Venezuela. Krisi politikoa

Apustua handitu nahi izan du

Juan Guaidok berarekin bat egitera deitu ditu militarrak, eta Leopoldo Lopez oposizioko liderra etxeko atxiloalditik atera du. Maduro presidenteak nabarmendu du «leialak» zaizkiola armadaburuak

Juan Guaidoren jarraitzaileak kalera atera ziren atzo; baita Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen aldekoak ere. Argazkian, oposizioko buruaren zale batzuk. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Nazioarteko agendako lehen lerrotik desagertu da azkeneko asteotan Juan Guaido, joan den urtarrilaren 23an bere burua Venezuelako presidente izendatu zuena. Baina protagonismoa berriro bereganatzeko ahalegina egin zuen atzo Asanblea Nazionaleko presidenteak. Leopoldo Lopez oposizioko liderra etxeko atxiloalditik atera zuen, eta iragarri zuen militarrek harekin bat egiteko «pausoa» eman dutela, «behingoz». «Asko dira militarrak», adierazi zuen Guaidok. Horrenbestez, duela hiru hilabete pasa AEBen eta 50 bat herrialderen babesarekin emandako apustua handitu nahi izan zuen. Baina Nicolas Maduro herrialdeko presidenteak nabarmendu zuen armadako «komandante guztiekin» hitz egin zuela, eta «erabateko leialtasuna» adierazi ziotela. «Estatu kolpea jotzeko saiakera» bat bultzatzea eta ahaleginean porrot egitea leporatu dio chavismoak oposizioari. Bai Madurok, bai Guaidok, kalera ateratzeko deia egin zieten herritarrei.

Venezuelan 06:00ak zirela egin zuen iragarpena oposizioko buruak —12:00ak Euskal Herrian—, Twitterren jarritako bideo baten bidez. Caracasko La Carlota aire basearen inguruan zegoen ustez, eta atzean zeuzkan soldaduz jantzitako gizabanako armatu batzuk, baita Lopez bera ere. VP Herri Borondateko liderra —alderdi horretakoa da Guaido ere— 2014tik zegoen preso, eta 2015ean hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak, 2014ko otsailean Maduroren kontra egindako protesten erantzuletzat jota. 2017ko uztailetik etxeko atxiloaldian zegoen. Guaidoren esanetan, Venezuelako «inteligentzia zerbitzuko zenbait funtzionariok» bete zuten Lopez askatzeko «agindua», horiei «amnistiatuak» izatea eskaini eta gero.

Protestak

Gobernuak segituan erreakzionatu zuen, eta «militar traidore batzuekin» batera Guaidok «estatu kolpea jotzeko egindako saiakera» salatu zuen Jorge Rodriguez Komunikazio presidenteordeak. Vladimir Padrino Defentsa ministroarentzat, Guaidoren «kolpe» saiakera «baldarra eta alferrikakoa» izan da, eta berriro «erridikulua» egin duela azpimarratu zuen. Defentsa ministroaren esanetan, «militar eta polizia talde ñimiño baten» babesa besterik ez du bere burua Venezuelako presidentetzat jotzen duenak. Zenbait hedabidek kaleratu zutenez, 50 inguru dira. Diosdado Cabello Batzar Konstituziogileko presidenteak —organo horren esku dago botere legegilea—, bitartean, Miraflores jauregiaren, gobernuaren egoitzaren kanpoaldean biltzera deitu zituen iraultza bolivartarraren jarraitzaileak.

Hara jo zuten gobernuaren aldekoek. Guaidoren zaleak, berriz, La Carlotara joan ziren hasieran, oposizioko buruak berak hala eskatuta. Han borroka batzuk izan ziren oposizioko buruaren aldekoen eta GNB Guardia Nazional Bolivartarreko soldaduen artean, eta Altamira plazara aldatu zuten mobilizazio gunea. Efe berri agentziaren arabera, GNBren tanke arin batek manifestari batzuk harrapatu eta zauritu zituen La Carlota inguruan. Ordurako Altamira plazan zeuden, jada, oposizioko bi liderrak. Beste eraso batzuk ere gertatu ziren hiriburuan, eta bi pertsona balaz zauritu zituzten.

Azkeneko hiru hilabeteetan kalera ateratzeko deia egin izan duten bakoitzean bezala, atzo ere izan ziren, bai, istilu batzuk Caracasen, GNBren eta Guaidoren jarraitzaileen artean. Dena dela, oraingo egoerak ez du zerikusirik 2017koarekin. Orduko apiriletik abuztura bitartean, 130 bat pertsona hil ziren kaleko istiluetan. Jorge Arreaza Atzerri ministroak atzo arratsaldean adierazi zuenez, herrialdeak «erabateko normaltasunez» funtzionatu zuen. Elkarrizketa aldarrikatu zuen, eta hurrengo egunetan «edozein agertoki» aurreikusten duela gehitu.

Guaidorentzat, Askatasuna Operazioaren «azken fasearen hasiera» izan zen atzokoa, eta, haren iritziz, gaurko deitutako martxa «Venezuelan inoiz egindako handiena» izango da.

Oposizioko burua atxilotua izateko arriskuan dago. Apirilaren hasieran, gainera, immunitate parlamentarioa kendu zion Batzar Konstituziogileak — chavistek soilik parte hartzen dute horretan—. Joan den urtarrilaren 23az geroztik haren kontrako hainbat auzibide ireki ditu Venezuelako fiskaltzak. Esaterako, herrialdetik ateratzeko debekua ezarri zion Auzitegi Gorenak urtarrilaren amaieran, baina gutxienez Kolonbian eta Brasilen egon da, bi herrialde horietako presidenteekin biltzeko, Ivan Duquerekin eta Jair Bolsonarorekin. Venezuelako presidentearentzat, gainera, Guaido da duela aste batzuk herrialdeko sistema elektrikoari egindako «sabotajearen» erantzulea. Madurok ez du baztertzen oposizioko burua atxilotzea. Aurrekari horiei guztiei gehitu behar zaiekie atzoko gertakariak. Bitartean, azken hiru hilabeteotan zigor ekonomiko gehiago ezarri dizkiote AEBek Venezuelari.

Esku hartze militarra

Nazioarteko «aliatuekin» hitz egin ondoren, haien «erabateko» babesa zuela plazaratu zuen Guaidok. John Bolton AEBetakosegurtasun aholkulariak Guaidorekin bat egin zezatela eskatu zien Venezuelako militarrei. Ordu batzuk geroago azpimarratu zuenez, «aukera guztiak» daude mahai gainean, eta ez du baztertzen esku hartze militarra. Errusiak Venezuelan duen enbaxadaren esanetan, militarrek «gobernu legitimoaren ondoan» jarraitzen dute. Boliviak, Kubak, Txinak eta Turkiak ere Maduro babestu zuten. EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Federica Mogherinik irtenbide «politiko eta baketsu bat» eskatu zuen. Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak, berriz, Guaidoren maniobra txalotu zuen. Eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak «biolentzia eragozteko» eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.