Italiako Gobernu ultraeskuindarrak erabaki du errefuxiatuei 2020tik aurrera emandako babes berezia bertan behera uztea eta larrialdi egoera ezartzea immigrazioaren alorrean, eta horrek protesta ugari piztu ditu.
Alkateek ere kontra egin diete Meloniren gobernuaren erabakiei. Aste gutxitan, hirugarren aldia da zentro-ezkerrak gobernatzen dituen hiri handi batzuetako agintariek gobernua kritikatu dutena —Erroma, Milan, Turin, Napoles, Florentzia, Bologna—: lehenik, gobernuak prefekturei agindu zienean bikote homosexualen seme-alabak erregistro zibilean ez inskribatzeko; bigarrenik, gobernuak mehatxu egin zienean maizterren sindikatuen proposamenak onartu zituzten alkateei, hain zuzen ere, herritarrei etxe eskubidea bermatzearen alde egin zutenei; eta, orain, immigranteen aurkako azken neurriak hartu ondoren. Araudi berriaren ondorioz, immigranteak «mamu» bihurtzeko arriskua dago, eskubiderik gabeko eta klandestino.
BERRIAk Matteo Biffoni ANCI Italiako Udalen Elkarte Nazionaleko immigrazio ordezkariari eskatu dio azaltzeko zergatik dauden alkateak Giorgia Meloniren politikaren aurka. Biffoni PD Alderdi Demokratikoko kide da, eta Prato hiriko alkatea; Toscanan dago Prato, eta Italian atzerritar gehien bizi den hiria da —txinatarrak, batez ere—.
Alkateak gobernuaren zer neurriren aurka daude bereziki?
Italian, Espainia bezala, ontzi asko lehorreratzen dira, eta, zoritxarrez, azken gobernuen politiken ondorioz, tresna desegokiekin kudeatu behar dugu errefuxiatuen joan-etorria; gainera, gero eta gehiago etortzen dira, itsasoz edo ipar-ekialdeko muga legez kanpo zeharkatuta. Egiturazko fenomeno bat —immigrazioa— larrialdi bat balitz bezala kudeatzen denez, dagoeneko ez gara gai zentzuz eta modu eraginkorrean kudeatzeko. Oraingo gobernuak erabaki okerrak hartu ditu: besteak beste, babes berezia kendu die errefuxiatuei; udalerriei finantzaketa kendu die, batez ere bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrentzako finantzaketa; harrera zaildu egin du, larrialdi egoera ezarrita eta errefuxiatuak kanpadendaz betetako kanpamentu handietan pilatuta. Neurri horiek arazo handiak sortzen dituzte lurraldeetan, eta zailtasunak jartzen dizkiete kudeatu behar duten alkateei.
Beraz, funtsean praktikoa da gobernuaren politiken aurkako jarrera?
Bai. ANCIk egindako kritikak horri heltzen dio, gobernuaren neurriek eragingo dituzten alderdi praktikoei eta ondorio negatiboei. Alkate garen aldetik, gure betebeharra da harrera lurraldeetara arazorik sortu gabe iristen direnak duin hartzea. Lurralde horiek gai ez badira fenomenoa kudeatzeko, tentsioak sortzen dira herritarrekin. Gero, gutako bakoitzak, bere filiazio politikoaren arabera, pentsaera bat edo beste dauka immigrazioaz: batzuen ustez, zoritxar bat da, eta, beste batzuen ustez, berriz, fenomeno estruktural bat.
Alkate garen aldetik, ordea, guk zera diogu, migrazioa ez dela desagertuko eta, beraz, tresna egokiak aurkitu behar ditugula egoera ahalik eta ondoena kudeatzeko.
Immigrazioaren inguruko zer beharri erantzuten dio larrialdi egoerak?
Eskuinak hitzeman zuen immigrazioa geldiaraziko zuela. Apirilaren 15erako, ordea, 32.000 iheslari iritsi ziren itsasoz; 2022an, berriz, 8.000 iritsi ziren. Fenomenoa kudeatu ezinik dabiltza, eta, beraz, ezarri duten larrialdi egoerak gobernuari aukera ematen dio legea hausteko: esate baterako, kanpadendaz betetako kanpamentu handiak irekitzeko edo erabiltzen ez diren biltegiak eta karpak hornitzeko. Larrialdi planteamendu horrek ez ditu konpontzen arazoak.
ANCIk neurri alternatiboak proposatu ditu?
Jakina, baina ez ziguten entzun. Proposatu genuen bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrentzako 4.000 plaza berri sortzea, eta ezetz esan ziguten, eta ad personam erregularizazioa ere, Katalunian dagoeneko probatutakoa, atzera bota zuten, baita udalerrietan harrera orokorra mantentzea ere.
Zer irakatsi behar die gainerako herrialdeei Prato bezalako hiri batek, kontuan harturik bertan dela Italiako etorkinen ehunekorik handiena?
Irtenbide baino arazo gehiago dakar immigrazioa larrialdi baten moduan kudeatzeko era horrek, eta horren alternatiba da Prato eredua. Iristen direnei bermatu egin behar zaizkie eskolatzea, herritartasun zerbitzuak eta abar. Pratoko atzerritar tasa Italiako batezbestekoa halako bi da, baina ahalegin handia egin dugu funtzionatuko duen harrera sistema sendo bat sortzeko. Emaitzak lortzeko, egiturazko erantzunak eman behar zaizkio immigrazioari, eta ez larrialdi bateko arauak ezarri. Hala ere, immigranteen etorrera legala eta kudeatzeko modukoa izan dadin, lege nazionala aldatu behar dugu,Bossi-Fini legea.
Matteo Biffoni. Pratoko alkatea
«Arazo gehiago dakar immigrazioa larrialdi modura kudeatzeak»
Meloniren migrazio politiken aurkako kritikak plazaratu dituzte zentro-ezkerreko zenbait alkate nabarmenek Italian. Biffoniren esanetan, immiganteak «mamu» bihurtzeko arriskua dakarte gobernuaren neurriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu