Olatz Urkia
Leku-lekutan

Xi eta Scholz, oreka egin nahian

2024ko apirilaren 21a
05:05
Entzun

Aste honetan, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak bere bigarren bidaia ofiziala egin du Txinara. Joan den asteko larunbatean heldu zen Chongjing hirira, eta lehenengo egunetan, Shanghain eta Chongjingen presentzia duten enpresa aleman garrantzitsuenak bisitatu ondoren, iragan asteartean Xi Jinping presidentearekin eta Li Qiang lehen ministroarekin bildu zen, Pekinen. Bileraren ostean, bi aldeek balantze ona egin zuten. Agintari txinatarrek adierazi zuten azken urteetako tentsioa ukatu ezin den arren, bi herrialdeen arteko harremanak sendoak direla. Buruzagi alemanak ere onartu du Alemaniak Txina behar duela, eta garrantzitsua dela bi herrialdeen arteko komunikazioa hobetzea bai merkataritzan, baita diplomazian ere, are gehiago mundua tentsioz gainezka dagoen honetan.

Merkataritza harremanei dagokienez, bi herrialdeen artean oreka bilatzea ez da erraza. Izan ere, batak bestea behar du: Txinarentzat, Alemania da Europan duen merkataritza kide nagusia; zortzi urtez jarraian herrialde hori izan da esportazio txinatarren lehen helmuga. Alemaniako enpresa eta kontsumitzaileentzat, hortaz, Txina da hornitzaile nagusia eta behar dute. Salmentei dagokienez, Alemaniako produktuak gehien erosten dituzten munduko herrialdeetan laugarrena da Txina, Frantzia, Herbehereak eta Ameriketako Estatu Batuen ondoren.

Bidaia horretan Scholz Alemaniako enpresarik handienen dozena bat zuzendari nagusirekin izan da Txinan. Chongjingen eta Shanghain merkataritzak markatu du agenda. Kantziler alemanak bisitatu dituen enpresetan segur aski Xiri konpetentzia leialago bat exijitzea eskatu diote. Izan ere, Txinan presentzia duten enpresa alemanen bi herenek salatzen dute egoera gero eta zailagoa dela Asiako potentzian enpresa atzerritarrentzat; batez ere, energia berriztagarrien sektorean hemengo enpresek abantaila handia dutela ziurtatzen dute.

Iragan astearteko bileran, Scholzek lortu zuen Xirengandik gutxienez keinu sinboliko bat, eta agintari txinatarrek hainbat neurri protekzionista bertan behera utziko dituztela jakinarazi zuten; pauso txiki bat da, behi eta txerri haragiaren zein sagarren inportazioei bakarrik eragiten die, baina intentzio ona erakusteko lehen pauso garrantzitsutzat hartu dute alemanek. Aldi berean, Txinako presidenteak deialdia egin du Europako Batasunak enpresa txinatarrekiko jarrera aldatu eta protekzionismoa mugatu dezan.

Scholzek Xiri ziurtatu zion merkataritza harreman onak mantendu nahi dituela, baina Alemaniarentzat beharrezkoa dela Txinarekiko dependentzia gutxitzea. Oreka zaila, hortaz, baina gutxienez bilkuran elkarlanean aritzeko prest agertu dira bi aldeak.

Xik aipatzen duen mundu multipolar horren beldur

Agenda ikusita, bidaia horren protagonista merkataritzak zirudien arren, geopolitika bihurtu da, noski, Xiren eta Scholzen arteko bileran gai nagusia. Diplomazian ere zaila da bi herrialdeen arteko negoziazioa. Txinak azkenaldian Alemaniak gustuko ez duen norabidea hartu du: Errusia, Ipar Korea eta Iranengana gerturatu da, eta horrela Mendebaldeari beldurra sortu zaio, ez ote duen Pekinek Mendebaldearen aspaldiko ordena mundial hori aldatuko.

Ez da sekretua Txinak «mundu multipolarra» nahi duela, azken urteotan goi bilera bakoitzean errepikatu du hori Xik, baina ordena berri posible horretan erdiguneko aukera nahi du Europako Batasunak. Txina negoziatzeko prest ageri da, eta Xik onartu du oraingoz behintzat Errusiarengana gehiegi ez gerturatzeko eskaera. Oraingoan ere Scholzek ziurtatu du Ukrainan gerra amaitu ahal izateko Vladimir Putini presio handiagoa egin diezaiola eskatu diola bere homologo txinatarrari.

Txinak Errusiari bizkarra emateko itxaropena aspaldi galdu da, joan den astean bertan Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Pekinen izan zen, eta Xiren aurrez aurre bildu zen. Are gehiago, iragan maiatzean Putinek Txinara bidaia ofiziala egingo duela diote zurrumurruek, hauteskundeak irabazi ondoren egingo duen lehen bisita litzateke.

Hala ere, Mendebaldearentzat egoera asko okerragoa izan liteke. Orain, Txinak Errusiarekin harreman estua duela ez du ezkutatzen, eta, adibide,z erabilpen bikoitza duten esportazioak egin ditu, berez salmenta militarrak izan gabe, arlo militarrean erabil daitezkeen produktuak saltzen dizkio, hain zuzen ere. Baina ez dizkio mikrotxipak edo armak saltzen, eta argi eta garbi esan du arma nuklearren erabileraren aurka dagoela erabat.

Alemaniak, zeharka bada ere, momentu hauek aprobetxatzen ditu Txinari gogorarazteko Errusiari orain baino gehiago lagunduko balio harremanen haustura ekarriko lukeela horrek.

Hiru gauza horiek erabat aldatuko lukete egoera, mikrotxipek eta armek Errusiaren gaitasun militarra asko areagotuko lukete eta indar nuklearraren arloan bere kide nagusiaren onespena jasotzeak ateak irekiko lizkioke Putini. Eta hori, behintzat, ez dirudi gertatuko denik. Hor dago, adituen arabera, horrelako bilkurei zentzua ematen dien puntu nagusia.

Alemaniak, zeharka bada ere, momentu hauek aprobetxatzen ditu Txinari gogorarazteko Errusiari orain baino gehiago lagunduko balio harremanen haustura ekarriko lukeela horrek. Aste honetako bilkuran bi liderrak Ukrainan bakea lortzeko bide diplomatikoaren bila jarraitzeko prest agertu dira.

Scholzen bidaia Europan ere kritikatu dute. Batzuek salatzen dute Alemaniako kantzilerra Europako Batasunarengandik aldendu eta Txinarengana gerturatzeko saiakera egiten ari dela. Horrelako bidaiak Emmanuel Macronekin batera edo Europako Batasuneko liderrekin elkarrekin egiteak Txinari mezu indartsuago bat bidaliko liokeela argudiatzen dute. Hala ere, aditu gehienen arabera, horrek ez du Europar Batasuna bigarren plano batean jartzeko intentziorik erakusten.

Eta bilkurak, egin behar zen oreka guztia kontuan hartuta, emaitza ona eman du; gutxienez, munduan tentsioa nagusi den honetan, Alemania eta Txina harremanak babesteko prest agertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.