Apartheida amaitu eta 30 urtera, badirudi ANC Afrikako Kongresu Nazionalak gehiengo osoa galduko duela. Botoen zenbaketa igandean amaitzekoak diren arren, Hegoafrikako Asanblearako hauteskundeen biharamuna lainoz betea izan da Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosarentzat. Botoen %20,55 zenbatuta, Nelson Mandelaren alderdiak botoen %43,35 lortu ditu; azken hiru hamarkadetan lehen aldiz ez ditu botoen %50 baino gehiago bilduko. Lehen indarra da alde nabarmenarekin, bigarren alderdiak botoen %24,86 lortu baititu: DA Aliantza Demokratikoa. Hala ere, aurrenekoz, ANCk beste alderdiekin akordioak egin beharko ditu gobernua osatu eta legegintzaldia aurrera eramateko.
Koalizioa norekin egingo duen, baina, airean dago oraindik. Izan ere, zenbaketa aurrera doan heinean eta ANCk botoen erdiak baino gutxiago bereganatuko dituela dirudien arren, gehiengo osoa lortuko duelakoan dago oraindik; eta, beraz, ez du adierazi norekin saiatuko den akordioak egiten. Are gehiago, zenbait adituk hango hedabideetan ohartarazi dute balitekeela beste indarrak koalizio bat osatzen saiatzea ANC gobernutik at uzteko baldin eta igandera arteko zenbaketan ANCk indarra galtzen jarraitzen badu.
Duela bost urteko hauteskundeetan, ANC gailendu zen, botoen %57,7 eskuratuta, eta bigarren indarra —atzoko bozketan bezala— DA izan zen, botoen %20,8 bildu baitzituen. Hauteskunde horietan hegoafrikarren %66 inguruk eman zuten botoa. Aurtengo datu zehatza oraindik argitara eman ez duten arren, hauteskunde batzordeak aurreratu du duela bost urte baino herritar gehiagok eman dutela botoa.