Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Zertarako behar du Mexikok pozoi botilatua?

2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

2010ean, Unescok Gizadiaren Ondare Immaterial izendatu zuen Mexikoko gastronomia. Geroztik sona hartu du bertoko sukaldaritzak, mexikartasunaren funtsezko elementutzat hartua izateraino. Gero eta gehiago dira konkista aurreko zein osteko janari eta platerak berreskuratzen, zaintzen eta sustatzen dabiltzan sukaldariak. Hargatik, Mexikora datorrenak ondo daki, gure aita zena bezain milika ez bada behintzat, berton ondo jateko aukera izango duela. Bitxia egin zaio, hori bai, ikustea gutxi batzuk oso ondo elikatzen direla baina mexikar gehienen dieta negar egiteko modukoa dela.

Hirigune handietan kalean jateko ohitura dute mexikar xumeek. Nonahi eta aldi oro ikusten da jendea jaten kaleko sukaldeetan. Txantxetan dioten bezala, T bitamina kontsumitzen dute batez ere; takoak, tortak (ogitartekoak) eta tamalak, alegia. Koipez gainezka daudela jaten dituzte, freskagarria ondoan dutela. Itxura ona dutela ezin ukatu. Moctezumaren mendekua deitzen diote kalean jateagatik bisitariak harrapatzen duen kakapirriari. Kalekoa bakarrik balitz, gaitz erdi! 1994an Ipar Amerikako hiru herrialdeek merkataritza ituna sinatu zutenean, tropelean sartu ziren Mexikon AEBetako zabor-janari enpresak. Eta sei urte geroago, Vicente Fox, Coca-Colak Mexikon zuen burua, presidente egin zutenean, freskagarriek ura ordezkatu zuten jende xumearen mahaietan.

Adierazpenok ez dira gehiegizkoak. Hogeita hamar urtean obesitatea pandemia bilakatu da Mexikon. Datuak ikaragarriak dira: gehiegizko pisua dute heldu gehienek, lautik hiruk, eta horien herenek obesitate morbidoa dute. Adingabekoei dagokienez, %35ek dute gainpisua. Bestela esanda, Mexiko da munduan lodi gehien dituen herrialdea. Adingabekoei erreparatuz gero, bigarrena. Horrek ondorio oso larriak eragiten dizkio osasun publikoari. Urtero, gutxi gorabehera, 230.000 mexikar inguru hiltzen dira gizentasunarekin lotura estua duten gaitzengatik. Narkoek hiltzen dituztenak baino dezente gehiago.

Azken pandemiak agerian utzi zuen arazoa, eta areagotu egin zituen buruhausteak. Arazoa agerian, 2020ko abenduaren hasieran, Mexikok 1,2 milioi kasu eta 110.000 heriotza baino gehiago izan baitzituen, kutsatutakoen artean %17 zirelako gehiegizko pisua zutenak, baina kopurua %45era igotzen zelako hildakoen kasuan. Eta buruhausteak areagotu, osasun krisiak ezusteko eragina izan zuelako mexikarren pisuan: 8,5 kilo gizendu ziren, batez beste.

Egoeraren larriak jopuntuan ezarri zituen azukredun freskagarriak, arestian aipatu hildakoen artean 41.000 inguru zuzen-zuzenean edariok eragindakoak direlako. Lopez-Gatell Osasun sailburuordearena izan zen pandemiaren kontrako hitza, eta bereak dira une estu haietan adierazitako hauek: «Zertarako behar dugu pozoi botilatua, freskagarrien pozoia?».

Izan ere, azukredun freskagarrien kontsumoa gehiegizkoa da Mexikon, Coca-Colarena bereziki. Munduan, bizitzaren txinparta gehien kontsumitzen duten herrialdeak latinoamerikarrak dira, eta horien artean Mexiko da garaile. Yale Unibertsitateko (AEB) adituek egindako azterketaren arabera, urtean 165 litro freskagarri edaten ditu mexikar bakoitzak. Esan daiteke, huts egin gabe, freskagarriak, eta Coca-Cola bereziki, elikagai bihurtu direla mexikarrentzat. Kontsumitzaileen Boterea izeneko elkarteak jasotako datuen arabera, bizitzeko duten diruaren %10 freskagarritan xahutzen dute mexikarrek.

Eta kontsumo gehiegizkoa are larriagoa ei da landa-eremuetan, eta indigenen komunitate zaurgarrietan. Horietan, 2019an gobernuak berak aitortu zuenez, hamar umetik zazpik freskagarri edo zuku prozesatuekin gosaltzen dute.

Foxek, presidentetza hartuta, ez zituen bere aurreko ugazabak ahaztu, eta haien esku utzi zituen herrialdeak dituen ur edangarrien iturri asko eta asko. Hain dira larriak ondorioak, ezen Chiapas eskualdean, esaterako, Coca-Cola edaten baitute herri indigenetan, ez daukatelako ur edangarririk eztarritik behera sartzeko, nahiz eta eskualdeak biltzen duen bere baitan Mexikok duen ur edangarriaren heren bat.

Eta Chiapas aipatzeko moduko kasua da, berau delako munduan, batez beste, Coca-Cola gehien edaten duen eremua. Chiapasen, herritar bakoitzeko, 821,25 litro Coca-Cola edaten da urtean, munduan edaten denarekin alderatuta 32 bider gehiago. Esan bezala, urik ez dutelako eskura edaten dituzte freskagarriak, baina baita bere garaian larregizko alkoholaren kontsumoa gutxitzeko, agintariek, Chiapasen, freskagarriak edatera gonbidatu zutelako jendea, herritarrak Coca-Cola bezalako enpresen atzaparretan utziaz.

Coca-Colak jatorrizko hizkuntza eta herri indigenen irudiak baliatu izan ditu azukredun freskagarria etxe guztietan bakarrik ez, elizetan ere sartzeko. Bai, ardoaren ordez «pozoi botilatua» baliatzen dute herri indigenek beren erlijio-erritualetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.