Anna Gabriel Auzitegi Gorenera aurkeztu da, eta aske utzi dute

Prozesu subiranistari lotuta Gorenean deklaratzeari uko egin zion Gabrielek 2018an, eta Suitzara egin zuen ihes. Bertan behera geratu da Espainian haren aurka indarrean zen atxilotze agindua

Anna Gabriel, CUPeko diputatu izandakoa, Elnan, Ipar Katalunian, Clara Ponsati kontseilari ohiarekin, iazko uztailean. QUIQUE GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu zen atzo goizean CUPeko kide Anna Gabriel, Iñigo Iruin abokatuak lagunduta. Behin-behinean aske geratu da diputatu ohia, eta udazkenean itzuli beharko du auzitegira deklaratzera. «Lau urte eta erdiko erbestealdiaren ondoren, inoiz galdu behar ez nuen askatasuna berreskuratzeko beharrezko urratsa da hau», aldarrikatu zuen Gabrielek berak auzitegitik irten ondoren. Haren esanetan, erabakia «testuinguru politiko eta judizialari» lotuta dago —Espainiako Gobernuak indultua eman zien erreferendumarekin lotuta zigortutako buruzagi independentistei, eta Madrilen eta Generalitatearen arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute—.

Free Anna Gabriel taldeak jakinarazi duenez, indargabetu egin dute hura atxilotzeko agindua: «Aurreko hilabeteetan hainbat ikerketa eta argibide egin dira haren egungo egoera prozesalaren inguruan. Gaur [atzo] Auzitegi Gorenean aurkeztu ostean, automatikoki indarrik gabe geratu da 2018ko otsailean haren aurka emandako atxilotze agindua, zeinaren ondorioz Gabrielek erbesterako bidea hartu behar izan zuen».

Sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi zizkioten hasieran Gabrieli, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta. Ordu hartan, Gorenera deklaratzera joateari uko egin zion CUPeko kideak, argudiatuta Espainian ez zuela «epaiketa justu bat» edukiko. Genevatik bertatik eman zuen erabakiaren berri, hango bi komunikabidetan argitaratutako ohar banatan. Bertan salatu zuen arrazoi politikoengatik ari zitzaizkiola jazartzen: «Ez da indarkeriazko ekintzarik egon. Jazarpen politikoa da; independentismoa makurtu nahi dute. Ez nintzateke nire kabuz etorriko hona bizitzera. Derrigortutako egoera bat da hau». Gabriel Suitzan bizi da 2018ko otsailetik.

CUPeko diputatu ohiaren erabakia jakin bezain laster, haren aurkako nazioarteko atxilotze agindua eskatu zuten fiskalak eta akusazio partikularrak. Goreneko epaile Pablo Llarenak, ordea, erdizka onartu zuen eskaria; izan ere, Gabriel atxilotzeko agindua eman zuen, baina soilik Espainiako Estatuan, eta desobedientziagatik. Suitza Europako Batasunetik kanpo egonik, Auzitegi Gorenak ezin zuen euroagindu bat baliatu Gabriel atxilotzeko, eta horrek zaildu egin zuen haren estradizioa, nahiz eta bi herrialdeek horretarako akordio bat sinatua izan. Gainera, Genevak berak iragarri zuen ez zuela inor estraditatuko «arrazoi politikoengatik».

Suitzara itzuli da

2018ko uztailean, Gabriel lehen aldiz irten zen Suitzatik, Omnium Cultural erakundeak Elnan, Ipar Katalunian, antolatutako ekitaldi batean parte hartzeko. Iazko azarotik, berriz, Suitzako Unia sindikatuko Genevako adarreko idazkari nagusia da. Gorenaren erabakia jakin ostean, Suitzara itzuli da Gabriel.

Anna Gabrielen bide bera egin zuen iazko martxoan Meritxell Serretek. Nekazaritza kontseilari izandakoak Belgikara egin zuen ihes 2017ko urrian. Prebarikazioa, Gorenari desobedientzia egin izana eta diru publikoaren okerreko erabilera leporatzen zizkioten. Urte hartako azaroan haren aurkako euroagindua eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, baina abenduan, Llarenak bertan behera utzi zuen, eta indarrean eutsi zion Espainiako atxilotze aginduari. Serret iazko martxoan aurkeztu zen Auzitegi Gorenean, bere kabuz, eta epaileak hura aske uztea erabaki zuen, aurrerago deklaratzera joateko baldintzarekin.

Aldiz, erbestean jarraitzen dute Generalitateko presidente izandako Carles Puigdemontek, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiek. Gabrielen kasuan ez bezala, haien aurkako euroagindua eman zuen Llarena epaileak. Iazko azaroan, ordea, Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak ebatzi zuen Goreneko instrukzioko epailearen euroagindu eskaerak indargabetuta daudela behin-behinean, eta, hortaz, ezingo dituztela atxilotu. Hala, hirurek, eurodiputatu karguak bermatzen dien immunitatea izanik, batetik bestera bidaiatu dezakete Espainiaratuak izateko arriskurik gabe.

Etenda dago ERCko idazkari nagusi Marta Roviraren aurkako nazioarteko atxilotze agindua ere, Europako justiziak azken erabakia hartu bitartean. Baina, Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kasuan bezala, atxilotu egingo lukete Espainiako Estatuan sartuko balitz. Rovirak 2018ko martxoan egin zuen ihes Suitzara, Gorenean deklaratzeari uko egin ostean. Gabrielek bezala, Rovirak ere zalantzan jarri zituen Espainiako justiziaren bermeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.