Diada

Aragonesen oharra Espainiako Estatuari: «Amnistia ez da ezeren amaiera izango»

Lore eskaintza egin du Kataluniako Gobernuak goizean. Arratsaldean dira urteroko manifestazioa egitekoak, Bartzelonan.

Kataluniako Parlamentuko presidente Anna Erra eta Parlamentuko Mahaiko kideak, lore eskaintzan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko irailaren 11
10:31
Entzun

Irailak 11 dituen aldiro, Kataluniako banderek mukuru betetzen dituzte kaleak. Diada da gaurkoa, Kataluniako aberriaren eguna. Bartzelonako Rafael Casanovaren omenezko oroitarrian lore eskaintza eginez hasi dute eguna. Bertan izan dira, besteak beste, Kataluniako Gobernuko kargudunak; ondoren, Els Segadors kantatu dute.

Pere Aragones Generalitateko buruak oharra egin dio Espainiako Estatuari: «Amnistia ez da ezeren amaiera izango, baizik eta bidea urratzeko beharrezko lehenengo pausoa». ERC alderdiak arratsaldean eginiko ekitaldi politikoan egin ditu hitzok presidenteak. Kataluniak bere etorkizuna bozkatu beharko duela gaineratu du. «Herria adinez nagusia da». Beraz, haren arabera, Kataluniak aurrera egin behar du behin betiko erreferendumera, zeina estatu bihurtzeko nazioartean onarturiko galdeketa izango den.

Arratsaldeko manifestazioaren irudiak zuzenean ematen ari dira, streaming bidez.

Aragones bera parte hartzen ari da manifestazioan, eta «independentzia» aldarrikatzen ari da.

ANC Biltzar Nazional Katalana ere goizeko lore eskaintzan izan da. Biltzarreko presidente Dolors Feliu —elkarrizketa bat eman berri dio BERRIAri—. Diada eguna izanik, Kataluniako alderdiei Espainiako Kongresuko negoziazioetan tinko eusteko eskatu die. Zehazki, ERCk eta Junts Per Catalunyak inbestidurako hautagaiari baietzik ez emateko, «ez bada argi eta garbi independentzia egiteko». Arratsalderako antolatu du ANCk Diadako manifestazioa, Bartzelonan, eta bertan parte hartzera deitu du Feliuk.

Omnium Culturaleko presidente Xavier Antichek Espainiako Estatuak Kataluniarekin duen «arazoa» izan du hizpide omenaldian. Galdegin dio «autozuzenketa» egitea amnistiari dagokionez. «Independentismoak mobilizatuta irauten du konponbide demokratikoa exijitzeko», esan du Antichek. Presidenteak esan du amnistia legeak zigorturiko, epaituriko edo ikerturiko 1.432 pertsonari ezarri beharko lieketela, gutxienez. Gogoratu du, denera, 4.400 pertsona baino gehiago jazarri dituztela azken urteotan. Amnistia «lehen urratsa» baino ez litzatekeela gaineratu du.

Errepublikako Kontseiluko bozeramaile Toni Castellak amnistia eta autodeterminazioa inbestidurarako baldintza gisa aldarrikatu ditu. Gehitu du konfrontaziorik gabeko negoziazioek ez dutela emaitzarik.

Ikusi gehiago:Xavier Antich: «Amnistia zera da: gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko abiapuntua»

Alderdiek ere lore eskaintza aprobetxatu dute beren borondatea erakusteko. ERCko bozeramaile Marta Vilaltak indar independentistak deitu ditu «konplizitate, kontsentsu eta koordinazio guztiz» lan egitera inbestidurako negoziazioei begira. Alderdiko presidente Oriol Junquerasek «amnistia, autodeterminazioa eta independentzia» aldarrikatu ditu.

Atzo, Pere Aragones Kataluniako presidenteak adierazpen instituzionala egin zuen TV3 katean. Bertan adierazi zuen amnistiak berez ez duela «konpontzen estatuarekin dagoen subiranotasun gatazka», eta irtenbidea erreferendumean datzala. Inbestiduraren bezperan, haien posizioa berretsi zuen Aragonesek: «Amnistiaren aldeko urrats erabakigarriak egitera behartzen ari gara [Espainiako] Estatuko Gobernua. [Amnistia] Ezinbestekotzat eta saihestezintzat hartzeko». Hala, soil-soilik «gatazkan» zentratutako negoziazioen alde agertu zen.

Ikusi gehiago:Pere Aragones: «Juntsen esku dago ERCrekin koordinaturik negoziatu edo ez»

PSCko buru Salvador Illaren ustez, Diada «katalanen izateko eta elkarrekin bizitzeko borondatea berresteko abagunea» da. CUPeko Kataluniako Parlamentuko bozeramaile Eulalia Reguantek, Madrilgo negoziazioei bainoago, bertakoari eman dio garrantzia gaur: «Nahikoa da [Espainiako] Kongresuan edo Madrilen eskean ibiltzetik: garrantzitsuena ez da han gertatzen dena, baizik hemen egiten duguna eta gertatzen dena».

Arratsaldean, manifestazioa

Arratsalderako deitu du ANC Biltzar Nazional Katalanak Diadako manifestazioa, Bartzelonan, Omnium Culturalen eta Errepublikako Kontseiluaren laguntzarekin. Ohitura den bezala, 17:14an hasiko da. Lau giza zutabe abiatuko dira, bata Justiziaren Hiritik, bestea Proa Eskolatik, bestea Santseko geltokitik eta laugarrena Ogasuneko egoitzatik, eta Espainia plazan elkartuko dira. «Kataluniako Errepublikak izango dituen oinarrizko balioak» ordezkatuko dituzte laurek, ANCren arabera: «hizkuntza, askatasuna, subiranotasuna eta herrialdea». Via Fora! leloa du aurtengo manifestazioak; defentsara deitzen duen Erdi Aroko adierazpide bat da.

Goizeko lore eskaintzan izan da Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, eta arratsaldeko manifestazioan ere izango da. Iaz ez zen bertan izan, «alderdi politikoen kontrakoa» zelako manifestazioa, eta ez «Espainiako Estatuaren aurkakoa». Aurten, ordea, Espainiako Gobernuari «presio egitera» bideratu dute mobilizazioa, helburua zein den argi utzita: «herrialdearen independentzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.