Laia Balcells

Zalantzaz betetako geroa AEBetan

2025eko urtarrilaren 19a
05:05
Entzun

Hitz batek ezin hobeto deskribatzen du nolakoa den gaur egun AEB Ameriketako Estatu Batuetako jokaleku politikoa: ziurgabetasun hitzak. Ez dago batere garbi zer ekarriko duen Donald Trumpen bigarren agintaldiak, baina, gutxienez agintaldi erdiko hauteskundeak egin arte —2026 arte—, Trumpen aldekoak izango dira Kongresuko bi ganberak eta Auzitegi Gorena. Azken horretan kontserbadoreek dute gehiengoa, eta, itxuraz, ez dituzte oso zorrotz egingo botereen arteko kontrolak.

Litekeena da agintaldi honek ondorio oso larriak izatea, eta ez bakarrik AEBetan bertan. Trumpek bai kanpainan eta bai azken asteetan esandakoa kontuan hartuta, baliteke nazioartean jokaleku oso kezkagarria sortzea. Adibidez, Trumpek interesa erakutsi du Groenlandia bereganatzeko, eta hango biztanleek argi utzi dute ez dutela nahi inork haiek «erosterik», nahiz eta batzuk ez dauden pozik gaur egungo statu quo-arekin eta lurraldea Danimarkatik independente izatearen aldeko ahotsak ere zabaldu diren.

Hauteskunde kanpainan, Trumpek behin ere ez du hitz egin espantsionismoaz edo nazioarteko gatazka gehiago eragiteaz, baina orain aipagai da Trumpek tirabirak sortuko ote dituen teorian aliatutzat dauzkan inguruko herrialde batzuekin, hala nola Kanadarekin. Panamako kanalaren inguruan zer asmo duen ere ez da batere agerikoa, haren kudeaketa auzitan jarri baitu orain. Bestalde, ez dago argi nola jokatuko duen Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkan, ezta AEBen politika beste bide batetik eramango ote duen ere Ekialde Hurbilean. Trumpekin, alferrekoa da edozein arau edo tradizio politiko: herrialdean inoiz ez da izan orain adinako ziurgabetasun politikorik, ezta 2016ko garaipenaren ondoren ere. Azken finean, orain askoz ere botere handiagoa du. Desegonkortasun horren ondorioak nabaritzen hasiak dira nazioartean ere, eta ezin da baztertu Trumpen bigarren agintaldiko erabaki batzuen ondorioek lurrikara handia eragitea.

Batzuek ez dituzte aintzat hartu Trumpek esandakoak, edo ez dituzte hain larritzat jo, ziur baitaude ez duela beteko hitzeman edo iradoki duenaren erdia ere, baina badira arrazoiak bestela pentsatzeko

Batzuek ez dituzte aintzat hartu Trumpek esandakoak, edo ez dituzte hain larritzat jo, ziur baitaude ez duela beteko hitzeman edo iradoki duenaren erdia ere, baina badira arrazoiak bestela pentsatzeko. Trumpek lehenago ere erakutsia du beste batzuk saiatzera ere ausartuko ez liratekeen gauza batzuk egiteko asmoa duela. Garrantzia kentze hori errealitatea ukatzeko modu bat da, nolabait; hala ere, ulertzen dut askorentzat hori dela modu bakarra beren bizimoduan segitzeko etengabe estu eta larri sentitu gabe. Gainera, batzuek Trumpen hitzei garrantzia kentzea ondorio bat da, estremismo politikoa —MAGA mugimenduak ordezkatua oraingoan— normalizatu izanaren ondorio bat; beraz, kezkagarria da.

Laburbilduz, ezinezkoa zait garbi aurreikustea zer ekarriko duen agintaldi honek, baina argi dago ez dagoela motiborik baikor izateko eta ondorio horietako gutxik izango dutela eragina AEBetako mugen barruan soilik. Adibidez, Trumpek erakutsi du ez duela inongo asmorik gizadiaren erronkarik handienetako bati heltzeko: berotze globalari. Los Angelesen izandako sute ikaragarriek arazo hori zein larria den nabarmendu besterik ez dute egiten. AEBek ez ikusiarena egiten badiote krisi horri, zer espero behar dugu munduko gainontzeko tokietan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.