Odei A. Etxearte.
Kataluniako hauteskundeak. IRITZIA

Zerbait mugitzen ari da azpian

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Kataluniako bozen emaitzen mapari adi-adi erreparatu behar zaio ohartzeko botoa aldatzen ari dela, poliki-poliki. Angelu zabal batetik begiratuz gero, ikusten da gatazka politikoa hortxe dagoela, errepresioa, barne desadostasunak eta pandemiaren kalteak gorabehera, eta ikusten da, era berean, parlamentuan bi bloke finko daudela, bloke horietako bakoitzean liderra aldatu dela, eta sozialistek eta ERCk hitz egiteko eskatzen diotela elkarri. Negoziatzeko borondate horri, ordea, ezingo zaio luzaro eutsi fruiturik ematen ez badu. Izan ere, sozialistek ondo eraman dezakete elkarrizketa mahai antzu bat izatea, eta, beharbada, horixe interesatzen zaie gehiena Madrilen eta Katalunian, baina katalanentzat eramanezina izango da, baita errepresioa bukatzen ez bada ere. Astelehenean bertan iritsi zen lehen mezua, hartu nahi zuen guztiarentzat. Fiskaltzak errekurtsoak aurkeztu zituen presoen hirugarren graduaren kontra, eta exijitu zuen kartzelara itzul daitezela. Dirudien horixe bera da. Pedro Sanchezek ere aitortu zuen: «Fiskaltza noren mende dago? Ba, horixe».

PSCk ezingo du gobernatu, eta independentismoa indarberritu egin da: eserleku gehiago ditu, eta botoen %50 baino gehiago. JxCk diputatu bat gutxiago eta 35.000 boto gutxiago ditu ERCk baino; behin eta berriz esaten ari da oraindik ez dagoela garbi nor gailendu den hegemonia independentista eskuratzeko borrokan; dudan jartzen ari da Pere Aragonesek modua izango ote duen bere estrategia ezartzeko, baldin eta epe jakinik ez badu independentismoaren oinarri soziala zabaltzeko, Moncloarekin hitz egiteko bide guztiak probatzeko eta nazioartean zilegitasuna handitzeko. Gainera, CUPek pisu handiagoa du orain parlamentuan, desobedientziaren eta aldebakartasunaren aldeko programa bati esker, betiere «matxinada demokratikoa» sustatu nahian. Zaila izango zaie proiektu bateratu bat hitzartzea, nahiz eta oraingo honetan Unidas Podemos Espainiako Gobernuan dagoen, indultuen alde egiteko prest, eta Zigor Kodeko sedizio delitua aldatzeko prest. Jakina da aspaldiko lagunek aspaldiko liskarrak ekartzen dituztela arrastaka.

Eta begira dezagun, bada, adi-adi. Abstentzioa inoiz baino handiagoa izan da, baina datuek aditzera ematen dute aldaketa batzuk izango direla, erne begiratzeko modukoak. Alderdi ez-independentistek (En Comu Podem barne) botoen %50 baino gehiago dituzte Kataluniako 933 udalerrietako 106tan: Bartzelonako eta Tarragona kostaldeko hiri metropolitano handi gehienak dira, Aran ibarraz gainera. Gehien-gehienetan, boto unionistaren ehunekoak behera egin du Kataluniako azken hiru bozetan: toki batzuk dira, baina garrantzizkoak, biztanle dentsitate handia baitute. Horietako askotan, ERC indar handiz sartu eta bigarrena geratu da, Ciutadansen aurretik, nagusitasuna sozialistena izanda ere. CUPek ere badu bere txokoa, eta JxCren oinarria ez da hutsala, indar handiagoa badu ere barnealdeko eskualdeetan eta Katalunia iparraldean. Emaitzak kontuan harturik, pentsa liteke ezer ez dela aldatu eta blokeak zeuden-zeudenean geratu direla. Baina azpian badirudi baietz, zerbait mugitzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.