Katalunia

Aragones ANC eta Omnium Culturalekin elkartuko da, «haien proposamenak entzuteko»

Ateak itxita bildu dira, Bartzelonako Sant Jaume jauregian. 2023ko bigarren seihilekoan independentzia deklaratzea proposatu du ANCk.

Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea eta Pere Aragones presidentea, gaur goizean egin duten bileran. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 13a
14:12
Entzun

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea gaur arratsaldean bildu da ANC Biltzar Nazional Katalaneko, Omnium Culturaleko eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko buruzagiekin, «haien proposamenak entzuteko eta independentziaren inguruko ikuspegiez hitz egiteko». Gatazka politiko bete-betean bilduko dira. Izan ere, ERC Esquerra Republicanak ez zuen parte hartu igandeko Diadako mobilizazioetan, ez zetorrelako bat ANCren planteamenduarekin. ANCko presidente Dolors Feliuk, berriz, ultimatuma egin zion ERCri mobilizazioen amaierako hitzaldian: «Egin ezazue independentziaren aldeko apustua, edo deitu bozetara». Bilera ateak itxita egin dute, Bartzelonako Sant Jaume jauregian.

Batzarrra hasi baino minutu batzuk lehenago eskainitako prentsaurrekoan, Feliuk aurreratu du proposatuko dietela Generalitateari eta alderdi independentistei datorren urteko bigarren seihilekoan independentzia aldarrikatzea; hain zuzen ere, Europako Batasunaren presidentetza Espainiaren esku geratzen denean. Feliuren esanetan, aldarrikapena tarte horretan egiteak «ikusgaitasuna» lortzeko balioko du, eta Espainiari «zailago egingo zaio errepresioa baliatzea». Horrez gain, eskatuko dute 2023an independentzia aldarrikatzeko «borondatea» argi utz dezala parlamentuak hilaren amaieran egitekoa duen osoko bilkuran. «Ebazpen horrek ahalbidetuko luke independentzia bultzatuko duen gizarte mugimendua piztea».

Hauteskundeetara aurkezteko prest azaldu dira ANCkoak. Vilaweb atarian egindako elkarrizketa batean, Feliuk gizarte zibilak osatutako zerrenda baten alde egin du: «ANC gizarte zibilak osatutako zerrenda bat osatzeko prest dago, aldaketarik egongo ez balitz. Gu ez gara, ordea, hauteskundeetara deitzen dutenak: hori Generalitateko presidentearen esku dago».

Bozik ez, oraingoz

Aragonesen alderdiak adierazia du ez daudela horretarako prest. «Ez dugu uste hauteskundeak izan beharko liratekeenik», azaldu zuen atzo ERCko eledun Marta Vilaltak.

Omnium Culturalek «ziklo berri bat» bilatzen du. Xavier Antich presidentearen arabera, ERC, JxC Junts Per Catalunya, CUP, ANC, Omnium Cultural eta Consell Per La Republicak osaturiko taldea handitu beharko lukete, «eragile berriekin». Sindikatuei, ikasleen antolakundeei eta udalerri mailako taldeei egin die aipamen Antichek.

JxCk jatorrizko seikotearen alde egin du, eta kritiko azaldu da Aragonesen gobernuarekin. Jordi Turull idazkari nagusiaren ustez, Kataluniako Gobernua «independentziatik urrundu da», eta hil honen amaieran erabakiko du haren alderdiak, militantziari galdetuta, gobernuaren parte izaten jarraitu edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.