ANCren gehiengo osoa jokoan

Hegoafrikan Asanblearako hauteskundeak egingo dituzte gaur. Apartheida amaitu zenetik 30 urtera, Mandelaren alderdiaren nagusitasuna kolokan dago, eta baliteke herrialdea beste aro politiko batean sartzea.

ANCren jarraitzaile batzuk, larunbatean Soweton (Hegoafrika) egindako ekitaldian. KIM LUDBROOK / EFE
ANCren jarraitzaile batzuk, larunbatean Soweton (Hegoafrika) egindako ekitaldian. KIM LUDBROOK / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Urteotan «hutsegiteak» egin dituztela aitortu duen arren, Cyril Ramaphosak ez du lortu, nolabait esatearren, ANC Afrikako Kongresu Nazionalaren iraganeko mamuak uxatzea. ANCko presidente eta 2018tik estatuburu denak herrialdearentzako «hasiera berri bat» diseinatuko duela hitzeman du; besteak beste, alderdiaren kudeaketaren bidez finkatu duen norabidea aldatzeko. Baina ezer ez da betiko, eta horixe bera du jokoan ANCk gaur, Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan: boterean jarraitzea.

Nelson Mandelaren alderdiak Siyanqoba (Konkistatu) leloa erabilita amaitu zuen kanpaina, larunbatean Soweton egindako ekitaldi jendetsu batean —60.000 lagun pasatxo elkartu ziren—. Ramaphosak esan zuen ANC «garaipen erabakigarri baten» atarian zegoela, baina, aldi berean, onartu zuen aldaketak egiteko beharra dutela, eta alderdiak eta hark «gehiago» egingo dutela, eta «hobeto» ere bai.

ANC, batez ere azken hamabost urteotan, bere legatuan eta iraganean egindakoan oinarritu da politikoki bizirik irauteko. Hala ari da oraindik ere, hori du argudio nagusi, batez ere boto emaile beltzei begira, baina ohartu da nostalgia horrek ez diola bermatuko 1994tik Asanblea Nazionalean izan duen gehiengo osoari eustea, betiere inkestek kanpainan aurreikusi dutenaren arabera.

Eta urteotako hauteskunde joera aztertzea besterik ez dago egoeraren larritasunaz jabetzeko. ANCk 2004ko hauteskundeetan jo zuen goia, botoen %69,7 bildu eta 400 eserlekuetatik 279 eskuratuta, eta harrezkeroztik beheranzko joera etengabean izan da; azken bozetan, 2019an egindakoetan, babesen %57,5 jaso eta 230 aulki lortu zituen. Inkesten arabera, botoen %40 eta %48 artean lortuko lituzke gaur, eta, beraz, diputatuen gehiengo osoa galduko luke —horiek aukeratzen dute herrialdeko presidentea—, apartheida amaitu zenetik lehen aldiz.

Garai zailean egingo dituzte Asanblea Nazionalerako hauteskundeak: pobrezia handitzen ari da, langabezia tasa %30etik gorakoa da, eta biztanleen arteko desberdintasun ekonomikoaren neurketan, munduko herrialdeen artean lehen postuan ageri da Hegoafrika. Delitu kopuruak ere gora egin du urteotan, eta zerbitzu publikoen kalitateak okerrera besterik ez du egin, besteak beste.

Arazo sozioekonomikoez gain, ANCri babesa galaraz diezaioketen arrazoien artean ageri dira alderdian izandako gatazkak eta ustelkeria kasuak ere —Jacob Zumari leporatzen dizkiotenak, aurreko estatuburuari (2009-2018)—. Hain zuzen, Zumari egozten diote «kontrolik gabeko ustelkeriari» bide ematea bere agintaldian, eta estatuaren enpresa publikoen eta finantzaketaren kontrola Gupta familia dirudunari ematea.

Hori guztia aintzat harturik, Ramaphosak esana du bere gobernua «kalteak konpontzen» ari dela, baina denbora gehiago behar duela.

MKren eta EFFren eragina

Eta kalte horien egilea, Zuma bera, haserre dago bere alderdiarekin, eta horregatik erabaki zuen iaz sorturiko MK Nazioaren Lantzaren alde egitea. Are, gaur MKren zerrendetan aurkezteko asmoa zuen, baina, hilaren 20an, Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zuen ezin duela hori egin, 2021ean hamabost hilabeteko espetxe zigor bat ezarri ziotelako.

Edonola ere, badirudi alderdi horretara joko dutela ANCren boto emaileetako batzuek, batez ere Hegoafrika ekialdeko KwaZulu-Natal probintzian —biztanleria handiena dutenen artean bigarrena da—.

Hori aintzat harturik, EFF Askatasun Ekonomikoaren Aldeko Borrokalariak alderdi marxista izan liteke ANCk boterean jarraitzeko aukera. EFFk babesa handituko luke, inkestetako iragarpenak betez gero, eta bi alderdiek koalizio bat osatzea litzateke hauteskundeen osteko agertokietako bat, betiere ANCk gehiengo osoa galduko balu. Iaz erabaki hori hartu zuten Johannesburgon, kasurako.

Hala, Ramaphosaren alderdiak boterean jarraituko luke, eta hura presidente litzateke oraindik ere, baina beste aro politiko batean murgilduko litzateke Hegoafrika. Eta ikusteko legoke hori nola gauzatuko litzatekeen, eta zer ondorio eragingo lituzkeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.