Apartheidaren sustraiak errotik atera ezinean

Duela 30 urte iritsi zen ANC alderdia Hegoafrikako Gobernura. Herritar beltzen egoerak ordutik hobera egin badu ere, azalaren koloreak oraindik ere baldintzatu egiten du egoera sozioekonomikoa.

Hegoafrikako presidentearen aurkako protesta, iaz Pretorian. KIM LUDBROOK / EFE
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentearen aurkako protesta bat, iaz, Pretorian. KIM LUDBROOK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

ANC Afrikako Kongresu Nazionalak Hegoafrikako lehen hauteskunde demokratikoak irabazi zituenetik 30 urte beteko dira bihar. Kolono europarrak heldu zirenetik lehen aldiz, beltzek administratu ahal izango zuten herrialdea, ordura arte gutxiengo zuriaren eskuetan egon baitzen botere guztia. Herrialdeko presidente izendatu zuten ANCko buru Nelson Mandela, 1994an. Esperantza piztu zen. Mandela askatasunaren ikur bihurtu zen mundu osoan, eta bazirudien herrialdeak ekin ziola arraza segregazioa amaituko zuen bideari. Igaro dira, ordea, 30 urte, eta, herritarren arteko desberdintasun sozioekonomikoak aztertzen dituzten neurketen arabera, Hegoafrika oraindik ere gailurrean dago mundu osoan.

Gutxiengo zuriak, apartheidaren bidez, legeetan finkatu zuen bere pribilegiozko egoera, XX. mendearen erdialdean. Sistema hori 1948 eta 1991 artean egon zen indarrean, eta bizitzako arlo guztietan bereizten zituen herritar zuriak eta beltzak —mestizoek eta asiarrek ere ez zituzten zurien eskubide berak—: ezin ziren toki berean egon, ez bizitzeko, ez ikasteko, ezta garraiorako ere; elkarrekin ezkontzea ere debekatua zuten; eta, gainera, beltzek ez zuten boto eskubiderik. 1990eko hamarkadan sistema hori amaitu zen. Horrela, 1994ko hauteskundeetan, beltzek botoa eman ahal izan zuten, eta Mandela boterera iritsi zen. Ordutik dago agintean ANC, baina ez da gai izan apartheidak iltzaturiko sustraiak erro-errotik ateratzeko.

Lehen hauteskunde demokratiko horiek egin zirenetik herrialdeak «hobera» egin duela argi du Ainara Mancebo politologoak. Jatorriz kataluniarra da, eta ia hogei urte daramatza Hegoafrikako sistema politikoa ikertzen; 2011tik Lurmutur Hirian bizi da. Azaldu duenez, 1994. urtearen aurretik, «biztanleen %80k ez zuten oinarrizko zerbitzurik». Bizitokietan, gutxiengoak baino ez zuen elektrizitatea eta ura: «Estatua komunitate zuriaren erantzule egiten zen soilik, eta coloured-ek [mestizoek] eta indiarrek pribilegio gutxi batzuk zituzten». Beltzen egoera bestelakoa zen, eta ez zuen hobera egin ANC boterera heldu artean. Mandelaren gobernuak «sekulako» programa soziala abiarazi zuela nabarmendu du Mancebok; baina, ordurako, Hegoafrikako ekonomia «krisian» zegoen.

Diskriminazio positiboa —affirmative action, ingelesez— deituriko gizarte politika izan da ANCk herritarren arteko desberdintasunak amaitzeko asmoz erabilitako tresna nagusia. Baztertuta dauden biztanleei oinarrizko eskubideak eta zerbitzuak bermatzean datza. Horretarako, Hegoafrikako Gobernuak lehentasuna eman izan die zapalduta egondako komunitateei; esaterako, lanpostuak eskuratzeko orduan. Halere, Manceboren iritziz, ANCk «huts» egin du: «Politika sozialek itxura ona zuten arren, ez dituzte behar bezala diseinatu, eta ez dute enpresa munduaren babesik jaso».

%32

Hegoafrikako langabezia tasa. Munduan langabezia gehien duen herrialdea da Hegoafrika: %32. Gazteen artean, egoera are eta okerragoa da; 15 eta 34 urte artekoen ia %45 daude lanik gabe.

Politologoarentzat, ANCren politikek porrot egin duten adierazle da beltzen erdiko klasea zabaldu ezin izana. Erdiko klaserik gabe, aberatsenen eta txiroenen arteko aldeak sekulakoak dira. Gini indizean, biztanleen arteko desberdintasun ekonomikoa neurtzeko tresnan, munduko herrialdeen artean lehen postuan ageri da Hegoafrika —azken datuak 2014koak dira—.

Mancebok nabarmendu duenez, «oraindik ere» pertsonen koloreak baldintzatzen du egoera ekonomikoa: «Probintzia eta hiri batzuetan bistakoa da non bizi diren komunitate zuriak: familia bakarreko etxebizitzak daude, errepideak eta kaleak garbi... Errealitatearen beste aldean township-ak daude [izen hori eman zieten apartheid garaian zuriak ez zirenen auzoei]. Horietan langile klasea bizi da, eta zerbitzuak ez daude berrituak: arazoak dituzte uraren hornikuntzarekin, elektrizitatearekin, hondakinen bilketarekin edo garraio publikoarekin».

Izan ere, 1994an gobernua eskuz aldatu bazen ere, botere ekonomikoak bere horretan jarraitzen du. Apartheid garaian agintean egondako NP Alderdi Nazionalak —alderdi horretan du jatorria DA Aliantza Demokratikoak, egun, ANCren atzetik, bigarren indarra denak— ongi finkatu zituen zenbait pribilegio, eta ANCk ezin izan ditu atera jada sustrai bihurtu diren horiek. Tartean daude, Mancebok azaldu duenez, botere ekonomikoa eta mediatikoa: «Ez dira eskuz aldatu. Lehengoen edo haien oinordekoen menpe daude».

Aberastasuna lurpean

Hegoafrikak demokraziarako eginiko trantsizioa Espainiakoarekin alderatu du politologoak: «Azkenean, apartheidak ez zuen irtenbiderik. Herrialdea ekonomikoki bakartua zegoen [nazioarteak zigorrak ezarri zizkion], krisi bat zekarren berekin. Enpresa mundua ere gobernuari presioa egiten hasi zen».

Gainera, NPra politikari gazteagoak iritsi ziren, «moderatuagoak», Manceboren hitzetan. Horrek modua eman zuen ANCrekin negoziatu ostean Mandela kartzelatik ateratzeko, eta alderdia legeztatu eta trantsiziorako urratsa egiteko: «Hori bai, [Espainiako presidente ohi (1976-1981) Adolfo] Suarezek egin moduan, NP saiatu zen erreforma demokratikoa kontrolpean edukitzen. Eta lortu zuen; ez zituzten ukitu ez ekonomia, ez jabetza arloak».

Lurren jabetzaren auzia da Hegoafrikako gobernuak apartheid garaitik bizkarrean daramatzan erronketako bat. Zuriak herrialdera iritsi zirenetik hartu zituzten jatorriz bertakoenak zirenen lurrak. Apartheidaren azken-azkenera arte iraun zuen joera horrek: «Lurmutur Hirian, esaterako, 1980ko hamarkadan auzo osoak desjabetu zituzten, bertan bizi ziren beltzak beste gune batzuetara lekualdatzeko», azaldu du Mancebok.

ANC gobernura iritsi zenetik, herritarrek esperantza eduki dute lur horiek itzuliko dizkietela. Konstituzioak ere aipatzen du eskubide hori, 25. artikuluko zazpigarren puntuan: «1913ko uztailaren 19az geroztik, iraganeko lege baztertzaileen ondorioz, jabetzaren bat kendu dioten pertsona edo komunitate orok eskubidea du jabetza hori berreskuratzeko edo bidezko ordain bat jasotzeko». Oraingoz, ordea, ez da halakorik gertatu: «Hegoafrikako jabetzaren %70 komunitate zuriaren esku dago».

«Botere ekonomikoa eta mediatikoa ez dira eskuz aldatu. Lehengoen edo haien oinordekoen menpe daude».

AINARA MANCEBOPolitologoa

Lurrek bainoago, lur horien pean dagoenak argitzen dizkie begiak enpresariei. XIX. mendearen amaieran diamanteak eta urrea topatu zituzten Hegoafrikako lurretan. Ordutik, meatzaritza izan da herrialdeko ekonomiaren sostengu. AEBetako Geologia Zerbitzuaren arabera, Hegoafrika munduko platino ekoizle handiena izan zen iaz, planetako ekoizpenaren ia hiru laurden bertako meategietatik atera zuten.

Herrialdeak gehien esportatzen dituen produktuak ere meatzaritzatik erauziak dira. Gainera, mineral kritiko deiturikoen —hots, teknologia berrietarako beharrezkoak direnak— erreserba ugari ditu. Beraz, Hegoafrika aberatsa da baliabide naturaletan, eta lana egin nahian dabiltzan biztanle ugari ditu. Bada, ordea, ekuazio itxuraz erraza ebaztea zailtzen duen errealitate bat: baliabideak esku zurietan daude, eta lana egiteko prest daudenek esku beltzak dituzte.

Instituzio «aurrerakoiak», gizartea «iltzatuta»

Herritarren arteko bereizketa ez du soilik koloreak sortzen. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean, herrialdeko legedia eta instituzioak «oso aurreratuta» daudela dio Mancebok; gizartera jaistean, ostera, «talka» bat dagoela adierazi du. «Parlamentuan ia erdiak dira emakumeak, ANCn ere indar handia dute, eta alderdiko emakumeen liga oso garrantzitsua da».

Halere, instituzioetako teilatupetik irtetean, errealitate parekide hori ilusio soil bihurtzen da: «Hegoafrikako komunitatea —beltza zein zuria— oso patriarkala da, eta gizona izaten da familiaburua. Tribu eta etnietako tradizioetan iltzatutako harreman sistemek bere hartan diraute; dotea eta halako ohiturak ere mantentzen dituzte». Gainera, emakumeen aurkako erasoak ere ugariak dira. Hegoafrikako Estatistika Departamentuak zabaldutako datuen arabera, bost emakumetik bati noizbait indarkeria «fisikoa» pairarazi dio bikotekideak.

«Are eta okerragoa» da LGTBI komunitatearen egoera. Ikerlariaren arabera, homosexualitatea «oso gaizki» ikusia dago gizartean, eta homosexualen aurkako biolentzia kasuak ere «ugariak» dira. Horretan ere, arazoa ez dator instituzioetatik. Sexu bereko bikoteek baimendua dute ezkontzea Hegoafrikan, baita haurrak adoptatzea ere. «Legegintza oso aurrerakoia da, baina gizartea iltzatuta dago».

Eliza ebanjelikoaren pisuak eragin nabarmena du, Manceboren ustez: «AEBetan bezala, Eliza ebanjelikoak indar handia du hemen, eta diskurtso oso gogorra du homosexualitatearen aurka». Horregatik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan eta homosexualitatearen arloan politiketatik harago doan aldaketa bat egin behar dela dio: «eskoletan eta Eliza ebanjelikoan».

«Hegoafrikako komunitatea —beltza zein zuria— oso patriarkala da, eta gizona izaten da familiaburua. Tribu eta etnietako tradizioetan iltzatutako harreman sistemek bere hartan diraute; dotea eta halako ohiturak ere mantentzen dituzte».

AINARA MANCEBOPolitologoa

Beste zerbaitetan ere badu AEBen antza Hegoafrikak: «Sekulako deskontrola dago pistolen zirkulazioan; horregatik, gainontzean gertatuko ez liratekeen hilketa asko izaten dira». Horren adibide, edozein lapurreta hilketa bihur daitekeela azaldu du politologoak. Eskola bere bizilekutik bost kaletara badago ere, alabari ez dio uzten oinez joaten. «Hegoafrika ez da herrialde segurua, are eta gutxiago emakumeentzat». Gauez ez da paseatzera joaten, eta ohartarazi du autoan leihatila jaistea ere ez dela komenigarria. «Hirian batez ere, oportunista asko daude, eta ez Poliziak ez justiziak ez dute nahikoa baliabide». Segurtasun neurriak hartzea garrantzitsua dela esan du, baina Mancebok ez du Hegoafrikaren irudi oso ezkorra helarazi nahi: «9.000 kilometro egin ditut herrialdean zehar bakarrik gidatzen, eta ez zait ezer gertatu».

«Erresilientzia gaitasuna»

Polizia eta justizia bezalaxe, hezkuntza eta osasun publikoa ere baliabiderik gabe daudela dio Mancebok: «Guztia kolapsatzear dagoela dirudi». Baina herrialdeak aurrera jarraitzen du. Hegoafrikarren «erresilientzia gaitasunaz» mintzatu da ikerlaria: «Beti dute B plan bat. Nahiz eta batzuen egoera desastre bat izan, argirik gabe egon, ur hornikuntzarekin arazoak izan... bizirik irauteko ahalmena dute». Haren ustez, apartheidaren aurretik eta ostean haien bizitza askorik aldatu ez delako daukate gaitasun hori: «Ez dute emigratzen: beste aukera bat aurkitu nahi dute euren herrialdean».

Izan ere, Hegoafrikak badu geroa. Etorkizun hori nolakoa espero duen galdetuta, honako hau erantzun du Mancebok: «Ba... Europaren eta AEBen aldean, zeinak ziurgabetasun hodei batean murgildurik baitaude, kasik etorkizun hobea ikusten diot Hegoafrikari. Oso behean zaudenean, gora egitea besterik ez dago». Uste du herrialdearen eboluzioa estuki lotuta egongo dela ANCren bilakaerarekin: «ANC bere burua berritu nahian dabil. Alderdia handiegia da, eta, erortzen bada, ez dago herrialde puska hau gobernatzeko erronkari aurre egin diezaioken beste alderdi politikorik».

Bestetik, ekonomikoki herrialdeak duen ahalmena goraipatu du; baliabide naturalen erreserbez ari da, behar-beharrezkoak baitira teknologia berriak garatzeko. Baina badu zalantza bat ere: «Gai izango al da Hegoafrikako gizartea bultzada ekonomiko horretaz baliatzeko?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.