Katalunia

Aragonesek ez du parte hartuko Diadako manifestazioan

Generalitateko presidenteak argudiatu du ez dela «koherentea» ANCren mobilizaziora joatea, «alderdi politikoen kontrakoa» delako eta «ez Espainiako Estatuaren aurkakoa». Talde antolatzailearentzat, gobernuburua ez dago «independentziarekin inplikatuta».

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, artxiboko irudi batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
ander perez zala
2022ko irailaren 2a
12:42
Entzun

Diadako manifestazioaren antolatzaileen «planteamendua» kontuan hartu ostean, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak erabaki du ez parte hartzea egun horretako manifestaldian —hilaren 11koan—, argudiatuta ez dela «koherentea» hori egitea. Gobernuburuaren iritziz, mobilizazioa «alderdi politikoen kontrakoa» da, eta ez «Espainiako Estatuaren aurkakoa», eta, beraz, ez du zentzurik hor izatea, herritarrak eta indar politikoak eta erakundeak aurrez aurre jartzen dituelakoan.

Generalitateko iturriek Kataluniako hedabideei azaldu dietenez, Aragonesek uste du ANC Biltzar Nazional Katalanaren planteamenduak indar subiranisten zatiketan sakontzen duela, eta hori ez da gobernuburuaren gustuko estrategia bat. Kontrara, Kataluniako Gobernuko beste kontseilari batzuek manifestazioan parte hartuko dute; tartean, Jordi Puignero presidenteorde eta Juntseko buruzagietako bat, gaur jakinarazi duenez.

Jordi Turull alderdi horren idazkari nagusiak ere mobilizazio horretan parte hartuko zuela iragarri zuen atzo Catalunya Radio irratian, eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoak gauza beraren berri eman du gaur; manifestazioari dagokionez, ERCk eskatu du «independentziaren aldekoa» izan dadila, eta ez «independentisten kontrakoa».

Diada eguneko manifestazioak agerian utzi du, berriz ere, mugimendu subiranistako alderdiek estrategia desberdinak dituztela independentziaren aferan. Artur Mas presidente izan zenetik (2010-2016) lehen aldiz ez da joango hilaren 11ko manifestaziora Generalitateko presidente bat; izan ere, Aragonesek iazkoan parte hartu zuen, eta mobilizazio horretan bere kontrako oihu batzuk entzun behar izan zituen.

Hori bai, Kataluniako hedabideen arabera, Diadako manifestazioan parte hartzera deitzen ditu Generalitateko presidenteak herritarrak, uste baitu independentzia kalean aldarrikatzea mugimendu subiranistaren «oinarrizko elementu bat» dela.

Aurtengo mobilizaziorako, ANCk zera adierazi du manifestu batean: «Ezin da ezer espero izan alderdiengandik. Soilik herriak eta gizarte zibil antolatuak lor dezakete independentzia. Ezin dira xahutu U-1eko [2017ko independentzia erreferendumeko] garaipena eta parlamentuko gehiengo independentista Espainiako Estatuarekin osatutako elkarrizketa mahaietan eta barne liskarretan».

Adierazpen horiek agerian utzi dute ANC oso kritiko dela Aragonesen estrategiarekin. Are, talde horretako presidente Dolors Feliuk adierazi du, La Vanguardia egunkariari emandako elkarrizketa batean, «kontsideratzen» duela Generalitateko gobernuburua ez dagoela «independentziarekin inplikatuta» ez badu Diadako manifestazioan parte hartzen —gobernuburuaren erabakia argitara atera aurretik egindako adierazpenak dira—.

NBEren ebazpena, «munizio»

Espetxeratu zituzten buruzagi independentisten kasuan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak herenegun ebatzitakoa «munizio» gisa erabiliko dute Giza Eskubideen Europako Auzitegian dituzten kasuetarako, Raul Romeva eta Josep Rull kontseilari ohiek gaur jakinarazi dutenez.

Romevak garaipen «moral eta politikotzat» jo du nazioarteko erakundeak erabakitakoa, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio «erantzun bat» emateko: «Ez dakigu zer esango duten, baina eskatzen diegu ebazpenaren araberako terminoetan erantzuteko». Rullek, berriz, azaldu du ez daudela oso «baikor», ez baitute uste «[Espainiako] estatuak fitxa mugituko duenik 180 egunotan». Hala ere, zera erantsi du: «Munizio juridiko on bat izango dugu irekita dauzkagun kausetarako. Ohiz kanpoko indarra emango digu».

Herenegun, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak ebatzi zuen Espainiak urratu egin zituela Kataluniako Generalitateko eta Parlamentuko kideen eskubide politikoak 2017ko erreferenduma antolatzeagatik kargugabetu zituenean auzitegien epaia jaso aurretik.

Salaketa 2018an jarri zuten Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak, Romevak, Rullek eta Turullek, argudiatuta zigortuak izan aurretik kargugabetuak izan izanak urratu egiten zuela Giza Eskubideen eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Ituna.

NBEren epaiak arrazoi ematen die buruzagi independentistei, eta nabarmentzen du matxinada delitua egotzita kargugabetu zituztela salatzaileak, nahiz eta manifestariei eskatu zieten modu baketsuan protesta egiteko, eta azkenean sedizioagatik zigortu zituzten —matxinadaren kasuan ez bezala, sedizioa ez da indarkeriarekin lotzen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.