Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Xake mugimenduak eskuin muturrean

2024ko abenduaren 15a
05:05
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak urtarrilaren 6an izendatuko du Donald Trump presidente. Orain hilabete izandako hauteskundeetan errepublikanoak lortutako garaipenak suspertu eta bizkortu egin ditu Amerika osoko eskuin muturrak, baita Mexikon ere. Kontinentean ez ezik mundu osoan harroputz dabilen mamuari gaitza izango zaio, baina, Claudia Sheimbaum presidente duen herrialdean atarramentu onik izatea, oraingoz. Ekaineko hauteskundeak Lopez Obrador presidente ohiak sortutako mugimenduaren eta bereziki Sheimbaumen beraren garaipen ukaezina izateaz gainera, bi horien kontra sutsu jardun zuen oposizioaren porrot paregabea izan ziren: Xochitl Galvez hautagaia bultzatu zuten PAN eta PRI eskuineko alderdiek gainbehera izan zuten, eta bere garaian ezkerrekoa izan zen PRDtik  geratzen zen apurra, desagertu egin zen. Gauzak horrela, aukera politiko berriak ireki zaizkie, oro har, kontserbadoretzat har genitzakeen eremuetan muturreko joerak gero eta irmoagoak dituzten eragileei.

2030eko hauteskundeak gogoan, hasiak dira horiek guztiak, nor bere aldetik, xake piezak mugitzen. Azaroaren 23an, Fronte Hiritarra osatzen duten hainbat taldek eta eragilek alderdi berria iragarri zuten, sei urte barruko bozketan presidentetza irabazteko. Tartean dira PAN eta PRDko kide izandakoak, Botere Judizialaren erreformagatik lanik gabe geratuko diren epaileak, eta, oro har, Sheimbaum presidentearen arerioak. Horien atzean, mugimendua diruz finantzatzen, Claudio X. Gonzalez ultraeskuineko ideiak dituen enpresaria. Biharamunean manifestazioa egin zuten horiek guztiek, eta mila lagun ere ez zituzten batu Zocalo plazan. Haien porrotaz jabeturik, Xochitl Galvezek argi esan die bidaide ohi horiei euren balizko alderdiak huts egingo duela, eta ez dela inora iritsiko, gazterik ez dagoelako hor barruan. Bide batez, bere alderdi propioa iragarri du Galvezek, sei urte barru, betiko alderdien zama ondo astinduta, orduan bai, irabazteko.

Ika-mika horietatik kanpo, Felipe Calderon presidente ohia Madrilen izan zen aurreko astean, Neos fundazioak antolatutako Mexiko eta Espainia: Betirako adiskideak foroan. Topaldiak zuen berariazko asmoa Mexikoko gobernua salatzea zen, Espainiako erregeari ustez egindako irainagatik; hau da, herri indigenei barkamena eska ziezaien egin zion eskaeragatik. Jaime Mayor Oreja eta María San Gil buru dituen fundazioak eskatuta, bertan hitz egin zutenen artean nabarmen aritu zen Sheimbaumen kontra Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea. Mexikotik hitza hartu zuten, Calderon presidente ohiak ez ezik, Doris Seedorf komunikazio-teknologien enpresa bateko buruak, eta Ciro Gomez Leyva eta Ricardo Cayuela kazetariek. Bitxikeria bezala aipa dezagun azken hori Francok fusilatutako Companys Kataluniako presidente izan zenaren birbiloba dela. Fabrizio Mejia idazle mexikarrak ohartarazi bezala, Neos fundazioaren atzean dago El Yunque, Vox alderdiaren sorreran esku hartu zuen ezkutuko talde ultrakatoliko mexikarra.

Felipe Calderon presidente ohia Madrilen izan zen aurreko astean, Neos fundazioak antolatutako 'Mexiko eta Espainia: Betirako adiskideak' foroan.

Horiek Madrilen marmarka hasi baino egun batzuk arinago, Argentinan antzeko beste topaldi bat izan zuten Javier Milei presidenteak Latinoamerikan dituen gogaideek. Mexikok puntako bi ordezkari bidali zituen bertara: Eduardo Verastegui aktore eta politikari ultrakatolikoa, batetik; eta, bestetik, Ricardo Salinas Pliego enpresaburu ultraliberala, eta orain bi astera arte Mexikoko hirugarren gizonik aberatsena zena. Abenduaren 3an Salinas Pliegok 5.500 milioi dolar galdu zituen balore-burtsan, eta ustekabeko hori sabelean zuela abiatu zen Buenos Aires aldera. Bertan lagun duen Mileiri bisita egin ondoren, topagunean mikrofonoa hartu, eta «ezker kakatsuak zabortegira» itzuli behar dituztela aldarrikatu zuen. Mexikoko Ogasunaren biktima, epaileek arrazoi eman diote gobernuari, eta Salinas Pliegok ia 3.000 milioi euroko zorra duela ebatzi dute. Lopez Obrador presidente zela hasi zitzaizkion urtetan ordaindu gabeko zergak eskatzen, eta liskarrean dabil geroztik gobernuarekin. Topagunetik kanpo, elkarrizketa egin zioten enpresa gizon honi, eta politikan aritzeko asmorik ba ote duen galderari zuzen erantzun zion: «Gu hemen ideiak sortzeko gaude; gero etorriko dira besteak horiek gauzatzera».  

(ID_14482147) ESPAÑA MÉXICO
Isabel Diaz Ayuso eta Felipe Calderon elkarrekin Madrilen, joan den abenduaren 2an. JAVIER LIZON / EFE

Eduardo Verastegui da orain arte argien mintzatu dena eskuin muturreko atriletik. Ekaineko hauteskundeetara alderdirik gabeko hautagai gisa aurkeztu nahi izan zuen bere burua, baina ez zituen lortu hautagaitza lortzeko behar ziren sinadurak. Orain Argentinan bildu diren horiek Mexiko Hirian izan ziren abuztuan, Jardun Politiko Kontserbadorearen Hitzaldian. Gora Kristo errege!, Gora Guadalupeko ama!, eta, Aberriaren, familiaren eta bizitzaren alde! aldarriak goiburu, Verasteguik eskuin-eskuineko alderdia iragarri zuen, 2030. urteko hauteskundeetan ezkerra garaitzeko. Abuztukoak berretsi ditu orain Buenos Airesen, eta argi utzi du hauteskundeetan lehiatzeko modu bakarra alderdia sortzea bada egin egingo duela: «2025ean hasiko gara alderdia eraikitzen, eta borroka egingo dugu, jakinda jainkoak bakarrik ematen duela garaipena».

Eskuinak muturrera jotzen duen bitartean, ofizialismotik AEBetara begira daude urtarriletik aurrera jazo daitekeenari begira neurriak hartzen. Aste honetan bertan, astelehenean, Claudia Sheimbaum orain arte arerio porrokatu izan dituen Negozioen Batzorde Mexikarreko buruekin batu zen, eta ekonomian bere gobernuak iragarri dituen neurriekin bat egin dezatela eskatu zien. Gerardo Fernandez Noroña Senatuko presidenteak berretsi bezala, oposizioaren noraeza ikusita, Morena alderdia 30 urtez egon daiteke agintean, baldin eta, haren hitzetan, gauzak ondo egiten baditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.