Ia lau urteko prozesu judizialaren ondoren, Vanessa Mendoza Cortes absolbitu dute gaur. Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile feminista horri zera leporatu zion Andorrako Gobernuak: bere aurkako «difamazioa» eta «erakundeen prestigioaren aurka» egitea, duela ia bost urte, 2019an, NBE Nazio Batuen Erakundeko Emakumearen aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordearen aurrean egindako hitzaldi batengatik. Abortuaren debekua salatu zuen.
Agerraldi hartan, Stop Violencies elkarte feministak —elkarte horretako burua da Mendoza— idatzitako dokumentu bat irakurri zuen ekintzaileak. Andorran bizi diren emakumeek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak salatu zituen, besteak beste, haurdunaldia eteteko erabateko debekua, heziketa sexualaren gabezia ikasgeletan eta indarkeria matxista jasan duten emakumeek jasotzen duten tratu eskasa.
Hitz horiek oinarritzat hartuta, hiru delitu leporatu zizkion Andorrako Gobernuak, difamazioagatik. Gobernuak jarritako salaketa horietatik bi baliogabetu zituen Andorrako Fiskaltzak 2021ean, baina joan den abenduaren 4an egin zuten hirugarren salaketaren epaiketa. Gaur iragarritako epaian Mendoza erruduntzat jo izan balute, 12.000 euro ordaindu beharko lituzke ekintzaileak: 6.000 euroko isuna, batetik; eta 6.000 euroko kalte ordaina Andorrako Gobernuari, bestetik.
Epaiaren berri izan ondoren prentsaren aurrean egindako agerraldian, Mendozak Andorrako lehen ministro Xavier Espoten dimisioa eskatu du, argudiatuta berak gobernuburuak baino «moral handiagoa» duela, eta nazkatuta dagoela herrialde horretako «erakundeen misoginiaren albo kalte bat» izateaz. Epaia haren aldekoa izan den arren, borrokan jarraituko duela azaldu du, helburua hau izanda: Zigor Kodeko 325. artikulua bertan behera geratzea. Hain justu, artikulu hori oinarri hartuta jarri zuen gobernuak haren aurkako salaketa. «Eskubidea izan behar dugu [Andorrako] gobernua kritikatu eta zalantzan jartzeko».
«Eskubidea izan behar dugu Andorrako Gobernua kritikatu eta zalantzan jartzeko».
VANESSA MENDOZAKkintzaile feminista
Andorrako eta Kataluniako dozenaka elkarte feministak euren elkartasun osoa adierazi diote ekintzaile feministari. Kasurako, Andorrako Sexu eta Ugaltze Eskubideen aldeko Batzordearen arabera, Andorrako Gobernuaren «errepresioaren» beste adibide bat da Mendozaren aurkako prozesu judiziala, eta aldarrikatu dute badela «garaia» emakumeek haurdunaldiaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea errespetatzeko.
Andorrako eta Kataluniako zenbait elkarte feministak adierazitako babesaz gain, Mendozaren aldeko prentsa ohar bat argitaratu zuen Europako Kontseiluak joan den abenduan, epaiketa egin baino lehen. Dokumentu horretan, Europako erakundeak eskatu zuen Mendozaren «adierazpen askatasuna» eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileentzako «espazio seguru bat» bermatzeko.
Abortua delitu
Emakumeen eta giza eskubideen askotariko urraketak jasaten dituzte Andorran bizi diren emakumeek. Printzerrian erabat debekatuta dago haurdunaldia etetea, baita haurdun dagoen pertsonaren osasuna eta bizitza bera arriskuan daudenean ere. Ondorioz, ehunka emakumek alboko lurraldeetara joan behar izaten dute abortatu ahal izateko, hala nola Frantziara eta Kataluniara.
Bidaia hori egiteko aukerarik ez duten emakumeak —dirurik, denborarik edo horretarako ingurukoen nahikoa babes ez dutelako— saia daitezke haurdunaldia Andorran bertan eteten. Hori bai, legez kanpoko kliniketan, eta ekintza horrek izan ditzakeen ondorioen beldur.
Izan ere, Andorrako Zigor Kodeko 107., 108. eta 109. artikuluek kartzela zigorrak ezartzen dituzte abortu batean parte hartzen duen edonorentzat. Esaterako, hiru hilabete eta hiru urte arteko espetxealdia agintzen du abortua egiten duen osasun langilearentzat. Gaur-gaurkoz, Europako lau herrialdetan dago debekatuta abortua: Andorran, Polonian, Maltan eta Liechtensteinen. Horien artean, Andorran eta Maltan bakarrik da haurdunaldia etetea erabat legez kanpokoa.