, azkenean Europako Batasuneko estatukideek elkarlanean jardun baitute oinarri batzuk adosteko. Itunaren ezarpen egokiaren alde egiten dugu, lan egiteko marjina nahiko zabala eskaintzen duelako. Espainiari dagokionez, espero dugu haurtzaroaren eskubideak errespetatzen jarraitzea, eta bidaiderik gabeko nahiz bidaidea duten haurren babesa eskaintzen duen prozedura mantentzea, orain arte bezala.
Nolakoa da heltzen diren adingabe errefuxiatuen osasun mentala? Zer baliabide eskaintzen ditu UNHCRk arlo horretan?
Espainian arazo larri bat dugu bidaiderik gabeko eta bidaidearekin datozen haurren osasun mentalarekin. Profil horietan espezializatutako psikologo nahiz psikiatra oso gutxi daude, ikuspegi transkultural batetik hasita lan egin dezaketenak. Adingabe errefuxiatuekiko psikologia ezin da landu Espainiakoekiko oinarri berberekin. Bestalde, itzultzaileekin oztopo ugari edukitzen ditugu, haurrak ulertzeko eta beraiekin komunikatzeko ezinbestekoak baitira.
Nire ustez, herrialdera heltzen direnetik beretik harrera egoki bat eginez gero —segurtasuna, informazioa edota erantzunak eskainiz—, ondoren sortzen diren osasun mentaleko arazo asko saihestuko lirateke. Dena dela, handitu beharra dago psikologoen presentzia adingabeen zentroetan, errefuxiatuek bizi izandako esperientzia guztiek eragindako emozioen kudeaketa tailerrekin batera. Guk osasun mentalarekin zuzenean lan egiten ez dugun arren, arloan espezializatutako profesionalak mobilizatzen eta laguntzen saiatzen ari gara.
Nola kudeatu behar da migratzaileen etorrera ugaritu izana?
Guk beti ematen diogu garrantzitsua pertsonaren duintasuna errespetatzeari. Elkarrekiko konfiantzan oinarrituta dagoen erlazioa eduki behar da haur errefuxiatuekin: entzuten jakin, babesa eskaini eta norbanakoaren baldintzak ulertu. Frogatuta dago harrera duin batek etorkizuneko hainbat arazo saihesten dituela, eta kokaleku berriko gizarteratze prozesua errazten duela. Tratamendu hori ez bada heltzen direnetik beretik ematen, arazo ugari ekarriko ditu ondoren.