Iaz ez bezala, ANC Biltzar Nazional Katalanak aurtengo Diadarako deitutako manifestazioan parte hartzeko asmoa du Pere Aragones Kataluniako presidenteak. Kataluniako aberriaren eguna ospatzeko zortzi egunen faltan eman zuen horren berri, atzo, TV3 telebista katean egindako elkarrizketa batean. Iaztik hona zer aldatu den galdetuta, zera argudiatu zuen Aragonesek: «[Iaz] alderdi politikoen kontrakoa zen [manifestazioa], ez Espainiako Estatuaren aurkakoa. Uste dut aurten, inbestidura dela eta, Espainiako Gobernuari presio egitera bideratu dutela, gure helburua zein den oroitaraziz: herrialdearen independentzia».
Haren arabera, «beste norabide bat» izango du hilaren 11ko manifestazioak. Madrilera begira dagoen norabide bat, hain justu. Izan ere, bi indar independentista nagusien babesa, ERC Esquerra Republicanarena eta JxC Junts Per Catalunyarena, giltzarri da Pedro Sanchez jarduneko presidenteak karguari eutsi nahi badio. Baina bi alderdietako batek ere ez du babes hori «ezeren trukean» emango. JxCren jarrera goraipatu zuen atzo Aragonesek: «Lau urtez estatuaren aurrean bakarrik egon eta gero, pozten nau [JxC] batzeak. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egin ahal izango dugu».
Indar handiagoa datorren asteleheneko manifestazioan, eta baita «Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko gaitasunean» ere. Kataluniako presidentearen hitzetan, horretarako ezinbestekoa litzateke indarrak «batzeaz gain», indar horiek koordinatzen asmatzea. Baina bi alderdiek Sanchezi eskatutako baldintza batzuk bat datozen arren, badituzte adostu gabeko zenbait kontu ere. «Amnistiaren baldintzak barne hartu behar du Carles Puigdemont, baina ez Laura Borras», esan zuen Aragonesek.
Bartzelonan egingo daANCk antolatutako manifestazioa. Aurten lau zutabek osatuko dute, eta hiriko gune batetik abiatuko da horietako bakoitza: Justiziaren Hiritik, Proa Eskolatik, Santseko geltokitik eta Ogasuneko egoitzatik. Ondoren, Espainia plazan elkartuko dira. Deialdiaren aurkezpenean, alderdi independentistak gogoan izan zituen ANCk. Biltzarraren arabera, hitzak alde batera utzi, eta «ekintzetara pasatzeko garaia da». «Alderdi independentistak ez direla ezer egiten ari salatzen dugu. Elkarrizketa mahaiak ez du ezertarako balio izan, eta berehala ekin behar da. Autonomismoaren amaiera eta independentziara eramango gaituen azken erasoaren hasiera exijitzen dugu».
Madril eta Brusela artean
Duela sei urte Kataluniatik Bruselara ihes egin zuenetik lehen aldiz, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontekin bildu zen atzo Espainiako Gobernuko ministro bat. Jarduneko presidenteorde eta Lan ministro Yolanda Diaz elkartu zen harekin, europarlamentuan (Brusela). Hiru orduko bilkuraren ostean, prentsa ohar bateratu bat zabaldu zuten. Besteak beste, bi aldeek adostu zuten «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea». Han izan ziren En Comu-Podemeko buru Jaume Asens eta eurodiputatu Antoni Comin ere.
Xehetasun askorik eman gabe, Sumarreko liderra «pozik» agertu zen Puigdemontekin izandako elkarrizketaren ondoren. Are, ziurtatu zuen lehena izan arren atzokoa ez zela izango Kataluniako presidente ohiarekin elkartuko den azken aldia. Izan ere, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera, zerbait badute amankomunean Sumarrek eta JxCk: «Politika elkarrizketaren eta printzipio demokratikoen bidez egin behar delako uste osoa».
Halere, ez Diazek, ez Puigdemontek ez zituzten zehaztu zein izango liratekeen gatazka desblokeatu ditzaketen «irtenbide demokratiko» horiek. Independentistek aurreratu dituzte zenbait eskakizun: hala nola Kataluniaren independentziaren inguruko erreferendum bat egitea, eta amnistia aitortzea 2017ko erreferendumean parte hartzeagatik atxilotutakoei. Edonola ere, argi adierazi zuen atzo Diazek: Sumarren izenean egin zuen bisita, eta, beraz, bileran hitz egindakoak «ez du inolako loturarik Sanchezen gobernuarekin».
Jarduneko presidenteordeak esandakoa berretsi zuen atzo PSOEk. Igande gauean izan zuten Bruselako hitzorduaren berri, bilera egin baino ordu gutxi lehenago. Halere, «irtenbide demokratiko» posible horiek aipatu zituen Sanchezek atzo Madrilgo Ateneoan egindako konferentzian. Jarduneko presidenteak esan zuen «ateak irekiak» dituela 2017ko erreferendumaren harira auzipetutakoen «amnistia» bat edo «zigorren arintze bat» onartzeko.
Betiere neurri horiek «erabat konstituzionalak» badira. «Ezin ditugu iraganeko akatsak errepikatu. Politikaren garaia da, lehengoa atzean uzteko, lehengo akatsetatik ikasteko eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bati begira jartzeko garaia». Hain justu, Puigdemont gaur da aurkeztekoa JxCk Sanchezen inbestiduraren alde egiteko baldintzak.
Aragones ANCk antolatutako Diadako manifestazioan izango da
Indarrak batzera deitu du Kataluniako presidenteak. Bruselan elkartu dira Puigdemont eta Diaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu