Anna Gabriel CUPeko kideak Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu du gaur, Espainiako Auzitegi Gorenean, Iñigo Iruin bere abokatuak lagunduta. «Desobedientzia» egozten diote, Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta. Llarena epaileak ez dio galderarik egin Gabrieli; bai, ordea, Jorge Zaragoza fiskalak. Galdera bakarra egin dio CUPeko kideari: ea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren agindu bat jaso ote zuen, esanez ezin zirela parlamentuan zenbait eztabaida egin —Parlamentuko mahaiko beste kideek jaso zuten agindu hori—, bere jardun parlamentarioa dela eta. Gabrielek ezetz erantzun du, eta dokumentazioarekin frogatu dute, Iruinek azaldu duenez. «Estatuaren abokatuak eta Voxek antzeko galderak egin dituzte, baina ez die erantzun», gehitu du Iñigo Iruin abokatuak.
«Baikor» daude, Iruinen esanetan. «Desobedientzia delitua egozteko, Auzitegi Konstituzionalaren agindua jaso beharko zuen Anna Gabrielek. Ez zuen jaso, eta dokumentuekin frogatu dugu», azaldu du. Ondorioz, Auzitegi Gorenak epaia artxibatzea «logikoa» izango litzateke, Iruinen ustez.
Aurrekari bat ere badago: Mireia Boya CUPeko kide ohiaren kasua. Hura absolbitu egin zuten. Abokatuak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez ziolako agindurik igorri, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren antolaketa eten zezan eskatuz. Boyaren auziko sumarioa Pablo Llarena epaileak hartu zuen lehenik, eta Manuel Marchenaren esku utzi zuen ondoren. Ez zegoen, ordea, argi, Boyarekin batera zihoazen beste bost auzipetuak forudunak izanik, Auzitegi Gorenari edo Kataluniako Auzitegi Nagusiari ote zegokion haiek desobedientziagatik epaitzea. Azkenean, Kataluniako justiziaren esku geratu zen epaiketa, eta hark absolbitu egin zuen, Boyak ez zuelako jaso Konstituzionalaren agindurik, eta, beraz, ezin izan ziolako hari desobeditu.
Gabrielen kasua «laster» itxi lezake epaileak
Iñigo Iruin abokatuaren ustez, baliteke «laster» ixtea sumarioa: «Llarena deklarazioaren zain zegoen, eta Anna Gabrielek gaur deklaratu du. Dena eginda dago. Ikerketa agortuta dago». Hau da, Gorenak Kataluniako instrukzio auzitegi baten esku utziko luke sumarioa; hark egingo luke instrukzioa ebazteko badagoen nahikoa arrazoi epaiketa egiteko. Aurrera egitea erabakiko balu, zigor epaitegi baten esku geratuko litzateke auzia. «Epaia Bartzelonara bidaltzea espero dugu orain», adierazi du Gabrielek, auzitegitik irtetean.
Emozioz beterik hitz egin du Gabrielek auzitegiaren kanpoaldean egindako agerraldian: «Lau urte eta erdi egin ditut etxetik kanpo; hunkituta nago». Kanpoan zain izan ditu CUPeko alderdikide Eulalia Reguant, Albert Botran eta Carles Riera, baita ERCko Oriol Junqueras eta Gabriel Rufian ere, eta Junts per Catalunyako Josep Rius. Han izan dira EH Bilduko Jon Iñarritu eta Mertxe Aizpurua ere.
Lau urtez erbestean izan ostean, aurtengo uztailean aurkeztu zen Gabriel Gorenera. Behin-behinean aske geratu zen, eta gaurko eman zion deklaratzeko ordua. Orduan indargabetu zuten Gabriel atxilotzeko agindua.
Konstituzionalaren errekerimendua, «gako»
Iñigo Iruin abokatuaren arabera, «funtsezkoa» da Konstituzionalak errekerimendu bat igorri izana edo ez. Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari, Parlamentuko Mahaiko kideei eta idazkariari, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteari eta haren gobernuko kideei pertsonalki bidali zien errekerimendu hura Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Horren bidez, ofizialki eskatzen zien pertsona horietako bakoitzari 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeari utz ziezaioten. Egin zuten erreferenduma, eta, ondorioz, beste delituen artean «desobedientzia» ere egotzi zien Gorenak. «Gabrielek ez zuenez errekerimendua jaso, ezin diote desobedientzia delitua egotzi», azaldu du Iñigo Iruin abokatuak.