Hamargarren aldia du aurten Fira Literalek, ideia eta liburu erradikalen azoka, Bartzelonan, eta antolatzaileek «pentsamolde kritikoaren festa handi bat» egin nahi dute urteurrenaren harira. Bihartik igandera, feminismoa izango dute ardatz nagusi, «mundua erradikalki eraldatzeko beharrezkoa» delakoan. Hala, egitarau zabala prestatu dute, hainbat pentsalari eta aktibista gonbidatuta; hain justu, Angela Davis politikari eta filosofo estatubatuarrak emango du hitzaldi nagusietako bat.
«Liburu azoka bat baino gehiago da Literal», diote antolatzaileek; «ideia erradikalekin, pentsamolde kritikoarekin eta mundu hobe baten ikuspegiarekin apasionatutako pertsonen topagune bat da». Mugimendu sozialei eta argitaletxe independenteei lotuta egin ditu hamar urte hauek azokak, eta, urtero, 10.000 lagun erakarri ditu Fabra i Coats azoka gunera. Aurten ere literaturak «desafiatzeko, inspiratzeko eta komunitatea sendotzeko» duen gaitasuna nabarmendu nahi dute.
Filosofia horren adierazle da hamargarren urteurrenerako Angela Davis politikari marxista eta emakumeen eta beltzen eskubideen aldeko ekintzailea gonbidatu izana. Mundu osoan da erreferente, bai feminismoan bai arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurkako borrokan; besteak beste, aitzindarietako bat izan zelako zapalkuntza ardatz horien arteko lotura ikusarazten eta esplikatzen. Larunbat arratsaldean hartuko du hitza, Jule Goikoetxea EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Bea Duodu Owusu kazetariak gidatutako solasaldi batean. Egungo erresistentzia mugimenduen inguruan arituko dira, eta justizia sozialaren aldeko borrokan norantz jo hausnartuko dute.
Erreferente feminista ugari
Davisekin batera, beste hainbat erreferente feminista izango dira Fira Literalen. Bihar iluntzean, Marina Garces filosofoak emango du azokaren inaugurazio hitzaldia, itxaropenaren eta sormenaren bueltan. Larunbat goizean, berriz, Sara Ahmed idazleak identitateei buruz hausnartuko du. Igandean, Rita Segato antropologoak antipunitibismoa jorratuko du ikuspegi feminista oinarri hartuta, eta Vandana Shiva filosofoa etorkizun ekofeministaz mintzatuko da.
Hitzaldi handiez gain, beste hainbat mahai inguru eta gogoeta gune izango dira, hala nola buru osasunaz, amatasunaz, idazketaz eta eraldaketa digitalaz, baita leninismoaren gaurkotasunaz, egungo gerra agertokiez eta etxebizitza ereduaz ere. Noski, liburuak ere salgai izango dira larunbatean eta igandean, eta poesia eta musika emanaldi zenbait ere egingo dituzte. Liburu aurkezpenen artean, Euskal Herriko egilerik ere izango da: Marina Sagastizabalek Hiruki gatazkatsua liburuaren itzulpena aurkeztuko du. Argitaletxeen artean ere, Txalaparta, Katakrak eta Consonni ere Literalen egongo dira.