ANC, ezinbestean, ahuldu egin da

Barne gatazken, ustelkeriaren eta arazo sozioekonomikoen ondorioz, 1994tik Hegoafrikan agintean dagoen Afrikako Kongresu Nazionala inoizko atakarik zailenean dago. Asanblearako bozetarako hilabete falta den honetan, hegemonia politikoa kolokan du.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea, ANCren hauteskundeetarako programa aurkezteko ekitaldian, Durbanen (Hegoafrika), joan den otsailean. BABA JIYANE / EFE
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentea, ANCren hauteskundeetarako programa aurkezteko ekitaldian, Durbanen (Hegoafrika), joan den otsailean. BABA JIYANE / EFE
ander perez zala
2024ko apirilaren 28a
05:05
Entzun

Alderdi bat boterean hiru hamarkada jarraian egotea bada herrialde gutxitan ikusten den gertakari bat. Are gehiago aintzat harturik hori beti aulkien gehiengo osoari eutsita izan dela. ANC Afrikako Kongresu Nazionalak lorturikoa, hortaz, ezohikotasunean sailka liteke. Baina testuingurua, dagoeneko, ez da lehengo bera, eta, ezinbestean, ANCren hegemonia politikoa ere desegiten ari da.

1990eko hamarkadaren hasieran apartheid sistema arrazista amaitu zenetik, Hegoafrikak identitate berri bat du, eta horren moldaketa ezin da ulertu Nelson Mandelaren alderdiak egindako lanik gabe. ANCk erabat definitu du herrialde horretako politika azken 30 urteotan, besteak beste, lege diskriminatzaileak kenduta, oinarrizko zerbitzuak biztanleria osora zabalduta eta beltzek itxiak zituzten ate asko irekita.

Horiek guztiak aurrerapausoak izan dira. Milioika herritarrek, ordea, jada ez dituzte arrazoitzak edo aitzakiatzat ANCren urteotako kudeaketa justifikatzeko. 2009tik hona beheranzko joeran da alderdia, bozetako emaitzei eta inkestei erreparatuz gero, eta hori neke baten adierazle da; eta, batez ere, egoera iraultzeko ezintasunarena. Hegoafrikak baditu zenbait arazo, baina, oro har, honako hauek eragiten dute kezkarik handiena: pobrezia, langabezia, ustelkeria eta krimenak. Desberdintasun sozioekonomikoak, gainera, oraindik ere handiak dira.

Hauteskundeen urtea da aurtengoa, munduan inoiz baino toki gehiagotan izan eta izango baitute botoa emateko aukera. Lehen lauhilekoan egindako bozetan ez da aldaketa esanguratsurik izan, eta horrek ere arreta Hegoafrikan jartzea eragin lezake, pisuzko lehen berritasuna gerta bailiteke hautetsontzien bitartez: 1994an boterera iritsi zenetik lehen aldiz, ANCk botoen eta eserlekuen erdiak baino gutxiago bildu litzake, inkesten arabera. Datorren maiatzaren 29ko Hegoafrikako Asanblearako hauteskundeak, hortaz, azken hiru hamarkadetako bozik garrantzitsuena lirateke, herrialde horretako zenbait politikarik eta analistak dagoeneko deskribatu dutenez.

Joan den otsailaren 8an, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak —2018tik dago kargu horretan— hitzaldi bat egin zuen Asanblea Nazionalean, Nazioaren Egoerari buruzko saioan. Bere lehen agintaldia defendatzen ari zen, baina, praktikan, ANCren hiru hamarkadei buruz aritu zen, bai baitaki alderdiaren hauteskunde aurreikuspenak inoiz baino txarragoak direla. «Ezin dugu ukatu hegoafrikarrek izan duten garapena azken 30 urteetan, eta ezin ditugu gutxietsi oraindik ere ditugun erronka gogorrak», adierazi zuen Ramaphosak.

Hegoafrikako presidenteak, oro har, estrategia horri eutsi zion diskurtsoak iraun zuen bitartean: arazoak daudela aitortu zuen, baina betiere gehituta herrialdea apartheid garaian baino «toki hobean» dagoela. Oraindik ere ANCrekiko konfiantza izateko, alegia; hori izan zen egiazko mezua.

Zeren eta Ramaphosa bilakatu da alderdi horren arazoen erdigunea; zuzenean, eta zeharka. %32ko langabezia tasaz gain, besteak beste, Hegoafrika elektrizitate krisi bat izaten ari da, eta hori bilakatu da kritiken adibiderik esanguratsuena; kasurako, joan den urtean, herritarrek egunean hamabi egun pasatu behar izan zituzten argirik gabe. Eta hori guztia Jacob Zumari leporatzen diote, aurreko estatuburuari (2009-2018); baita egungo presidenteak ere.

Zumari egozten diote «kontrolik gabeko ustelkeria» ahalbidetzea bere agintaldian, eta Gupta familia dirudunari estatuaren, enpresa publikoen eta finantzaketaren kontrola ematea. Hori guztia aintzat harturik, Ramaphosak esana du bere gobernua «kalteak konpontzen» ari dela. Haren arabera, 200 lagun baino gehiago inputatu dituzten ustelkeriagatik, eta «lapurturiko» 422 milioi euro inguru itzuli dituztela; gobernuaren kalkuluen arabera, denera 26 mila milioi euroko izan ziren.

Eta, horrek, halabeharrez, jada existitzen ziren barne zatiketetan sakontzea eragin du.

Zumaren mehatxu politikoa

Testuinguru geroz eta zailago horren erdian, Zumaren erabaki batek zeresan handia izan lezake datorren hilabeteko hauteskundeetan. Joan den abenduan, Hegoafrikako presidente ohiak jakinarazi zuen ANCko kide izango zela oraindik ere, baina ez zuela alderdi horren aldeko kanpaina egingo. Aldiz, MK Nazioaren Lantzaren alde egingo duela azaldu zuen.

MK iragan urte hasieran sortu zuten —ANCren adar armatua izan zenaren (1961-1993) izen bera du—, eta Hegoafrika ekialdeko KwaZulu-Natal probintzian du babesik handiena —biztanleria handiena dutenen artean bigarrena da—; inkesten arabera, boto gehien jasoko duen indarra izango da han, eta, denera, herrialdean, babesen %10 eta %15 artean bilduko luke. Horrek, ezinbestean, kalte egingo lioke boterean dagoen alderdiari.

(ID_13433011) SOUTH AFRICA PRESIDENT ZUMA POLITCAL
Jacob Zuma Hegoafrikako presidente ohia —erdian—, iragan abenduan, MK alderdiaren agerraldi batean, Johannesburgon (Hegoafrika). KIM LUDBROOK / EFE

Zumaren babesa eta ospea, hortaz, MKren oinarrietako bat bilakatu da hilabeteotan jarraitzaile gehiago bereganatzeko; batez ere, gobernuaren ustelkeria, delituak, langabezia eta bestelako arazoak amaitzea nahi dutenen artean. Hegoafrikako presidente ohiak esana du bere iritziz ANCk ez duela gehiagorako balio, eta ziurtatu egingo duela MK-k nahikoa babes lortuko duela irabazi eta herrialdearen konstituzioa aldatzeko; betiere, «sufritzen ari den gehiengo beltzaren» mesederako.

Eta borroka hori guztia ez du modu pasiboan egin nahi Hegoafrikako presidente ohiak. Behintzat, teorian; hautagai gisa aurkeztu nahi baitu bozetara, baina hauteskunde batzordeak zalantzak ditu, 2021ean hamabost hilabeteko espetxealdira zigortu baitzuten, auzitegi bati erdeinu egiteagatik. Hala, afera hori «argitzeko» eskatu zion Auzitegi Konstituzionalari, eta haren esku dago behin betiko erabakia.

Barne eta kanpo arrazoi sorta baten ondorioz, hortaz, atakarik zailenean dago ANC. Mugarri itxura dute datorren hilabeteko Asanblea Nazionalerako bozek, koalizio gobernu bat osatzeko beharra izan lezakeelako alderdi horrek. Eta hori, ezinbestean, herrialdearen errealitatearen eta eboluzioaren erakusle litzateke; baita aldaketa batena ere.

ANCk, behintzat, ez du begi onez ikusten boterea partekatu behar izatea. Kasurako, alderdiko kide beterano Nomvula Mokonyanek zera adierazi zion Reuters albiste agentziari, joan den martxoan: «Ez goaz gerrara porrota onartuta. Gerrara irabaztera goaz. Koalizio gobernu batek, oraingoz, ez luke funtzionatuko». Itxura guztien arabera, ordea, gobernatzeko aliantza bat osatzea ezinbestekoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.