Nakbak 75 urte. Egungo egoera

Apartheida, nakbarekin jarraitzeko

Israelek jarraitzen du palestinarrak beren lurretatik kanporatzen eta bere kontrol eremua legez kanpoko hedatzen. Horretarako, sistema politiko bat garatu du oinarri baten gainean: juduen nagusitasuna eta arabiarren azpiratzea.

Kontrolak. Palestinar talde bat, Zisjordaniako eremu batetik bestera igarotzeko ilara egiten. ATEF SAFADI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sionismoak XX. mende hasieratik izan du estatu judu bat eratzeko asmoa, tokiko biztanleria ia osoa arabiarra zen eremu batean, ahalik eta populazio arabiar urrienarekin. Eta, horretarako, Israelek erregimen politiko baztertzaile bat ezarri du, juduen nagusitasuna eta palestinarren azpiratzea bermatuko duena. Apartheid erregimen gisa definitu dute NBE Nazio Batuen Erakundeko zenbait adituk, Human Rights Watchek eta Amnesty Internationalek, besteak beste. Israelen indarrean den erregimenak palestinarrak nola baztertzen dituen eta juduen nagusitasuna nola bermatzen duen ulertzeko laburpen bat da hau.

Ikusi gehiago:HIRU MENDE LAURDENEKO NAKBA

JUDUEN NAZIO-ESTATUA

Israelek Nazio Estatuaren Legea delakoa onartu zuen 2018an, bere izaera nazionala zehazten duen oinarrizko legea. Haren bidez, berretsi zuen izaera etniko eta erlijioso esklusibo bat duela; estatu judua dela. Legeak dio soilik juduek dutela autodeterminaziorako eskubidea Israelen. Kritika ugari eragin ditu legea onartu izanak, hainbat eragileren iritziz, Israelek herritarrak mailakatu dituelako, eta juduen nagusitasuna txertatu duelako bere izaera konstituzionalean. Adalah Israelgo Gutxiengo Arabiarraren Eskubideen Zentro Legalaren arabera, Israelek palestinarren aurkako diskriminazio politikak 1948tik ezarri dituen arren, alde handia dago praktika baztertzaileak bultzatzearen eta politika horiek estatus konstituzionala duen oinarrizko lege batean jasotzearen artean. «Legeak zilegitasun handiagoa bermatzen die palestinarren aurkako diskriminazio politikei, eta horiek ezartzeko exijitzen die botere exekutiboari, judizialari eta beste autoritateei».

ESKUBIDE DESBERDINAK

Israelgo sistema politikoaz aritzerakoan, bi aurpegi guztiz desberdineko sistema baten modura aurkeztu ohi da askotan. Batetik, erregimen demokratiko bat aurkezten da, Israelgo herritar guztiei eskubide berak aitortzen dizkiena; eta, bestetik, Palestinako lurralde okupatuetako aginte militarra, eremu batzuetan PAN Palestinako Aginte Nazionalari zenbait funtzio aitortzen dizkiona. Baina irudi hori ez dator bat errealitatearekin, B'Tselem giza eskubideen aldeko Israelgo elkarteak txosten honetan azaldu duenez: Nagusitasun juduaren erregimen bat Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora: Hau apartheida da.

Mugen araberako aginte ereduak —demokrazia Israelen, okupazio militarra Palestinan— gabezia handiak ditu egoera ugari azaltzeko. Batetik, kolono juduak Israelen egongo balira bezala bizi direlako Palestinako lur okupatuetan, eskubide eta berme juridiko berberekin. Bestetik, palestinarrek ez dituztelako herritar juduen eskubide berak, ezta Israelgo herritar direnean ere —Israelgo herritarren %17 dira arabiarrak—. Denborarekin, agerian gelditu da Israelek erregimen bakarra ezartzen duela kontrolpean duen lurralde osoan, baina aginte horrek eskubide desberdinak aitortzen dizkiela juduei eta palestinarrei. Gainera, Tel Avivek estatus egoera bereiziak sortu ditu palestinarren artean, bizi diren eremuaren arabera, eta horrek desberdintasunak eragin ditu palestinarren artean. Bereizketak zaildu egin du Israelen zenbait politikaren aurrean palestinarrek erantzun bateratu bat ematea.

Babes juridiko handiena dutenak dira Israelgo herritar diren bi milioi palestinarrak, nahiz eta ez dituzten Israelgo herritar juduen eskubide berak. Badira beste 350.000 palestinar Israelek bere lurtzat daukan Jerusalem ekialdean bizi direnak —1967an anexionatu zuen—, baina Tel Avivek ez dauzka Israelgo herritartzat. Egoiliar iraunkor gisa aitortzen ditu, eta han bizitzeko eta lan egiteko baimena ematen die. Egoiliarren estatusa behin-behinekoa da. Egun batetik bestera indargabetu dezake Israelek, edo iraungi egin daiteke. Jerusalem ekialdean 220.000 kolono baino gehiago bizi dira; horiek bai, Israelgo herritar juduei dagozkien eskubide guztiekin.

Ikusi gehiago:Rashid Khalidi: «Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian»

Ofizialki, Israelek ez du Zisjordania anexionatu, baina praktikan bere lurraldea balitz bezala esku hartzen du bertan. Zisjordanian bizi diren 2,6 milioi palestinarrei aginte militar zorrotza ezartzen die Tel Avivek, eskubide politikorik aitortu gabe. Osloko Akordioak hiru eremutan banatu zuen: A eremuan —lurraldearen %18 eta palestinarren %55 hartzen ditu—, segurtasuna eta aginte zibila PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku dago; B eremuan —lurraldearen %21 eta palestinarren %41—, PANek du aginte zibila, baina Israelena da segurtasunaren gaineko kontrola; eta C eremuan —lurraldearen %61 eta palestinarren %4—, Israelena da segurtasunaren eta aginte zibilaren ardura. A eta B eremuak 227 gunetan daude zatituta, C eremuko lurrez inguratuta, eta elkarren artean deskonektatuta. Zisjordanian 500.000 kolono baino gehiago bizi dira.

Zisjordanian bezala, eskubide politikoak ukatuak dituzte Gazako zerrendako bi milioi palestinar inguruk ere. Israelek 2007an blokeoa ezarri zionetik munduko kartzelarik handiena dela esan ohi da. Estatuko indarrak lurraldetik erretiratu zituen arren, Tel Avivek kanpotik baldintzatzen ditu Gazako herritarren bizitzak.

MIGRAZIOA, JUDUENTZAT

Israelek juduei soilik aitortzen dizkien eskubideetako bat da Itzulera Legean (1950) jasotzen dena. Haren arabera, «judu orok du bere herrialdera joateko eskubidea». Zehazki, Israelgo herritartasuna eskuratzeko eskubidea aitortzen die guraso edo aitona-amona judu bat duen edozein atzerritarri, eta haren bikotekideari eta seme-alabei. Baldintza horiek betetzen dituztenek herritartasuna izango dute, baita Zisjordaniako kolonia batean biziko badira ere. Legearen aurka egin dutenen iritziz, diskriminazio etnikoaren adibide garbia da, errefuxiatu palestinarrei itzulera eragozten zaien aldi berean Israelera migratzaile juduak erakartzeko helburua baitu, estatuan gehiengo judu zabal bat lortze aldera.

LUR DESJABETZEAK

Kolonia juduak hedatzea «ondasun nazional bat» da Israelentzat, Nazio Estatuaren Legearen arabera. Botere publikoek koloniak sustatzeko neurriak hartu behar dituztela dio oinarrizko legeak. Israelen mugen barruan, palestinarrei lurrak kentzeko erreminta funtsezkoa izan da Jabetza Absentearen Legea delakoa. Israeli bide eman dio 1948an ihes egin zuten ehunka mila palestinarren lurrak estatuarenak egiteko, eta errefuxiatuei itzulera galarazteko. Legearen eraginez, Israelgo lurren %90 estatuarenak dira egun, eta eremu horiek ehunka komunitate judu eratzeko erabili ditu. Sekula ere ez palestinarrentzat.

Ikusi gehiago:Itzulera, ukatua

Komunitate palestinarren esku dauden lurretan —estatuko azaleraren %3—, berriz, Tel Avivek eraikuntzarako oztopo ugari ezarri ditu. Modu horretara lortu du, arabiarren populazioak gora egin arren, palestinarrek etxe berriak altxatzeko baimenik ez eskuratzea. Horrenbestez, palestinarrak baimenik gabe eraikitzera behartuta daude, eta baimen falta izaten da, hain justu, palestinarren etxebizitzak eraisteko Israelek erabili ohi dituen argudio ohikoetako bat. Baldintza horiekin, ezinbestean, palestinarrak gune gainpopulatuetan pilatuta bizi dira, bai Israelen, bai Jerusalem ekialdean.

MUGITZEKO ASKATASUNIK EZ

Israelek mugimendu murrizketa zorrotzak ezartzen dizkie lurralde okupatuetako palestinarrei. Gazakoa da egoerarik muturrekoena. Israelek zerrendatik irteteko edo bertara sartzeko mugimendu ia oro debekatzen die bertako biztanleei, ezohiko kasu batzuetan izan ezik. Ondorioz, palestinarrek zailtasun handiak izaten dituzte osasun tratamenduak jasotzeko edo senideak ikusteko, besteak beste. Zisjordanian, palestinarrek ezin dute eremu batetik bestera igaro Israelen baimenik gabe, eta, eremuen arteko errepideak Israelen esku daudenez, nahierara blokeatzen ditu bideak, kontrolen bidez. Jerusalem ekialdeko palestinarrek, berriz, hiritik denbora luzerako irtenez gero, egoiliar estatusa galtzeko arriskua dute.

PARTE HARTZE POLITIKOA

Israelgo herritar palestinarrek hauteskundeetara aurkezteko eta bozkatzeko eskubidea dute. Zisjordaniako eta Gazako palestinarrek, berriz, ez dute beren gaineko agintea ezartzen duen sistema politikoan parte hartzeko modurik. PANerako bozetan parte hartzeko eskubidea dute soilik. Jerusalem ekialdeko egoiliarrek udal bozetan bozka dezakete, baina ez Israelgo Parlamenturako hauteskundeetan.

Parte hartze elektoralaz harago, Israelek adierazpen askatasuna mugatu du, esaterako, haren kontrako boikota eskatzea edo Nakba oroitzea zigortzen duten legeen bidez. Zisjordanian eta Gazan, Israelek manifestatzea galarazten die palestinarrei, eta gizarte zibileko zenbait elkarte esanguratsu legez kanporatu ditu. Horrez gain, errepresio gogorra ezarri du indar armatuen eta auzitegi militarren bitartez. Atxiloketa eta espetxeratze arbitrarioak Israelen okupazioaren baliabide ezinbestekoak dira. 1967tik 800.000 palestinar baino gehiago atxilotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.