Arabiar Ligara itzuli berritan, Siriak «errespetua» eskatu du

Erakundeak ohartarazi du Siria berriz kide izateko erabakiak ez dakarrela, oraingoz, harremanak normalizatzea. Hilaren 19an dute hurrengo bilera, eta Al-Assadek parte hartu ahalko du

Egiptoko Atzerri ministro Xukri, Arabiar Ligako idazkari nagusi Gheit eta Jordaniako Atzerri ministro Safadi, herenegungo bilkuran, Kairon. KHALED ELFIQI / EFE.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hamabi urteren ondoren, Arabiar Ligara itzuli da Siria, eta, berriz ere, erakunde horretako eskubide osoko kidea da. Blokeko Atzerri ministroen herenegungo bilkuran harturiko erabakia beste garaipen diplomatiko bat da Baxar al-Assad Siriako presidentearentzat, eta urteotako bakartzetik ateratzeko pauso garrantzitsu bat ere bai, batez ere eskualdeko integrazioari eta inguruko estatuekin dituzten harremanei dagokienez. Adiskidetzeko eta herrialdeko egoerari irtenbidea emateko, Damaskok ezinbestekotzat jo du «arabiar ekintza eta lankidetza bateratua sendotzea», eta, horregatik, «errespetua» eta «elkarrekiko babesa» eskatu zizkien herenegun beste estatu kideei.

Arabiar Ligak 2011n eten zuen Siriaren kidetza, argudiatuta urte hartan Al-Assadek bortizki kudeatu zituela bere kontrako protestak. Manifestazio horien ondoren, gerra zibil bat piztu zen herrialde horretan, eta, harrezkeroztik, gutxienez milioi erdi lagun hil dituzte, eta hamahiru milioi pertsonak desplazatu behar izan dute. Gerraren hasieran, bazirudien Siriako presidentearen kontrakoek hura agintetik botatzea lortuko zutela; urteek aurrera egin ahala, ordea, eta hainbat faktorek lagunduta —Errusia eta Iran aliatuen laguntzaz, adibidez—, estatuburuak herrialde ia osoaren kontrola berreskuratzea lortu du.

Azken hamarkadan, Siriaren inguruko hainbat herrialdek Damaskorekin zuten harremana hautsi edo mugatu dute gerra hori dela eta, baina gatazkaren bilakaerak eta zenbait gertakarik—otsaileko lurrikarak, adibidez— estrategia aldatzera behartu ditu horietako asko. Zeregin horretan, batez ere Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia —iragan martxoan Iranekin harremanak normalizatu zituenetik— izan dira Siriaren aliatu gainontzeko gobernuak konbentzitzeko, baina beste batzuek lehengo jarrerari eusten diote: kasurako, Qatarrek, zeina ez baitago ados Arabiar Ligak harturiko erabakiarekin, eta, horren erakusgarri, ez zuen ordezkaririk bidali herenegungo bilkurara —22 kideetatik hamahiru joan ziren—.

Zehazki, Qatarko Atzerri Ministerioaren bozeramaile Majed bin Mohammad al-Ansarik herenegun adierazi zuen harremanak normalizatzea «erabaki subirano bat» dela, eta herrialde bakoitzari dagokiola zer egin erabakitzea. Adierazpen horrek berretsi egin zuen Arabiar Ligaren idazkari nagusi Ahmed Abul Gheitek esandakoa, ohartarazi baitzuen erakunde horretara itzultzeak ez dakarrela, oraingoz, harremanak normalizatzea.

Hain justu, Gheitek uste du Damaskok zeregin batzuk dituela hori lortzeko, eta Arabiar Ligak jarrera hori islatu zuen herenegungo bilkuran onarturiko ebazpenean. Kasurako, zehazten da Siriako Gobernuak «pauso praktiko eta eraginkorrak» eman behar dituela gatazka konpontzeko; «atzerriko indar ilegal guztiak» herrialdetik atera behar direla; narkotrafikoaren kontrako borroka areagotu beharra dagoela; eta errefuxiatuei itzultzeko modua ematea ezinbestekoa dela, bermatuta ez dutela arriskurik izango jatorrizko herrialdean.

Misioa betetzen laguntzeko, Arabiar Ligak herenegungo bileran adostu zuen erakunde horretako idazkari nagusiak lantalde bat osatuko duela Egiptorekin, Irakekin, Jordaniarekin, Libanorekin eta Saudi Arabiarekin batera, helburu izango duena Siriarekin harremanak izatea eta kolaboratzea, «krisiari irtenbideak» bilatze aldera, zeinak «mailaz mailakoak» izango diren. Associated Press albiste agentziak, Jordaniako diplomazialari bat aipatuta, argitara atera du xedea dela «arabiarrak gidari dituen bide politiko bat» negoziatzea.

Arabiar Ligak hilaren 19an egingo du hurrengo bilkura, eta Al-Assadek, nahi izanez gero, hartan parte hartu ahalko du.

Nazioartearen erreakzioa

Arabiar Ligak harturiko erabakiak askotariko erreakzioak sortu ditu nazioartean. AEB Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, herenegun esan zuten ez dutela uste Siriak «orain» erakundean berriz sartzea «merezi» duenik. Hori bai, zehaztu zuten babestu egiten dituztela Siriako krisia konpontzeko Arabiar Ligak dituen «luzera begirako helburuak».

Tariq Ahmad Erresuma Batuko Atzerri Ministerioko kideak bide beretik jo zuen erabakia kritikatzeko orduan, eta adierazi zuen Erresuma Batua «Al-Assaden erregimenarekin engaiatzearen» kontra dagoela.

Siriaren aliatuetako batek, Errusiak hain zuzen, begi onez ikusi du Arabiar Ligak emandako pausoa. Maria Zakharova Atzerri Ministerioaren eledunak zera adierazi zuen, komunikatu baten bitartez: «Moskuk ontzat jotzen du aspaldi esperotako pauso hori. Siria arabiar familiara itzultzeko prozesuaren emaitza logikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.