ANALISIA

«Zuek nahi baduzue, ez da ipuina»

JOSSE MARI PASTOR
2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Oker daude Israelek larunbateko atentatuari emandako erantzunaren ondoren Ekialde Hurbileko gatazka hedatu edo internazionalizatzearen arriskuaz mintzatu direnak: gatazka internazionalizatuta dago Israelgo estatua Ekialde Hurbilean sortu zutenetik. Askoz lehenagotik: Theodor Herzlek 1897an Basilean Lehen Kongresu Sionista eratu eta bertan mundu osoko juduei Palestinara joateko eskatu zienetik. Herzlek estatu juduaren ametsaz orduan esan zituen hitzek geroa iragarri zuten: «Wenn Ihr wollt, ist es kein Märchen» («Zuek nahi baduzue, ez da ipuin bat»).

Gatazka, beraz, internazionalizaturik dago, hasiera-hasieratik, nahiz gehienetan barne arazo moduan baino ez zaigun azaltzen: Israelek palestinarren kontra bultzatutako etengabeko garbiketa etnikoan estatua izateko eskubideanedo palestinarrek emandako erantzun bortitz odoltsuan terrorismoan.

Israel estatu terrorismoa egiten ari baita sortu zenetik. Estatu terrorismoa estatu juduaren mugen barruan egin izan du askotan, baina kanpoan ere bai, herrialde independente gisa nazioartean onartuak diren estatuen kontra.

AEBen babesean eta AEBen ereduari segituz, Israelek igandean Sirian egindako erasoa politika horren jarraipena baino ez da. Lehenago ere Irakeko zentral nuklear baten kontra egin zuen, Saddam Husseinek bertan arma nuklearrak egin nahi zituela argudiatuta. Orain, horretan jardutea egotzi dio Tel Avivek Irani.

Haifan ekintzaile palestinar batek larunbatean egindako sarraskiak, azkenaldiko odoltsuena izateaz gain, gutxien espero ziren ondorio politikoak eragin ditu: batetik, Israelek ez du Arafat kanporatu; bai, ordea, Siria bonbardatu; bestetik, Palestinako presidenteak larrialdiko gobernua osatu du. Ahmed Kureia lehen ministro izango da bertan, baina bere boterea hutsaren hurrena izango da: raisa berriro ere garaile irten da krisialdian.

Siriaren kontrako erasoa erantzun puntuala izan da eta efektu terapeutikoa izan du israeldarrentzat: palestinar iheslariak jo dituzte, eta garrantzitsuena Siria AEBen begietan jarri dute, Gaizkiaren ardatzean, Washingtonek Damasko estu dezan. AEBen presioa Siriaren kontra ez litzateke zorioneko suntsipen handiko armen inguruan izango, palestinarren kontra egiteko baizik. Iran, Israelen beste arerioa eskualdean, presiopean dago jadanik ekoizpen nuklearra dela-eta. Egoera ezin hobea da bi herrialdeak presionatu eta Israelek Ekialde Hurbilean potentzia bakarra izaten segitzeko. Indarkerian oinarrituta, ondorio guztiekin. Sionisten ametsa ez da bukatu, ezta palestinarren amesgaiztoa ere. Hau ez baita ipuina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.