Ankarako atentatuaren ondoren, Turkiako armadak eraso egin zion herenegun PKK Kurdistango Langileen Alderdiari, alderdi-miliziak Iraken menpeko Kurdistanen dituen baseak bonbardatuta. Ali Yerlikaia Barne ministroak atzo azaldu zuenez, «hogei helburu» suntsitu zituzten; tartean, «kobazuloak, bunkerrak, aterpeak eta biltegiak». Eta eraso horretan PKK-ko militante «asko» hil zituzten, Yerlikaiaren arabera; hori bai, ez zuen kopururik jakinarazi.
Kurdistango alderdi-miliziak herenegun hartu zuen bere gain egun horretan egindako erasoa. PKK-ko bi kidek bonba bat leherrarazi zuten Turkiako Barne Ministerioaren egoitzaren parean, Ankaran, eta bi polizia zauritu zituzten; gobernuaren arabera, erasotzaileetako bat leherketan hil zen, eta bestea poliziek hil zuten, tiro eginda. PKKren erasoak gaitzespena eragin zuen nazioartean, eta, besteak beste, EB Europako Batasunak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta herrialde arabiarrek elkartasuna adierazi zioten Turkiari.
Alderdi-miliziaren helburua zen erasoa Turkiako Parlamentuaren irekiera saioan egitea —ordu batzuk lehenago izan zen—, ANF albiste agentziak argitaraturiko komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez. Hain justu, parlamentuaren bilkura horretan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan zuen «herritarren bakea eta segurtasuna mehatxatu nahi dituztenek» ez dituztela «lortu beren helburuak, eta ez dituzte lortuko».
Hain justu, Turkiako armadak adierazpen horien ondoren egin zituen bonbardaketak, Iraken menpeko Kurdistango lau eskualdetan —Metinan, Hakurken, Qandilem eta Garan—. Horrekin batera, Poliziak operazio bat egin zuen Turkia mendebaldean, eta gutxienez hogei lagun atxilotu zituen; tartean, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko zenbait kide —alderdiaren barrutietako presidente batzuk, esaterako—.
Ankarak argudiatzen duPKKrekin lotura duela HDPk—beste alderdi batzuekin osatzen duen koalizioa hirugarren indarra da Turkiako Parlamentuan—, baina alderdi horrek beti erantzun du ez dagoela harremanik bien artean. Edonola ere, ustezko lotura hori baliatuta, Turkiako Poliziak hainbat operazio egin ditu urteotan HDPkoen eta alderdi horren jarraitzaileen aurka, eta milaka lagun espetxeratu.
Bigarren erasoa urtebetean
PKKren herenegungo erasoaren aurretik izan dira atentatu gehiago Turkian. Iragan azaroan, esaterako, bonba bat leherrarazi zuten Istanbul erdigunean, eta sei lagun hil eta 81 zauritu zituzten. Gobernuak alderdi-miliziari leporatu zion erasoa, baina PKK-k erantzun zuen ez zuela zerikusirik izan atentatu horrekin, ez dituelako «zibilak jomugan».
Eta, lehenago, hildakoen kopuruei erreparatuz gero, azken urteetan izandako erasorik larrienak 2015 eta 2017 bitartean egindako zenbait izan dira. 2015eko urrian, esaterako, gutxienez 109 lagun hil zituzten Ankaran, bi bonba leherrarazita; inork ez zuen bere gain hartu atentatu hori, eta ikerlariek ez zuten lortu ezer argitzea, nahiz eta susmoak zituzten EI Estatu Islamikoa izan zela erruduna.
2016ko martxoan ere gutxienez 37 lagun hil zituzten Turkiako hiriburuan, bi bonba leherrarazita; TAK Kurdistan Askatzeko Belatzak talde armatuak bere gain hartu zuen erasoa. Hiri horretan bertan, urte hartako ekainean, eraso bat egin zuten Ataturk aireportuan, eta gutxienez 45 lagun hil zituzten —inork ez zuen bere gain hartu—.
Bi hilabete geroago, abuztuan, Turkia hegoaldean bonba bat leherrarazi zuten ezkontza batean, eta gutxienez 57 lagun hil; gobernuak EIri leporatu zion erasoa. Eta 2017ko Urteberri egunean, muturreko jihadistek gutxienez 39 lagun hil zituzten Istanbulgo dantzaleku batean.
Ankarako atentatuaren ondoren, Turkiak PKKri eraso dio
Defentsa ministroak esan du militante kurdu «asko» hil dituztela. Poliziak gutxienez hogei lagun atxilotu ditu; tartean, HDPko zenbait kide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu