Kataluniako hezkuntza sisteman murgiltze eredua bermatzea asmo duen legea adostu eta proposatu zuten ERC Esquerra Republicanak, PSCk, JxC Junts Per Catalunyak eta Comukoek duela bi aste, eta Kataluniako Parlamentuak atzo onartu zuen. Pere Aragones Generalitateko presidenteak osoko bilkuran nabarmendu zuenez, Katalunian «kohesio soziala» babesteko tresna bat da akordioa. Ganberaren %76ren babesarekin onartu zen ituna, eta honela dio: katalana «komunikazio hizkuntza» izango da, eta gaztelera, berriz, «hizkuntza kurrikularra».
Estatutu Bermeen Kontseiluak berak ontzat emandako lege proposamenaren kontra bozkatu zuten Voxeko, Ciutadanseko eta PPCko parlamentariek. Hiru alderdiek jakinarazi zuten helegitea jarriko diotela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Eskuin muturrekoen parlamentuko bozeramaile Joan Garrigak iragarri zuen, gainera, kereila bat jarriko dutela «sententzia bete ez dutenen kontra».
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2020ko abenduan murgiltze ereduaren aurka kaleratutako epaiaz ari zen. Horrek behartzen du eskolen %25 gazteleraz ematera, baina parlamentuak onartutako akordioak ez du portzentajerik aipatzen. Voxek, Ciutadansek eta PPCk eskatuta Estatutu Bermeen Kontseiluak —Generalitatearen kontsultarako organo bat da— osatu eta herenegun kaleraturako ebazpenak nabarmentzen duenez, ordea, itunak ez ditu urratzen ez Espainiako Konstituzioa, ez Kataluniako Estatutua; eta zehazten du, gainera, konstituzioa eta estatutua aintzat hartuta portzentaje bat ez dela elementu loteslea legea osatzen duenarentzat.
«Azken urteetan egondako arriskuei erreparatuta, Kataluniako hezkuntzaren ardatz egituratzaile gisa kokatu dugu katalana», adierazi zuen Generalitateko presidenteak, legea defendatzeko. Aragonesek eta Salvador Illak elkar zoriondu zuten osoko bilkura bukatzean, eta PSCko lehen idazkariak azpimarratu zuen nahiko lukeela onartutako lege proposamena «abiapuntu bat» izatea «ezberdinen arteko kontsentsuak» lortzeko bidean.
Alderdi bakoitzak interpretazio bat eman dio legeari. PSCko diputatu Esther Niubok negoziazioetan parte hartu zuen, eta atzo nabarmendu zuen legeak aitortzen duela gazteleraren erabilera gaztelerazko ikasgaitik haratago eramatea, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari «desafio» egin gabe. JxCren talde parlamentarioko buru Albert Batetek deitu zuen bat egiten jarraitzera, «justiziaren atzaparrak eskolatik atera daitezen». Nabarmendu zuen, era barean, irakasle taldeei «tresna egokiak» eman behar zaizkiela, «politikaren obligazio bat» izan beharko litzatekeela hori, modu horretan nerabeen hezkuntza babesteko.
Comukoen diputatu Jessica Gonzalezek eskatu zuen hizkuntza «konfrontaziotik» babestea, eta Jessica Albiach Catalunya en Comu-Podemen talde parlamentarioko liderrak nabarmendu zuen katalana ez dela independentisten «ondarea», eta gaztelera ez dela «eskuin espainolistarena». Iruditzen zaio akordioa ona dela «aukera berdintasunerako».
CUPen ezezkoa
Kataluniako Gobernuak legegintzaldi honetan —iazko maiatzean hasi zen— hartutako erabakietako batzuk babestu ditu CUPek, bainakasu honetan lege proposamenaren aurka bozkatu du. Carles Rieta diputatuak esan zuen «lardaskeria bat» dela, «amore emate bat» Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurrean, eta, gaztelera hizkuntza kurrikular gisa «ofizializatu» duenez, atea irekitzen diola «elebitasunari eta eskola segregazioari».
Hain zuzen, Estatutu Bermeen Kontseiluak azpimarratu du lege proposamenak planteatzen duela «gazteleraren erabilera handiago bat hezkuntza sisteman», Kataluniako Hezkuntza Legeak eta Hizkuntza Politikarako Legeak aurreikusitakoarekin alderatuta, «esplizituki» jasotzen baitu haren erabilera kurrikularra.
Era berean, ikusteko dago Estatutu Bermeen Kontseiluak zer ebatziko duen Generalitateak hizkuntza proiektuen legezkotasunaren ardura bere gain hartzeko onartutako dekretuaz.
Aragonesen ustez, «kohesio soziala» babesteko tresna bat da murgiltze eredurako legea
Kataluniako Auzitegi Nagusiak murgiltzearen aurka hartutako epaiari aurre egiteko legea onartu du parlamentuak. Voxek, Ciutadansek eta PPCk helegitea jarriko diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu