JxC Junts Per Catalunyako militanteek Kataluniako Gobernutik ateratzearen alde bozkatu dute, eta, hortaz, hautsi egin da JxCren eta ERC Esquerra Republicanaren arteko gobernua. Horiek horrela, Pere Aragonesek herritarrak «bazter uztea» egotzi dio convergent berrien zuzendaritzari. «Herritarrak ez dira zerbitzatzen ardurak alboratuta. Guztiz arduragabea litzateke herrialdea gobernurik gabe edo behin-behineko egoeran uztea», azpimarratu zuen Generalitateko presidenteak atzo gauean, Laura Borras eta Jordi Turull JxCko presidentearen eta idazkari nagusiaren azalpenak entzun ondoren egindako agerraldian. Aragonesek jakinarazi zuen datozen egunetan izendatuko dituela kontseilari berriak —sei kontseilaritza zeuden JxCren esku—, eta aurrerantzean «aliantzak egiten» saiatuko dela, Kataluniak «aurrera jarrai dezan».
Ikusi gehiago:JxCko zuzendaritzak adierazi du batasuna dagoela alderdi barruan
«Nahi duzu Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernuan jarrai dezan?» galderari ezetz erantzun diote %55,73k. Generalitatean jarraitzea babestu dute %42,39k, eta %1,88k zuri bozkatu dute. Herenegun hasi eta atzo 17:00ak arte, bozkatzeko aukera eduki zuten indar subiranistako 6.465 militanteek, eta parte hartzea %79,18 izan da.
Emaitzaren berri eduki eta gero alderdiaren egoitzan egindako agerraldian Borrasek esan zuenez, kontsulta planteatu dute iruditzen zaielako ERCk ez duela bete Kataluniako Parlamenturako bozen ondoren bi alderdiek iazko maiatzean adostutako gobernu ituna. «Aragonesen gobernua porrot egin duen gobernu bat da, eta legitimitate demokratikoa galdu du», nabarmendu zuen. Generalitateko presidenteari leporatu zion, gainera, «lehentasuna ematea PSOErekin dituen itunei, Katalunian dituenei eman ordez».
Kataluniako bi familia subiranista nagusien arteko harremanak inoiz ez dira oso onak izan, eta azkeneko hamar egunetan lehertu egin da udatik hona —Diadan ere argi ikusi zen— areagotutako gobernu krisia. Albert Batet JxCren legebiltzarreko bozeramaileak konfiantza mozio bat aurkeztearekin mehatxu egin zion Aragonesi irailaren 26an, argudiatuta ez zela betetzen ari gobernu ituna. Handik egun batzuetara, eta ikusita bi aldeen arteko negoziazioetan ez zutela aurrerapausorik ematen egoera onbideratzeko, JxCren buruzagitzak bere militanteei galdetu zien zer egin beharko zukeen. Borrasek «muturreko ariketa demokratiko» gisa interpretatu du hartutako erabakia.
Ikusi gehiago:Marta Rovira: «Prest gaude ziklo politiko berriaren erantzukizun osoa hartzeko»
«Oposiziora» igaroko diren arren, jarraituko dute herritarrei «jaramon» egiten, Turullen hitzetan. Kataluniako hedabideek JxCren iturriak aipatuz azken egunetan kaleratutako informazioaren arabera, Turull, kontseilari izandako indar subiranistako beste kide batzuen moduan —Joaquim Forn eta Josep Rull, adibidez—, ez zegoen gobernutik ateratzearen alde; azken legegintzaldian kontseilariak izan direnak eta Jordi Sanchez idazkari nagusi ohia ere ez. Hausturaren alde zeuden, ordea, Borras eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia, esaterako.
Turullek ERC egin du krisiaren erantzule, eta adierazi zuen ez zela betetzen ari gobernu itunaren «elementu funtsezko batzuk». «Abuztu bukaeran, ikusi genuen gurutzebide batean geundela eta ezin genuela horrela jarraitu. Dena eta gehiago probatu dugu, eta erantzun bera eman digute: 'Horrela jarraitu behar du'». Jakinarazi zuen azken legegintzaldian JxCren esku egon diren sei kontseilaritzetako arduradunek —hamabost kontseilaritza dauzka— beren ukoa helarazi diotela Aragonesi. Kontseilaritza hauek zituzten convergent berriek: Ekonomia eta Ogasuna (Jaume Giro), Atzerri Politika (Victoria Alsina), Giza Eskubideak (Violant Cervera), Justizia (Lourdes Ciuro), Digitalizazioa eta Lurraldea (Gemma Geis) eta Ikerketa eta Unibertsitatea (Gemma Geis).
Bi alderdiek iaz adostutako akordioan jaso zutenez, gobernabideak bateragarria izan behar zuen «amnistia eta autodeterminazioa» lortzearekin. Aragonesek orduan adierazi zuen itunak «independentismoaren kontsentsu estrategikoen oinarria» ezarri zuela: «Herrialdeak aurrera egin dezan errepublikarantz».
Comukoak, prest
Ikusteko dago ERCk nola gobernatuko duen hemendik aurrera. 33 parlamentari dauzka, eta gehiengoa osoa 68 aulkitan dago. 2023rako aurrekontuen proposamena ontzen ari da Generalitatea —JxCko Jaume Giro ari da horretan, hain zuzen— eta PSCk esan izan du horiei buruz hitz egiteko prest dagoela. Zuzendaritzak ezohiko bilera bat egingo du astelehenean gobernuaren haustura baloratzeko, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak esan zuen, atzo, gobernuen egonkortasuna «ezinbestekoa» dela «Ukrainako gerrak eragindako krisi sozialaren eta ekonomikoaren erdian». Sanchezentzat, Espainiako Gobernuaren eta sozialismo espainiarraren zein katalanaren «elkarrizketaren aldeko jarrera eztabaidaezina da».
Catalunya En Comuren talde parlamentarioko presidente Jessica Albiach, bestalde, argi mintzatu zen atzo: «Gehiengo aurrerakoiko gobernu bat edukitzeko aukera dago berriro». Hau da, Comukoak prest daudela PSCrekin eta ERCrekin aliatzeko. Hiruren artean gehiengo osoa edukiko lukete, PSCk 33 aulki baitituzte, eta Comukoek zortzi; hau da, hiruen artean 74 lituzkete. Bide batez, Albiachek gogorarazi zion Aragonesi iazko otsailaren 14an ere, hauteskundeen ondoren, «gehiengo aurrerakoi bat» bat egituratzeko modua eduki zuela.
JxCren eta ERCren arteko harremanak tirabiratsuak izan dira beti. Kataluniako bi indar independentista nagusiak hiru aldiz egon dira elkarrekin Generalitatean. Aurreneko aldiz, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma gauzatu zutenean, 2015 eta 2017 artean, Junts Pel Si koalizioaren aterkipean. Bigarrenez, Quim Torra (JxC) presidente izan zenean, 2018 eta 2021 artean, eta azkenekoz, iazko maiatzetik.
Francoren heriotzaz geroztik hamahiru legegintzaldi izan dira Katalunian, eta, bitan izan ezik —2003 eta 2010 artekoetan—, gainontzekoetan gobernuan izan da convergent-en espazioa.
Katalunia. Gobernu haustura
Aragonesek egotzi dio JxCri herritarrak «bazter uztea» gobernutik aterata
Generalitatetik ateratzearen alde bozkatu dute JxCko militanteen %55,73k. Borrasek esan dio Kataluniako presidenteari «legitimitate demokratikoa» galdu duela. Aragonesek adierazi du «aliantzak egiten» ahaleginduko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu