ANC ez da Kataluniako hauteskundeetara aurkeztuko

Bozetara aurkeztearen aldeko hainbeste boto izatea alderdi politikoei eginiko «ohartarazpena» dela iritzi dio erakundeak. CUPek adierazi du Espainiako estatuarekin hausteko politikak babestuko dituela.

ANCk ezezko botoa eman dio gaur, Bartzelonan, Kataluniako hauteskundeetan zerrenda gisa aurkezteari. BERRIA
ANCk ezezko botoa eman dio gaur, Bartzelonan, Kataluniako hauteskundeetan zerrenda gisa aurkezteari. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 16a
18:10
Entzun

Pere Aragones ERC Esquerra Republicanako buruzagi eta Kataluniako Generalitateko presidenteak asteartean erabaki zuen hauteskundeak aurreratzea. Maiatzaren 12an bozkatuko dute katalanek, baina ez da astebete pasatu eta jadanik joko zelaiko hautsak harroturik daude. Eragile politikoak mugitzen hasi dira, haien artean ANC Biltzar Nazional Katalana. Erakundeak hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du, gutxigatik bada ere. Gaur zuten batzarra ANCko kideek herritarren zerrenda gisa aurkezteko, eta, puntu baten aldeaz, ideia bertan behera uztea erabaki dute.

Erakundeko 7.599 kidek hartu dute parte galdeketan, eta horien %49,45ek ezezko botoa eman dute: 3.758 kidek. Hauteskundeetara aurkeztearen alde agertu dira %48,16. Beste 181ek zuriz bozkatu dute.

ANCko presidente Dolors Feliuk esan du aurten ez direla aurkeztuko; hala ere, ohartarazi du hain alde txikia izanik ez dela behin betiko ezezko bat, baizik eta «oraingoz» hartu duten erabaki bat: «Ez gara maiatzaren 12ko hauteskundeetara aurkeztuko kideek hala erabaki dutelako, baina aurkeztearen aldeko hainbeste boto izatea Kataluniako alderdiei eginiko ohartarazpen moduan ulertu behar da».

ANCk rol garrantzitsua jokatu du Kataluniako mugimendu independentistan. 2017ko urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zuen erakundeak aktiboki, eta haien buru Jordi Sanchez espetxeratu egin zuten, beste hainbat kargu politiko eta gizarte ekintzailerekin batera. Ez da lehen aldia ANC politikarekin zuzenean lotzen dela. Izan ere, 2018ko otsailean, Sanchezek Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyako buru eta Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (2016-2017) Sanchez proposatu zuen presidente izateko, bera Bruselan erbesteratuta zegoela —momentu hartan Sanchez espetxean zegoen—.

ANC ez da izan gaur Kataluniako taula politikoan fitxak kokatzen ari den bakarra. CUPek eta PSCk ere erabakiak hartzeko eguna izan dute. CUP iragan abendutik dago «diskurtsoa errealitateari egokitzeko» prozesu batean murgilduta. Batzorde politikoa izan dute gaur independentistek, hauteskunde kanpainako komiteak eta —diskurtsoaren eraberritzearekin lotuta— proposamen politikoak martxan jartzeko. Kataluniako Parlamentuan CUPeko diputatu Carles Rierak argi utzi du zein izango den haien xedea datorren legegintzaldiari begira: «[Espainiako] Estatuarekin haustea ahalbidetzen duen ekintza politikoa bultzatzea».

«Autodeterminaziotik eta klima aldaketaren aurkako jardueratik aldentzen gaituzten inertziak eten behar ditugu».

CARLES RIERACUPeko diputatua Kataluniako Parlamentuan

Rierak ERCri eta JxCri leporatu die «gatazka independentista gelditu» izana PSCrekin akordioak egiteagatik. Are gehiago, Rierak ohartarazi du azken urteetan hiru alderdi horiek egin dituzten politikek «Katalunia kolapsora» bideratzen dutela. «Autodeterminaziotik eta klima aldaketaren aurkako jardueratik aldentzen gaituzten inertziak eten behar ditugu», esan du CUPeko diputatuak.

CUPek apirila heldu aurretik jakinaraziko du zein izango den maiatzaren 12rako bere zerrenda. Hautagaitza horretan nortzuk joango diren erabakitzeko prozesua hasiko dute orain, CUPeko lurraldeetako komiteek egingo dituzten ekarpenak oinarri hartuta. Behin zerrenda hori onduta, militanteek oniritzia eman beharko diote zerrenda behin betikoa izateko.

Illa hautagai, berriro

CUPek ez bezala, Generalitateko presidentegaia hautatu du PSCk gaur. Salvador Illa alderdiko buruzagi eta presidentegai legez berretsi dute kideek PSCren XV. kongresuan. Illa da bi karguetara aurkeztu den bakarra. Herenegun Espainiako Kongresuan onartu zuten amnistia lege proposamenaren harira, Illak adierazi du «katalan guztientzako aro berri» baten alde egingo duela: «Etorkizun berri bat eraiki behar dugu, itxaropenez beteriko aroa. Kataluniako normalizazio politikoa egia bihurtuko duen aro berria eraiki behar dugu».

Are gehiago, Kataluniako prozesu subiranista indartsuen izan diren urteak «hamarraldi galdutzat» jo ditu PSCko hautagaiak, eta «hori gainditzeko momentua» heldu dela azpimarratu du. «Askotariko Espainiaren eraikuntzan konprometituko den Katalunia» baten beharra gaineratu du. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Illaren hautagaitza berretsi izana txalotu du.

Sanchezen eta Illaren arteko harreman on hori kritikatu du, zehazki, Aragonesek. «Moncloako [Espainiako presidentearen etxebizitza] delegatu bat» Kataluniako presidente ez izateko, ERC bozkatzera dei egin du gaur. Alderdiko buruzagi Oriol Junquerasekin batera egindako agerraldian, Generalitateko presidenteak kargua berresteko eskatu die boto emaileei. Izan ere, Aragonesen ustez, «Espainiako presidentearen menpe dagoen hautagaia» Kataluniako presidente eginez gero, ezingo dute eskumenen transferentziarekin aurrera egin.

Aragonesek amnistia ere izan du hizpide. «Eskubide eta askatasunetan oinarritutako Katalunia» eraikitzeko balioko duela iritzi dio, eta adierazi du beste urrats bat dela «jazarpena amaitzeko bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.