Animalia ornodunen populazioa %69 txikitu da azken 50 urteetan, gizakiak basoak mozten, planetaren mugetatik harago kontsumitzen eta kutsatzen jarraitzen duen heinean. Hala ondorioztatu du WWF Naturarentzako Mundu Funtsak. Living Planet Report (Lur Planeta Bizia) txostena ondu du gobernuz kanpoko erakunde horrek, Londresko Zoologia Elkartearekin batera. Bi urtetik behin egiten dute ikerketa, 1998tik.
WWFren eta Londresko Zoologia Elkartearen helburua da Lurraren ingurumen osasuna zertan den ikusaraztea. Horretarako, indize bat erabiltzen dute: IPV Lur Planetaren Indizea. Ornodunen populazioan izandako aldaketak neurtu eta ondorioak ateratzen dituzte; hain zuzen, 5.230 espezie eta 32.000 populazio behatu dituzte.
Ikusi gehiago:Podcasta. Kinka: klima eta natura krisian
Emaitza deigarria atera dute: itsas zabaletik oihan tropikaletaraino, ugaztunen, hegaztien, arrainen, anfibioen eta narrastien populazioa batez beste bi heren baino gehiago apaldu zen 1970 eta 2018 bitartean. Txostenaren arabera, populazioa %1 txikitu da 2020tik, eta %8 2018tik.
Latinoamerikako –Amazonia barne– ornodunen populazioak izan du beherakadarik handiena batez besteko indizean: %94koa azken 48 urteetan. Horien atzetik daude Afrika (-%66), Asia eta Pazifikoa (-%55), Ipar Amerika (-%20), eta Europa eta Asia erdialdea (-18). Tanya Seele WWF erakundeko zuzendarietako baten esanetan, Latinoamerikako ekosistemaren egoera «oso larria» da: «Zuhaitzak mozteaz gain, basoko bizitza bera ere kentzen ari zaie animaliei».
Txostenak adierazten du ornodunen populazioa murrizteko arrazoi nagusiak hauek direla, besteak beste: animalien habitatak suntsitzea, espezieak gehiegi ustiatzea, espezie inbaditzaileak ekosisteman sartzea, kutsadura, klima aldaketa eta gaixotasunak. Biodibertsitatearen krisia geldiarazteko lehen politikak abian jarri zirenetik hainbat hamarkada igaro diren arren, aztertutako populazioa etengabe apaltzen ari dela ondorioztatu dute Lur Planeta Bizia txostenean.
Zientzialari askok uste dute Lurra seigarren desagertze masiboa jasaten ari dela, dinosauroen garaitik planetan izan den bizi galerarik handiena, eta «gizakiak bultzatzen ari dena».
Agintariei eskaria
Seelek gogor hitz egin du munduko agintarien aurka: «Zientzia, aurreikuspen katastrofikoak, hitzaldi eta promesa sutsuak, sutan dauden basoak, urpean dauden herrialdeak, inoizko tenperaturarik beroenak eta milioika desplazatuak gorabehera, munduko agintariak eserita daude oraindik».
Gainbehera kezkagarri horri aurre egiteko, txostenaren 89 egilek munduko agintariei eskatu diete «anbizio handiko akordio bat lortzeko» Kanadan abenduan egitekoa duten COP15 biodibertsitatearen goi bileran. Horrez gain, karbono isurketak murrizteko, berotze globalari 1,5 gradu zentigraduren azpitik eusteko eta naturaren suntsiketa neurrigabea gelditzeko eskatu diete.
Bestalde, WWF erakundeak biodibertsitatearen nazioarteko itun bat eskatu du, Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioaren antzekoa, biodibertsitatearen galera iraultzeko. Planetaren berotzea geldiarazteko helburua 2050erako zero isurketa lortzea bada, ekologistek hitzarmen bat eskatu dute 2030ean biodibertsitatearen galera gelditzea ez ezik haztea ere lortzeko.