Albisteak ez du inor axolagabe utzi. Europako lehen ekonomiaren barruan, Bruselan eta nazioartean, Volkswagenen iragarpenaren oihartzunak hedatze-uhin bat balira bezala iritsi dira. Auto fabrikatzaile handiak gutxienez fabrika bat ixteko ideia mahaigaineratu duenetik, aztoratuta daude urak Alemanian. Automobilgintzaren erraldoia aspalditik dabil neke zantzuak erakusten. Eskaintza handia dago, baina, krisi energetikoaren ondorioz, autoak garestiak dira, eta eskariak behera egin du. Alemaniarrei ez zaie ziurgabetasuna gustatzen, eta bezeroek nahiago dute itxaron. Hori gutxi balitz bezala, kanpoko fabrikatzaileen lehia gero eta bortitzagoa da. Auto elektrikoei so eginez gero, Alemania da kotxe gehien saltzen dituen Europako herrialdea, baina horien matrikulazioek %16 behera egin dute azken urtean.
Horiek horrela, orain arte tabua zirudien aukera hipotetiko bat plazaratu du Volkswagenek: gutxienez fabrika bat eta osagarrien planta bat itxi eta orain arteko soldata politikak izoztu. Multinazional alemaniarrak 600.000 langile inguru ditu mundu mailan, eta horietatik erdiak Alemanian daude. Gainera, sindikatuekin hitzartuta dauka 2029ra arte lanpostu guztiak mantenduko dituela. Hori hala, iragarpenak gatazka handia aurreikusten du multinazionalaren eta sindikatuen artean. Robert Habeck Ekonomia ministroak esan du beharrezkoa baldin bada estatuaren esku hartzea bultzatuko duela, eta krisi honek ez duela Alemaniako ekonomia arrastaka eramango. Arazoa sakonagoa da, ordea.
Hamarkada luzez, Alemaniak joko bikoitza izan du nazioarteko harremanetan. Politikoki, NATOren aliatua eta menpekoa izan da, AEB Amerikako Estatu Batuen esku utzi duelako barne segurtasuna bermatzeko erantzukizuna. II. Mundu Gerraren ostean, Mendebaldeko Alemania desmilitarizatu egin zen, eta ez zuen segurtasunean inbertitu, zalantzarik gabe, pax americana delakoaren orbitan zegoelako. Ekonomikoki, berriz, Alemaniaren interesak NATOko aliatuen interesen kontra joan dira askotan. Nord Stream gasbideen eredua da, agian, argigarriena. Izan ere, 1990eko hamarkadan Gerhard Schroeder kantzilerrak Errusiako gasa zuzenean Alemaniara inportatzeko akordioa sinatu zuen Moskurekin; gasa Ukrainatik edo Poloniatik pasatu gabe. Gerra Hotzaren osteko ordena berrian, Alemaniak ekialdeari begiratu zion, eta Errusiarekin harreman komertzial pribilegiatuak bultzatu zituen. Ondoren, Angela Merkelek bere aurrekoaren bidea berretsi zuen, eta bigarren Nord Stream hodiaren eraikuntza bultzatu, horrek Mendebaldeko aliatu guztien, batez ere AEBen eta Frantziaren, haserrea eragin zuen arren. Lehen Nord Stream gasbidea 2011n ireki zen, eta Merkelek bigarrenaren eraikuntzari eutsi zion, baita 2014an Errusiak Krimea eskuratu zuenean ere.
Hori hala, azken hamarkadetako Alemaniako ahalmen ekonomikoa ezin da ulertu Errusiatik inportatzen zen gas merkerik gabe. Europako lehen potentziak ekoizpenaren deslokalizazioaren mamua saihestu ahal izan du etxean ekoiztea oso merkea suertatu zaiolako. Industria kimikoak, farmazeutikoak eta automobilgintzak gorakada itzela izan dute, eta enpresek soldata handiak mantendu dituzte langileentzat. Baina iragan uztailean %2,4 jaitsi da ekoizpen industriala.
Edonola ere, Ukrainako maila handiko inbasioak hankaz gora jarri du eredu hori, eta Nord Stream gasbideen aurkako sabotajeak argi utzi du erasotzaileek Alemaniaren eta Errusiaren arteko soka moztu nahi zutela. Automobilgintzaren kasuan, gainera, badago krisia ulertzeko beste faktore bat: une historiko honetan, auto elektrikoetarako saltoa ez da uste zen bezain errentagarria. Arrazoi nagusietako bat? Asiako, eta, batez ere, Txinako fabrikatzaileen lehia. Ekialde Urrunetik datozen auto elektrikoek uste baino arrakasta handiagoa dute, eta Alemaniakoak baino %30 merkeagoak dira. Gainera, 2023ko abenduaz geroztik, Olaf Scholzen gobernuak kotxe elektrikoen erosketak subentzionatzeari utzi dio. Ekaitzak osagarri asko ditu, eta luze joko duela dirudi.