Klima larrialdia

Antartikako izotza salbatzeko, garaiz da, baina azken aukera izan liteke, zientzialarien arabera

Batez besteko tenperatura bi gradu igoko balitz, munduko izotz geruzarik handiena urtzeko prozesua bizkortu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila hazaraziko luke: bost metro ere haz liteke 2500erako.

Martxo bukaeran 1.200 metro koadroko izotz plaka bat askatu zen Antartika ekialdean, eta icebergetan zatitu. NASA
mikel p ansa
2022ko abuztuaren 10a
19:52
Entzun

2015ean egin zuten COP21 nazioarteko goi bilera, Parisen, eta han adostu zuten industria aurreko munduko batez besteko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez litzatekeela igo behar, bestela ondorioak larriak izango liratekeelako. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak aurten argitaratutako azken azterlanaren arabera, baina, dagoeneko 1,1 gradu igo da batez besteko tenperatura.

Eta berotze hori moteltzen ez bada —esaterako, bi gradu igoko balitz—, Antartika ekialdeko izotz geruzaren urtzea azeleratu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila asko haziko luke, Durhamgo Unibertsitateak (Erresuma Batua) egindako ikerketa baten arabera. Nature aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak, gaur asteazkena.

«Planetako izotz metarik handiena da», azaldu du Chirs Stokesek, ikerketaren egileetako batek. Zehaztu du plaka hori erabat urtuko balitz itsasoaren maila 52 metro haziko litzatekeela: hori da izotz geruzak pilatua daukan ur bolumena. «Gure ikerketaren ondorio nagusia hau da: gure eskuetan dago Antartika ekialdeko izotz geruzaren patua. Benetan garrantzitsua da erraldoi hau ez esnatzea».

Metro erdi, edo bost metro

Ez da kolpez urtuko izotz hori guztia, eta, ikerketa egin dutenen esanetan, oraindik garaiz da prozesua moteltzeko, neurriak azkar hartzen badira. Parisko Akordioan hitzartutakoak bete eta batez besteko tenperatura bi gradu ez igotzea lortu beharko litzateke. Baina behar besteko neurririk hartu ez, eta berotzeak hortik gora egingo balu, itsasoaren maila metrotan hazi daiteke hurrengo mendeetan: 2300. urterako, metro bat eta hiru metro artean haziko litzateke itsasoaren maila; 2500. urterako, bi eta bost metro artean. Parisko Akordioko helburua lortuko balitz, aldiz, itsasoaren maila metro erdi bat haziko litzateke 2500. urterako.

Atmosferan dagoen karbono dioxido kontzentrazioa aspaldiko handiena da gaur egun; gaurkoaren antzeko mailara duela hiru milioi urte iritsi zen planeta azkenekoz. Garai hartan, orain baino bi eta lau gradu artean altuagoak ziren tenperaturak —oraingo joerari jarraituta, hazkunde hori espero liteke mende honen bukaerarako—, eta itsasoaren batez besteko maila gaur egungoa baino hamar eta 25 metro artean altuagoa zen. Sedimentuak aztertu dituzte, eta ikusi dute Antartikako izotz geruza pitzatu egin zela garai hartan; uste dute horrek ere eragin zuela itsasoaren maila igotzea duela hiru milioi urte.

Ikerketan ikusi dute planetaren berotzeak eragina izan duela gerora ere Antartikan. Duela 400.000 urte, —«ez da denbora asko eskala geologikoan», ikerlariek ñabartu dutenez—, izotz geruza 700 bat kilometro murriztu zen barru alderantz, planeta batez beste gradu bat eta bi artean berotu zelarik.

Zientzialariek azaldu dute iraganeko aldaketa horiek oraingoa baino askoz motelagoak izan zirela, eta Lurrak Eguzkiaren errotazioan eduki zituen aldaketek eragin zutela berotzea. Orain gizakiak eragin du, eta askoz tarte gutxiagoan.

«Aukera bat dugu, aukera txiki bat»

Antartika ekialdeko izotz geruzak 4.800 metroko lodiera du puntu batzuetan: Hiru Erregeen Mahaiaren altuera adina, bi aldiz. «Aukera bat dugu, aukera txiki bat, berotegi efektuko isurketak azkar batean murrizteko, berotze globala mugatzeko eta Antarktika ekialdeko izotz plakari eusteko», erantsi du Nerilie Abramek, Canberrako Unibertsitateko (Australia) irakasle eta ikerketako beste partaideetako batek.

Stokesek azaldu du orain arte uste zutela Antartika mendebaldeko eta Groenlandiako izotz geruzak baino sendoagoa zela Antartika ekialdeko izotz meta, baina orain konturatu direla Antartika ekialdeko izotza ere atzeraka hasia dagoela, batez ere itsas korronte epelenekin kontaktuan dagoen lekuetan. Abramek zehaztu du: «Ez da uste genuen bezain egonkorra eta ez dago uste genuen bezain babestua».

«[Klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeak] Babestuko luke Antartika ekialdea, baina ez hori bakarrik: geldiaraziko lituzke beste izotz geruza garrantzitsu batzuen urtzeak ere, Groenlandia eta Antartika mendebaldekoak adibidez, eta izotz geruza horiek ahulagoak dira, eta arrisku handiago dute», nabarmendu du Abramek. «Horregatik, ezinbestekoa da estatuek Parisko Akordioak lortzea eta indartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.