Bi egun nahikoa izan dituzte Kataluniako gobernukideek Diadaren ondorena euren arteko desadostasunekin estaltzeko. Herenegun, Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Kataluniaz aritzeko eratutako elkarrizketa mahaian parte hartuko zuela iragarri zuen, eta mahai hori gaur bilduko dela jakinarazi. Krisia lehertu zen atzo mahaiaren bestaldean, eta Pere Aragones Kataluniako presidenteak bilera horretatik kanpo utzi zituen JxC Junts per Catalunyako kideak. Horrenbestez, Aragones bera, Laura Vilagra Presidentetza kontseilaria eta Roger Torrent Enpresa kontseilaria izango dira Generalitatearen ordezkariak.
JxCk bileran mahaikide izateko egindako aukeraketan du oinarria erabakiak, nahiz eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyaren eta bien arteko eztabaida aspalditik egon gaiztotuta. Jordi Puignero presidenteordeaz gain, Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusia, Jordi Turull JxCko presidenteordea eta Miriam Nogueras JxCren Espainiako Kongresuko bozeramailea dira alderdi horrek presidenteari proposatutakoak. Espainiako Gobernuak ekainean indultua eman zienetako bi dira Sanchez eta Turull, eta haiek biek eta Noguerasek Generalitatetik kanpo dituzte karguak. Arrazoi horrengatik, berehala baztertu zituen Aragonesek haien izendapenak, gobernuaren batzorde exekutiboan. Bilera eten behar izan zuten, JxCko kideek eskatuta, Nació Digital atariak zabaldu zuenez. Berrartu zuten berriz, baina desadostasunek bere horretan jarraitzen zuten.
Ordu gutxira azaldu zen Aragones prentsaren aurrera, erabakia arrazoitzera eta mahaian parte hartuko dutenen izenak iragartzera. Negoziazio mahaian «gobernuaren ordezkariek» egon behar dutela azaldu zuen, hori baita «herrialdea bere osotasunean ordezkatzeko» modua, haren esanetan: «Kataluniaren aldean herrialdeko instituzioek egon behar dute, ez alderdiek, zeinek parte hartzeko beste hainbat espazio baitituzte».
Presidenteak defendatu zuen JxCrekin egindako akordioan jasota zegoela soilik gobernuko kideek parte hartuko zutela mahaian. Halaber, JxCren proposamenaren berri izan zuen modua ere kritikatu zuen: «Ez da onargarria, presidentea naizenez gero, halako proposamen bat hedabideen bidez ezagutzea. Uste dut zintzotasunez aritu behar dugula». Nabarmendu zuen inork ez daukala «betorik» elkarrizketa mahaian parte hartzeko, betiere gobernuko kide baldin bada, eta printzipio hori onartzen duten gobernuko kideak aurrerago mahaikide gisa onartzeko prest agertu zen: «Atea irekita egon da, irekita dago, eta aurrerantzean ere irekita egongo da».
Adostu zutenaren inguruan ere ez daude ados ERC eta JxC, ordea. Sanchezek ukatu egin zuen gobernu akordioak jasotzen zuela mahaiko partaideek kontseilariak izan behar zutela. Akordioaren zati bat erakutsi zuen Twitterren, bere alderdiaren posizioa arrazoitzeko: «Ordezkaritza kontsentsu bidez aukeratuko da, eta gobernuak izendatuko du, proiektu independentistaren pluraltasuna ordezkatzeko borondatez. Gizartearen %80k babesten dituen autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko kontsentsuak ordezkatu eta defendatzeko borondatea izango du».
Aragonesen arabera, bi akordio egin zituzten gobernukideek. Lehenengoak egun presidente denaren inbestidura ahalbidetu zuen, eta horrek ez zien mugatzen elkarrizketa mahaian parte hartzeko aukera gobernutik kanpoko kideei. Bai, aldiz, uztailan egindako «ahozko akordio» batek.
Sanchezek, Aragonesen erabakia baloratzeko geroago egindako agerraldi batean, ukatu egin zuen bigarren akordio hori izan zenik, eta gogoratu zuen ERCk joan den maiatzean esan zuela Oriol Junqueras presidenteorde ohia mahai horretan izatea nahi zuela.Goizean aurkeztutako ordezkaritzari eutsiko diotela ziurtatu zuen, eta gobernutik haragoko kideak mahaian parte hartzearen alde agertu zen: «Ez da gobernuen arteko gatazka bat, herrialdeen arteko gatazka bat baizik».
Aragonesen erabakia Madrilek baldintzatu duela esan zuten JxCko iturriek, eta hala iradoki zuen Sanchezek ere. «Eztabaidari ekiteko Espainiako aldearen borondate eta baldintza falta» agerian uzten duela azpimarratu zuen. «Moncloak eta Pedro Sanchezen gobernuak betoa jarri diote Kataluniako ordezkaritzaren zati bati, ez daudelako prest amnistiaren eta autodeterminazioaren gaiari heltzeko»,gaineratu zuen.
Madrilen «babesa»
Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikarako ministroak esan zuen ez zuela baloraziorik egingo mahaia osatuko duten kideen inguruan, baina «gobernuen arteko mahai bat» dela nabarmendu zuen, eta, beraz, Kataluniako aldearen ordezkaritzan Generalitatetik kanpoko kideak izatea ez lukeela onartuko Madrilek. Horregatik, «babesa» agertu zion Aragonesen erabakiari.
Espainiako Gobernuko presidentearekin Bartzelonara joango direnen izenak ere iragarri zituen Madrilek; Presidentetza ministro Felix Bolaños, Kultura eta Kirol gaietarako ministro Miquel Iceta, Garraio ministro Raquel Sanchez, Lurralde Politikarako ministro Isabel Rodriguez, presidenteorde eta Lan ministro Yolanda Diaz, eta Unibertsitate ministro Manuel Castells.
Sanchezek erreferendumean ez zentratzeko eskatu zien herenegun independentistei, hori haren aldearentzat «onartezina» delako eta eztabaida horretan trabatzeak «frustrazioa» eragin besterik ez lukeelako egingo. Inolako galdeketarik ez duela onartuko argi utzi zuen Sanchezek, behin gobernuen artean ados jarri eta gero baitagokie herritarrei horren inguruan bozkatzea, azaldu zuenez.
Aragonesek gaurko elkarrizketa mahaiko bileratik kanpo utzi du JxC
Presidenteak ez ditu onartu JxCk mahairako proposatutako kideak, horietatik hiru gobernutik kanpo daudelako. JxCk ordezkaritzari eutsi dio, eta esan du ez duela urratzen ERCrekin egindako akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu