Igor Susaeta.

«Zerbait egin dezakeenak egin dezala»

2024ko apirilaren 25a
14:30
Entzun

Pedro Sanchezek hartutako erabakiaren ondoren, zaila da ez gogoratzea Jose Maria Aznarrek iazko azaro hasieran esan zituenak, PSOEko liderra hirugarrenez Espainiako Gobernuko presidente izendatua izateko pronto zegoenean. 1996 eta 2004 artean Moncloako maizterra izandakoa eskuin muturrera lerratuta dabil aspaldian, eta kolpistatzat jo daitekeen diskurtso bat eman zuen, iritzita Sanchez «demokraziarentzako mehatxu bat» dela. Beraz, eskaera bat egin zuen Sanchez ekilibrista erorarazteko ahaleginean: «Zerbait egin dezakeenak egin dezala».

Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak ezin dute eraman haiek ez beste norbait egotea agintean; are gutxiago, hor dagoenak Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako independentisten babesa edukitzea. Orduan, Aznarrek esan bezala, jo eta ke saiatu dira, hau da, buru-belarri: mediatikoki, politikoki eta judizialki. Sanchezek, ordea, eutsi egin dio jokaleku basati horretan, bere ibilbide politikoan askotan erakutsi bezala, eusten trebatuta dagoelako.

Baina Aznarren aginduei jarraikiz, eskuinak prest daude Sanchezen kontra edozein modutan egiteko; baita haren emazte Begoña Gomez ere jopuntuan jarriz. «Ustelkeria eta influentzia trafikoa» leporatzen dizkiote. Espainiako Interes Gatazketarako Bulegoak duela hilabete esan zuen akusazio horrek ez duela oinarririk. Horrenbestez, talde ultra baten salaketa baten bidez segitu dute Sanchezen defentsa hausteko ahaleginean. «Zerbait egin dezakeenak egin dezala».

Oraingoz, lortu dute Espainiako presidentea inoiz baino kopetilunago agertzea eta Moncloako euste horma pitzatzea. Astelehenean jakingo da hori eraistea lortu duten, edo Sanchez hamaikagarrenez onik aterako ote den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.