Katalunia

Anna Gabriel Gorenera aurkeztu da, eta aske utzi dute

Iñigo Iruin abokatuak lagunduta joan da CUPeko kidea Madrilera. Behin-behinean geratu da aske, eta udazkenean joan beharko du deklaratzera. Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindua emana zuen 2018ko uztailean, desobedientziagatik.

Joaquim Forn, Anna Gabriel eta Clara Ponsati diputatu ohiak, Elnan. QUIQUE GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 19a
11:32
Entzun

Gaur 11:00ak inguruan sartu da CUPeko kide Anna Gabriel Espainiako Auzitegi Gorenean, Iñigo Iruin abokatuak lagunduta. Aurkeztu ostean, behin-behinean aske geratu da diputatu ohia, eta udazkenean deklaratu beharko du. «Lau urte eta erdiko erbestealdiaren ondoren, inoiz galdu behar ez nuen askatasuna berreskuratzeko beharrezko urratsa da gaurkoa», aldarrikatu du Gabrielek berak, auzitegitik irten ondoren. Haren esanetan, erabakia «testuinguru politiko eta judizialari» lotuta dago —Espainiako Gobernuak indultatu egin zituen erreferendumarekin lotuta zigortutako buruzagi independentistak, eta Madrilen eta Generalitatearen arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute—.

Free Anna Gabriel taldeak jakinarazi duenez, indargabetu egin dute hura atxilotzeko agindua: «Aurreko hilabeteetan hainbat ikerketa eta argibide egin dira haren egungo egoera prozesalaren inguruan. Gaur Auzitegi Gorenean aurkeztu ostean, automatikoki, indarrik gabe geratu da 2018ko otsailean haren aurka emandako atxilotze agindua, zeinaren ondorioz Gabrielek erbesterako bidea hartu behar izan zuen».

Sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi zizkioten hasieran Gabrieli, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta. Ordu hartan, Gorenera deklaratzera joateari uko egin zion CUPeko kideak, argudiatuta Espainian ez zuela «epaiketa justu bat» edukiko. Genevatik bertatik eman zuen erabakiaren berri, hango bi komunikabideetan argitaratutako ohar banatan. Bertan salatu zuen arrazoi politikoengatik ari zitzaizkiola jazartzen: «Ez da indarkeriazko ekintzarik egon. Jazarpen politikoa da; independentismoa makurtu nahi dute. Ez nintzateke nire kabuz etorriko hona bizitzera. Derrigortutako egoera bat da hau». Gabriel Suitzan bizi da 2018ko otsailetik.

CUPeko diputatu ohiaren erabakia jakin bezain laster, haren aurkako nazioarteko atxilotze agindua eskatu zuten fiskalak eta akusazio partikularrak. Goreneko epaile Pablo Llarenak, ordea, erdizka onartu zuen eskaria; izan ere, Gabriel atxilotzeko agindua eman zuen arren, agindua soilik Espainiako Estatuan jarri zuen indarrean, desobedientziagatik. Suitza Europako Batasunetik kanpo egonik, Espainiak ezin zuen euroagindu bat baliatu Gabriel atxilotzeko, eta horrek zaildu egin zuen haren estradizioa, nahiz eta bi herrialdeek horretarako akordio bat sinatua izan. Gainera, Genevak berak iragarri zuen ez zuela inor estraditatuko «arrazoi politikoengatik».

Suitzara

2018ko uztailean, Gabriel lehen aldiz irten zen Suitzatik, Omnium Cultural erakundeak Elnan, Ipar Katalunian antolatutako ekitaldi batean parte hartzeko. Iazko azarotik, berriz, Suitzako Unia sindikatuko Genevako adarreko idazkari nagusia da CUPeko diputatu ohia, herrialdean bost urtez geratzeko baimena jaso ostean. Gorenaren erabakia jakin ostean, Suitzara itzuli da Gabriel.

Gabrielek gaur egin duen urrats bera egin zuen Meritxell Serretek ere iazko martxoan. Nekazaritza kontseilari izandakoak Belgikara egin zuen ihes 2017ko urrian. Prebarikazioa, Gorenari desobedientzia egin izana eta diru publikoaren okerreko erabilera leporatzen zizkioten. Urte hartakoazaroan haren aurkako euroagindua eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, baina, abenduan bertan behera utzi zuen, eta indarrean eutsi zion Espainiako atxilotze aginduari. Serret iazko martxoan aurkeztu zen Gorenera, bere kabuz, eta epaileak hura aske uztea erabaki zuen, aurrerago deklaratzera joateko baldintzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.