Aragones (ERC): «PSCrekin gobernu itun bat sinatzea ia ezinezkoa da»

Vilaweb atariak argitaratutako elkarrizketa batean, Generalitateko presidente eta ERCko hautagaiak hiru helburu ezarri ditu legealdirako: «Erreferenduma, finantzaketa eredua eta ongizate estatuaren indartzea, hizkuntza erdigunean jarrita».

Pere Aragones, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
Pere Aragones, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 29a
15:00
Entzun

Gobernu itunei buruz galdetuta, Pere Aragones Generalitateko presidente eta ERCko hautagaiak ez du aterik itxi nahi, baina uste du «ia ezinezkoa» dela bere alderdiaren eta PSCren arteko akordio bat: «Batez ere, gaur egungo PSCrekin, historia hurbilean, eta, ziurrenik, alderdia sortu zenetik katalanismo mailarik txikiena erakutsi duen PSCrekin». Vilaweb atariak argitaratutako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok.

Elkarrizketan, hiru ardatz estrategiko aipatu ditu Aragonesek, ERCk balizko gobernu akordio bat sinatzeko baldintza gisa: alde batetik, «oinarrizko akordio bat adostea, Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egiteko, zeinaren zilegitasuna aitortua izanen den, eta emaitza aplikatu ahalko den»; bigarrenik, «finantzaketa eredu berezi bat, defizit publikoa amaituko duena»; eta, hirugarrenik, «ongizate estatuaren indartzea, hizkuntza katalana erdigunean jarrita». Hiru esparru horietan adostasunera iritsi ezean, ERCk ez du gobernu itunik sinatuko, presidentearen arabera.

Inkestek ERCren beheranzko joera marraztu arren, alderdiak «zentraltasuna» duela azpimarratu du Aragonesek, eta, horri esker, maiatzaren 12tik aurrera ere Generalitatea «lideratzeko» moduan ikusten du bere burua. PSCrekin gobernua osatzeko aukera ia erabat baztertuta, independentisten arteko balizko akordio baten alde mintzatu da. Gaineratu du, hala ere, gehiengoak osatzeko bidean ez dela nahikoa independentismoa aldarrikatzea: «Ezinbestekoa izanen da edukiak zehaztea». Ez du baztertu, hala ere, gutxiengoan gobernatzea, unean uneko babesekin.

JxCren eta ERCren arteko hausturaz, Aragonesek esan du Junts per Catalunya izan zela «parlamentuko gehiengo independentistarekin zuen konpromisoa abandonatu zuena». Areago: azaldu du bere alderdiak Junts per Catalunyari eskaini ziola Madrilera «batera» joatea, PSOErekin negoziatzera, baina Carles Puigdemontek uko egin ziola bide horri: «Esan ziguten ezetz, konfrontatu beharra zegoela». ERCko hautagaiaren esanetan, baina, bi alderdien arteko diferentzia estrategiko horiek «apur bat faltsuak» ziren: «Juntsek negoziazioetan parte hartzeko aukera izan duen bakoitzean, aukera hori aprobetxatu du, konfrontazioaren ideia alboratuta. Niretzat, [konfrontazioaren aldeko apustua] beti izan da oso erretorikoa, baina aplikaezina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.