Fidel Castroren heriotza. IRITZIA

Zaldi errebelde baten heriotza

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Zaldia hil da, animalia handia, ederra, sendoa, borondatez betea. Uharte honetan, jatorri afrikarreko sinesmenen oroitzapen lausoak ditu zaldiak, baita herri sinesmen askotarikoenak ere. Zaldia ez da nekatzen, ez du amore ematen, eta beti dago tematuta bere ametsak gordetzen dituen zelaian lauhazka ibiltzen.

Seguruenik, datozen hamarkadetan haren aurkari eta gaizki esaleek eta haren lagun eta miresleek idatziko dute azken sei hamarkadetan herrialde txiki honen historia ez ezik eskualdearen eta munduaren historia ere eraiki duen gizon honen historia, historia deitzen dugun hori, bere dokumentu misteriotsu eta ustekabekoekin.

Bizitzaren gorabeheretatik milaka aldiz bizirik atera zen arren, bera hiltzeko ehunka konspiraziotatik bizirik atera zen arren, azkenean, botak jantzita hil da, arrazoi naturalengatik, eta hori bere horretan bada errekor bat, baina, niretzat, albistea da hilzorian dagoen mundu honetatik bere ideiei, obsesioei eta ekintzei uko egin gabe joan dela, kontraesankorrak edo eztabaidagarriak ote ziren gehiegi inporta gabe.

Utziko didazue behingoagatik lehen pertsonan aritzen. Kubako iraultzaren azken emaitzen inguruko kexu zerrenda luzea daukat, baina gauza intimoa eta pertsonala da hori, eta gaurkoa bezalako egun batean, haren bizitza luze eta emankorraren funtsezko bi alderdi nabarmendu nahi ditut.

Aurrenekoa da —eta niretzat, inportanteena— benetako iraultzailea izan zela, eta horrek eredugarria beharko luke gaur egun bitxikeria bat baino gehiago, Che Guevararekin gertatzen den bezala. Fidelek inoiz ez zion esateari utzi mundua errotik aldatu behar zela eta orain arteko balioei eutsi behar zitzaiela. Etengabe bidali zuen mezu hori. Ahotsik gabekoen ahotsa izan zen, eta asko gara munduan ahotsik ez dugunok, gehiengoa.

Haren adierazpenak eta diskurtsoak ikerketarako materiala izan beharko lukete eskoletan: hezkuntzarako eta osasunerako eskubide unibertsalaz ari zen, justizia sozialaz, nazioen arteko harreman justuez, eta herrien independentzia eta autodeterminaziorako eskubide funtsezkoaz.

Eta nabarmendu nahiko nukeen beste alderdi bat da bere hitzekiko eta konpromisoekiko izan zuen fideltasuna. Eta ni naiz horren adibide.

Kubara iritsi nintzenean, deportatu gisa, 1984an, gurekiko konpromisoa erabatekoa izan zen. Hitzeman zigun inoiz edozer gertatuta ere ez gintuela utziko agintari espainiarren eskuetan, eta aitortzen ahal dizuet azken hiru hamarkadak oso konplexuak eta gorabeheratsuak izan direla. Fidelek, hala ere, inoiz ez zien amore eman presioei eta xantaiei; haren hitza euskaldun baten hitza zen. Kuba terrorismoa sustatzen zuten herrialdeen zerrendan sartu zuten AEBek, eta Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuak modu askotara egin zuten presio. Ifrentzuaren beste aldean, apenas esku bete euskaldun errebelde batzuk geunden, baina haren hitzak abagune politikoa eta ekonomikoa baino indar gehiago zuen. Ni Fidel horrekin geratzen naiz, eta horregatik zaldiarena: zaldi hau nire mitologia pertsonalean dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.