Pedro Casas Alvarez.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa. IRITZIA

Zapaldutako demokrazia

2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Hasia da zenbait agintari politiko eta sozialen kontrako epaiketa: herriaren aginduz, erreferendum bat antolatu zuten, Kataluniako herritarrek aukera izan zezaten erabakitzeko zer harreman izan nahi duten estatuarekin.

Madrilen, pertsona eta talde askok nahi dugu parte hartu gure bizitzei eta antolaketa sozialari eragingo dieten erabaki garrantzitsuetan, eta hala frogatu zuten duela gutxi estatu formaren inguruan eginiko galdeketek. Eta, horregatik, herriek erabakitzeko eskubidea erabil dezatela ere babesten dugu, oinarrizko eskubide demokratiko bat baita. Madrilen, babes hori agerian geratu zen Kataluniako erreferendumaren alde antolatutako ekitaldian: epaileak debekatu bazuen ere, egin ahal izan zen, eta jendetsua izan zen, gainera. Eta Kataluniako preso politikoak askatzea eskatzeko manifestazioan ere gertatu zen hori, milaka pertsona bildu baitziren 2018ko apirilaren 7an Justizia Ministerioaren aurrean.

Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketak ez die auzipetuei bakarrik eragiten, gizarte osoari eragiten dio; izan ere, murrizketak pertsona batzuekin hasten dira, eta, azkenean, denei aplikatzen zaizkie. Eta hori badakigu hemen ere: pixka bat mugitzea edo sistemari gustatzen ez zaion zerbait esatea nahikoa da borraren eta togaren pisua sentitzeko—horren erakusgarri dira Alfon, rap kantariak, M-15ekoak, etxegabetzeen aurkako aktibistak eta beste hainbat—. Dena lotua dago, eta hori jende askok daki, nahiz eta ezkutatu egiten diguten egiazko informazioa —denok jasotzeko eskubidea duguna— eta horrek komunikazioa eta mobilizazioa oztopatzen dituen.

Argi dago herrialde honetan justiziak guztiz galdua duela prestigioa. Hasteko, hortxe dago matxinada akusazioa: matxinada izateko, indarkeriak egon behar du tartean, eta Estatua izan zen indarkeria erabili zuen bakarra. Gertatutakoak epaitzen ari den tribunalak, hau da, Auzitegi Gorenak, ez zuen inongo dudarik izan bere saletako baten epai bat zuzentzeko, bankuen interesei kalterik ez egitearren. Fiskaltzak zalantzan jartzen du Kataluniako auzitegien inpartzialtasuna, inguruaren eragina izan dezaketelakoan, eta guztiz alde batera uzten du Madrilgo presio mediatikoa, zigor zentzagarri bat aldarrikatzen duena.

Gatazka politiko bat da hau, eta esparru demokratiko batean bakarrik izango du irtenbide politiko bat. Beste guztia errepresioa da, eta justizia manipulatzea boterearen mesedetan. «¡A por ellos!» diotenek bakarrik —eta ez dira hainbeste, Kolon plazan ikusi dugunez egiten diete uko irtenbide politikoei, besteak beste, erreferendumari; nekez argitaratzen diren galdeketa batzuek diotenez, berriz, gutxienez estatu osoaren erdiak babestuko luke.

Gaur egun Espainiako Estatua osatzen dugun herriek eta klase herritarrek indarrak batu behar ditugu giltzarrapoa irekitzeko gero eta autoritarioagoa den erregimen honi; hain zuzen, erregimen honek uste du hautetsontziak elementurik subertsibo eta arriskutsuenak direla, eta agian arrazoi du. Berreraiki ditzagun zubi suntsituak, eta eman diezaiogun eskua elkarri, egun ukatzen dizkiguten eskubide politiko eta sozialak garatzeko bidea emango duen errepublika baten edo batzuen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.