KATALUNIA

Aragonesen proposamena: erreferendumera deitzea konstituzioa baliatuz

Generalitateko presidentearen esanetan, posible da galdeketa batera deitzea egungo legediarekin. «Borondate politikoa» eskatu du. PSOEk berretsi du hori ez dela beren «bide orria».

Pere Aragones, gaur, Autogobernu Ikerketen Institutuaren txostenaren berri emateko agerraldian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Pere Aragones, gaur, Autogobernu Ikerketen Institutuaren txostenaren berri emateko agerraldian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 2a
14:00
Entzun

Pere Aragonesek proposatu du Espainiako Gobernuarekin adostuta errerendum batera deitzea, horretarako Espainiako Konstituzioaren 92. artikulua baliatuz. Autogobernu Ikerketen Institutuari auzi horri buruz eskatutako txostenaren berri eman du gaur Kataluniako Gobernuko presidenteak, eta Generalitatearen organo horrek bide horri jarraitzea eta galdeketan galdera hau egitea planteatzen du: «Nahi duzu Katalunia estatu independente bat izatea?». Aragonesen esanetan, «argiak» dira txosteneko ondorioak. «Independentziari buruz bozkatzea posible da egungo legedia aintzat hartuta», azpimarratu du txostena aurkezteko egindako agerraldian. ERC Esquerra Republicanaren presidentegai ere badenaren iritziz —maiatzaren 12an egitekoak dira Kataluniako Parlamenturako bozak—, «borondate politikoa» behar da horretarako.

92. artikuluak hau dio: «Garrantzi berezia duten erabaki politikoen inguruan kontsulta egin ahalko da erreferendum bidez, eta herritar guztiek parte hartu ahalko dute». Zehazten du, gainera, gobernuko presidenteak proposatu eta Espainiako erregeak deitu beharko duela, behin Kongresuak horretarako baimena eman ondoren. Hain zuzen, PSOEk eta JxC Junts Per Catalunyak azaroan sinatutako akordioan jasota dago erreferendum bat egitea proposatuko duela JxCk, 92. artikulua oinarritzat hartuz. PSOEk esana du ez duela erreferendumik negoziatuko, eta Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak berretsi egin du gaur, argudiatuta hori ez dela «inondik inora» gobernuaren «bide orria». Aragonesek gogoratu du, ordea, PSOEk amnistia negoziatzeari ere uko egiten ziola hasieran.

Erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko, alde guztiek argitasun akordio bat egitea proposatu zuen Aragonesek 2022ko irailean. Horren ondoren, Generalitateak aditu talde bati eskatu zion osatzeko txosten bat, eta hartan zehazteko zer aukera zeuden Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak konponbide bat adosteko. Bost aukera planteatu zituzten urrian, eta horietako bat zen Espainiarekin erreferendum bat adostea. Hori lehenetsi zuen Aragonesek, eta txosten bat eskatu zion Autogobernu Ikerketen Institutuari, Joan Ridao ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusi ohia (2008-2011) buru duen organoari, helburu izanik erreferendum batera deitzeko «tresna juridiko zehatzak» identifikatzea.

Gutxienekorik gabe

Aragonesek urrian adierazi zuen «Eskoziako bidea» ibiliko zuela. Eta, hain zuzen, Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumean bezala —2014an egin zuten—, Autogobernu Ikerketen Institutuak planteatzen du emaitza indarrean sartzeko ez litzatekeela beharrezkoa ez gutxieneko parte hartze bat egotea, ez baiezkoak gutxieneko portzentaje bat biltzea. Horren harira, aintzat hartu behar da ERCk 2023aren hasieran onartutako txosten politikoan proposamen bat bildu zutela zeinaren arabera erreferendum baten emaitzak indarrean sartzeko beharrezkoa izango bailitzateke parte hartzea %50ekoa izatea gutxienez, eta baiezkoak botoen %55 biltzea gutxienez.

Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako agerraldi batean, Alegriak esan du «adiskidetzearen bidea» defendatzen dutela «kataluniar gehienek». Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak duela bi aste kaleratu zuen urteko lehen barometroa, eta, haren arabera, lau kataluniarretik hiruk erreferendum baten bidez erabaki nahi dute herrialdearen etorkizuna.

ANNA NAVARRO: PUIGDEMONTEN BIGARRENA

Anna Navarro izango da Carles Puigdemonten bigarrena, maiatzaren 12an egitekoak diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan Junts + Puigdemont Per Catalunya aurkeztekoa den zerrendan. Hori jakinarazi du gaur JxC Junts Per Catalunyak. Kaleratu duen oharraren arabera, Navarro «mundu zabaleko erreferente bat da teknologia berrien eremuan». Aspalditik ari da Silicon Valleyn lanean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.