Pere Aragones Generalitateko presidenteak agur erran dio politikaren lehen lerroari. ERCk «oso emaitza txarrak» izan dituela onartu du, eta, beraz, ez duela Kataluniako Parlamentuko diputatu akta hartuko. Alderdiaren zuzendaritzak bilera egin du gaur goizean, eta horren ostean eman du Aragonesek erabakiaren berri. Dena den, jarduneko presidente lanetan jarraituko duela zehaztu du, alderdiarekiko eta herriarekiko duen «arduragatik».
Bere gain hartu du hamahiru legebiltzarkide galtzearen ardura: 2021eko bozen aldean, 178.000 boto galdu ditu, eta 2017koen aldean, 508.000. Gainbehera hori, baina, PSCren eta Juntsen «etengabeko blokeoari» ere egotzi dio. Gehitu du «gehiengo independentista» galdu egin dela, eta Kataluniak «eskuinerantz» egin duela.
Nuria Parlon PSCko zuzendaritzako bozeramaileak ere adierazpenak egin ditu, eta erran sozialistei dagokiela «Kataluniako etorkizunaren buru izatea». Hortaz, alderdi guztiekin elkarrizketak abiatuko dituztela iragarri du, «gorro diskurtsoak sustatzen dituztenekin» izan ezik.
Argitu du Katalunian agintzeko modu hoberena alderdi progresisten arteko akordio bat dela, baina ez dutela baztertzen gutxiengoan agintzea; beti ere aldian aldiko akordioak kontutan izanda. Eredu «erakitzaile» baten alde eginen dutela azaldu du Parlonek: «Madrilgo gobernagarritasuna mehatxatzen badu ere, ez dugu Puigdemont babestuko».
Izan ere, Carles Puigdemont Juntseko hautagaiak gaur baieztatu du inbestidurara aurkeztuko dela. «Gehiengo koherente bat bildu dezakegu, ez absolutua, [Salvador] Illarena baino zabalagoa. Hautagai sozialistaren aukerek PP hartzen dute barne, nahitaez», borobildu du. Juntsekoak bigarren indarra dira –35 eserlekurekin–, PSCren gibeletik –42 dituzte sozialistek–. Gogoratu du alderdi subiranistek 55 eserleku dituztela –Juntsek, 35, eta ERCk, 20–, eta bertze talderen batekin agindu dezaketela. Sozialistek, ordea, ERC behar dute, bien artean eta Comuns Sumarrekoen eserlekuak gehituta soilik baitituzte 68 eserleku –gehiengo osoa–.
Aurreratu du ERCrekin harremanetan jartzen hasiak direla dagoeneko, eta zehaztu Juntsek ez duela akordiorik eginen sozialistekin: «Oraindik urrun gaude [ERCrekin] negoziazio esparru bat ezartzetik, baldin eta horretarako aukerarik badago». Halere, Aragonesek erran du sozialistek eta Juntsek emaitzak hobetu dituztela, eta haiei dagokiela gobernuan egotea. «Herritarren erabakia onartzea erabaki dugu: oposizioan egotea dagokigu. PSCk eta Juntsek ulertu beharko dute elkar, eta egoera hau kudeatu».
Katalunian egindako akordioek Espainiako Gobernuan zer eragin izango duten galdetuta, Puigdemontek argitu du hurrengo presidentearen inbestidura saioan gertatzen denak baldintzatuko duela JxC Junts per Catalunyak Espainiako Gobernuari eskainiko dion babesa. Izan ere, azaldu du PSCk PP «besarkatzen» badu JxCk eta PSOEk Madrilen duten akordioa «zentzurik gabe» geldituko dela. «Ezin dut imajinatu PSCk akordio jakin batzuk PPren babesarekin aplikatzea». Haren hitzetan, PP alderdi «hain gaiztoa» da, ezen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari agintean jarraitzea plantearazi baitzion.
Akordio gosea
Bien bitartean, Comuns Sumarrekoak prest daude ezkerreko gobernua osatzeko PSCrekin eta ERCrekin. Hala adierazi zuen atzo Jessica Albiach Comuns Sumarreko hautagaiak, eta hala berretsi du gaur David Cid taldeko bozeramaileak. TV3 katean egindako elkarrizketa batean zehaztu du «espero» zituzten emaitzak lortu dituztela –sei eserleku lortu dituzte, 2021ekoen aldean bi galduta–: «Gure emaitzen analisi kritikoa egin beharko dugu».
Zehaztu du bere taldeak lan eginen duela ezkerreko gobernu bat izatea errealitate bilakatu dadin, eta, atzo gaueko emaitzak ikusita, hiru aukera posible bertzerik ez du ikusten: PSC, ERC eta Comuns Sumar taldeen arteko akordioa; PSC eta Junts alderdien artekoa; edo hauteskundeak berriz ere egitea. Erran duenez, orain legebiltzarrean ez dagoela gehiengo independentistarik, eta, hortaz, akordio bat negoziatzeko «borondatea» dute.
Bide horretatik mintzatu da Monica Garcia Espainiako Gobernuko Osasun ministroa, eta erran hauteskundeek «gobernu progresista bat» izateko aukera ematen dutela; hala, zehaztu du Comuns Sumar «funtsezkoa» izanen dela horretan. Salvador Illa PSCko burua zoriondu du.
PPko hautagai Alejandro Fernandezek, berriz, adierazi du ez duela PSCren gobernua babestuko: «Ez dugu parte hartuko Katalunian eta Espainiako gainerako herrialdeetan separatismoak giltza izatea ekarriko duen ezein operazio politikotan. Illari gure botoak eman, gero Pedro Sanchezek [Carles] Puigdemontekin dituen akordioekin jarrai dezan; hori ez da gertatuko».
Espainiako telebista publikoan egin diote elkarrizketa Fernandezi, eta pozik agertu da lortutako emaitzen inguruan. Hamabost eserleku lortu dituzte, 2021ean baino hamabi gehiago. «Atzo, Ciudadanosi botoa eman zioten 22.000 kataluniarrei dei egin nien. Ziur gaude badela modurik proiektu konstituzionalista irabazle bat berreraikitzeko, bere garaian Ciudadanos izan zena eta gaur egun Kataluniako PP ordezkatzen duena», zehaztu du. Izan ere, PPren gorakadarekin batera iritsi da Ciudadanosen gainbehera: sei eserleku zituzten orain dela lau urte, eta guztiak galdu dituzte.
Ponsati ere badoa
Kataluniako politika «iraultzeko» sortu zuten Alhora alderdia Clara Ponsatik eta Jordi Grauperak. Ordea, ez dute eserleku bakar bat ere lortu, eta Ponsatik gaur bertan iragarri du utzi eginen duela lehen lerro politikoa. X sare sozialaren bidez –lehen Twitter– egin ditu adierazpenak: «Proiektu independentista krisi handi batean dago, eta ez dugu jakin jendea konbentzitzen Alhoran baditugula ideiak hori aldatzen hasteko».
Zehaztu du atzoko emaitzak ikusita «birplanteatu» egin beharko dutela zein izanen den proiektuaren etorkizuna, eta uste duela bere egitekoa lehenbiziko lerrotik urrun dagoela. Halere, zehaztu du beharrezkoa dela planteatzea «borroka» horrekin nola jarraitu ahal den: «Gauza bat argi dago: ezin dugu [independentismoaren] borroka hau atzean utzi».
Euskal Herritik ere babesa
Andoni Ortuzar EBBko lehendakariarena izan da Euskal Herriko lehenbiziko erreakzioa. Ortuzarrek Junts eta PSC zoriondu ditu: «Politikaren, elkarrizketaren eta desberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasunaren garaia da». Gehitu du atzoko bozek «Kataluniako politikaren konplexutasuna» erakusten dutela.
Eneko Andueza PSEko buruak, berriz, «emaitza historikoa» lortu izanagatik zoriondu zituen alderdikide katalanak. «Kataluniak aldi berri bat irekitzen du. Orain kataluniar guztientzat agintzeko garaia da».