Turkia

Ankarako atentatuaren ostean, Turkiako armadak eraso egin dio PKKri

Defentsa ministroak esan du militante kurdu «asko» hil dituztela. Poliziak ere operazio bat egin du, eta gutxienez hogei lagun atxilotu ditu; tartean, HDPko zenbait kide.

Turkiako armadako zenbait soldadu, atzo, Barne Ministerioaren aurrean, PKKren erasoaren ondoren. NECATI SAVAS / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 2a
12:57
Entzun

Ankarako atentatuaren ondoren, Turkiako armadak eraso egin zion atzo PKK Kurdistango Langileen Alderdiari, alderdi-miliziak Iraken menpeko Kurdistanen dituen baseak bonbardatuta. Ali Yerlikaia Barne ministroak gaur azaldu duenez, «hogei helburu» suntsitu dituzte; tartean, «kobazuloak, bunkerrak, aterpeak eta biltegiak». Eta eraso horretan PKK-ko militante «asko» hil dituzte, Yerlikaiaren arabera; hori bai, ez du kopururik jakinarazi.

Kurdistango alderdi-miliziak atzo hartu zuen bere gain egun horretan egindako erasoa. PKK-ko bi kidek bonba bat leherrarazi zuten Turkiako Barne Ministerioaren egoitzaren parean, Ankaran, eta bi polizia zauritu zituzten; gobernuaren arabera, erasotzaileetako bat leherketan hil zen, eta bestea poliziek hil zuten, hari tiro eginda. PKKren erasoak gaitzespena eragin zuen nazioartean, eta, besteak beste, EB Europako Batasunak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta herrialde arabiarrek elkartasuna adierazi zioten Turkiari atzo.

Alderdi-miliziaren helburua zen erasoa Turkiako Parlamentuaren irekiera saioan egitea —ordu batzuk lehenago izan zen—, ANF albiste agentziak argitaraturiko komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez. Hain justu, parlamentuaren hitzordu horretan bertan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan zuen «herritarren bakea eta segurtasuna mehatxatu nahi dutenek» ez dituztela «lortu beren helburuak, eta ez dituzte lortuko».

Eta adierazpen horien ondoren egin zituen bonbardaketak Turkiako armadak, Iraken menpeko Kurdistango lau eskualdetan —Metinan, Hakurken, Qandilem eta Garan—. Horrekin batera, Poliziak operazio bat egin zuen Turkia mendebaldean, eta gutxienez hogei lagun atxilotu zituen; tartean, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko zenbait kide —alderdiaren barrutietako presidente batzuk, esaterako—.

Ankarak argudiatzen du PKKrekin lotura duela HDPk —beste alderdi batzuekin osatzen duen koalizioa hirugarren indarra da Turkiako Parlamentuan—, baina alderdi horrek beti erantzun du ez dagoela harremanik bien artean. Edonola ere, ustezko lotura hori baliatuta, Turkiako Poliziak urteotan hainbat operazio egin ditu HDPkoen eta horren jarraitzaileen aurka, eta milaka lagun espetxeratu dituzte.

Bigarren erasoa urtebetean

PKKren atzoko erasoaren aurretik izan dira atentatu gehiago Turkian. Iragan azaroan, esaterako, bonba bat leherrarazi zuten Istanbul erdigunean, eta sei lagun hil eta 81 zauritu zituzten. Gobernuak alderdi-miliziari leporatu zion erasoa, baina PKK-k erantzun zuen ez zuela zerikusirik izan atentatu horrekin, ez dituelako «zibilak jomugan».

Eta, lehenago, hildakoen kopuruei erreparatuz gero, azken urteetan izandako erasorik larrienak 2015 eta 2017 bitartean egindako zenbait izan dira. 2015eko urrian, esaterako, gutxienez 109 lagun hil zituzten Ankaran, bi bonba leherrarazita; inork ez zuen bere gain hartu atentatu hori, eta ikerlariek ez zuten lortu ezer argitzea, nahiz eta susmoak zituzten EI Estatu Islamikoa izan zela erruduna.

2016ko martxoan ere gutxienez 37 lagun hil zituzten Turkiako hiriburuan, bi bonba leherrarazita; TAK Kurdistan Askatzeko Belatzak talde armatuak bere gain hartu zuen erasoa. Hiri horretan ere, urte hartako ekainean eraso bat egin zuten Ataturk aireportuan, eta gutxienez 45 lagun hil zituzten —inork ez zuen bere gain hartu—.

Bi hilabete geroago, abuztuan, Turkia hegoaldean bonba bat leherrarazi zuten ezkontza batean, eta gutxienez 57 lagun hil zituzten; gobernuak EIri leporatu zion erasoa. Eta 2017ko Urteberri egunean, muturreko jihadistek gutxienez 39 lagun hil zituzten Istanbulgo dantzaleku batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.