Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Von der Leyen emakumeen zain

2024ko abuztuaren 25a
05:05
Entzun

Europako Batasuneko herrialdeek abuztuaren 30era arteko epea daukate Europako Batzorderako komisario kargurako hautagaiak proposatzeko. Lehen agintaldian egin zuen moduan, Ursula von der Leyen batzordeko presidenteak bi hautagai proposatzeko eskatu die 27 herrialdeei; emakume bat eta gizon bat. Herrialde gehienek, ordea, muzin egin diote, oraingoz, eskaerari: komisario izateko hautagaiaren izena kaleratu duten 17 herrialdeetatik seik bakarrik aurkeztu dituzte emakumeak. Hain zuzen, dagoeneko aukeratu duten Von der Leyen —bera da Alemaniaren ordezkaria batzordean—; talde komunitarioaren diplomaziaburu kargurako Estoniak izendatu duen Kaja Kallas lehen ministro ohia; Espainiak Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa proposatu du; komisario izateko emakumeak izendatzeko joera duen Suediak,berriz, Jessica Roswall ministroaren izena bidali du Bruselara; Finlandiak Henna Virkunnen europarlamentaria aukeratu du; eta Kroaziak proposatu du Duvravka Suica azken legegintzaldian batzordeko Demokrazia eta Demografiako presidenteorde izandakoak batzordean jarraitzea. Horiek horrela, hautagaiak aurkezteko geratzen diren herrialdeek emakumerik proposatzen ez badute, genero berdintasunaren alorrean Europako Batzordearen ekimena zapuztuta geratu litzateke.

Batzordeko lehen emakume presidentea izandakoak, Von der Leyenek, gogoratu du 1958az geroztik 183 komisario egon direla eta horietatik 35 bakarrik izan direla emakumeak; %20 baino gutxiago. Populazioaren erdiari dagokiona eman behar zaiola azpimarratu du. Dena den, soilik hautagai gizonezkoa proposatu duten estatuek ez dute batzordeko presidentearen berdintasun ekimena aintzakotzat hartu nahi. Zer egingo du Von der Leyenek estatuen jarrera aldatzeko? Eta komisarioak karguan berretsi behar dituen Parlamentuak?

2019an, asko kostata, Von der Leyenek lortu zuen estatu gehienek emakumezko hautagaiak proposatzea. Politikari alemaniarraren lehen agintaldian hamabi emakume eta hamabost gizonezko zeuden batzordeko botere exekutiboan, Komisarioen Kolegioan. Erabateko berdintasuna lortu ez, baina helburu horretatik sekula baino gertuago egon ziren 2019an. Zergatik orduan bai eta orain ez? Beharbada, orain baino gobernu kontserbadore gutxiago zeudelako orduan Europako Batasunean? Batzordeko lehen emakume presidentea berriro aukeratu ondoren genero orekarekiko konpromisoa bete dutela pentsatzen dutelako estatuek?

Olinpiar Jokoetako ekitaldietan «égalité» mezua zabaltzen ibili da Frantzia, eta Thierry Breton komisarioa aurkeztu du bigarren agintaldirako. Hautagai bakarra, gizonezkoa. Antza, Eliseoan pentsatzen dute Europan genero berdintasunean egin beharrekoak bete dituztela 2027ra arte, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko lehen emakumearen agintaldia amaitu arte.

Eurostaten arabera, EBn goi mailako ikasketak dituztenean artean emakumeak % 48 dira; gizonezkoak, berriz, % 37

Irlandak Finantza ministroa, gizonezkoa, izendatu du komisario hautagai eta ez dauka Bruselara emakume baten izena bidaltzeko asmorik. Dublingo gobernuak adierazi du oso serio hartzen dutela genero berdintasuna, baina Finantza ministroa dela daukaten pertsonarik prestatuena eta ez dagoela beste inor hautagai izendatzeko beharrik. Azpimarratzekoa da Europako Batasunean, oro har, emakumeak gizonezkoak baino prestatuago daudela akademikoki: Eurostaten arabera, goi mailako ikasketak dituztenen artean emakumeak % 48 dira; gizonezkoak, berriz, % 37.

Von der Leyenek irailaren amaierarako bidali beharko du Parlamentura komisario izateko hautagaien zerrenda. Ondoren, entzunaldiak egingo dituzte eta Komisarioen Kolegio berriak azaroaren 1ean hasi beharko luke lanean. Ordurako jakingo dugu Europako Batasunak genero berdintasunaren alorrean atzerapausorik eman duen, eta egun batzuk geroago Kamala Harris Ameriketako Estatu Batuetako lehen emakume presidente aukeratu duten ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.