Hainbeste albiste garrantzitsu eta larriren artean, Espainiako hedabideetan ia oharkabean pasa da egunotan Mexikori buruzko berri bat: joan den asteko larunbat gauean, bi gizon sartu ziren, armak eskutan, Queretaro hiriko Los Cantaritos tabernan, eta hitzik esan gabe tiro egin zuten bertan ziren guztien kontra. Hamar pertsona hil zituzten, ihes egin aurretik. Bitxia izan da albisteari emandako jarraipena. Bitxia, gutxienez hiru egunez aipatu zutelako sarraskia, eta are bitxiagoa aspaldiko partez ekintza atentatu gisa izendatu zutelako. Bitxia, zergatik? Oihartzunagatik, hasteko. Egun hartan La Jornada egunkariak garrantzi handiagoa eman zion Valentziako (Herrialde Katalanak) manifestazioari, hilketari berari baino. Ez zen bihozgabekeriagatik izan. Ez, egunero, batez beste, ehun hildako dituen herrialdean.
Uneagatik ere bai, agidanez, bitxia. Sarraskia bera horrela nabarmentzea, atentatua izan zela azpimarratuz, Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi eta bost egunera, bitxia bainoago, susmagarria dela esan genezake, bat egiten duelako horrek Trumpek Mexikori berriki egindako mehatxuarekin: «Kartelek agintzen dute Mexikon, eta, bai, bonbardatu egingo ditugu», esan zuen uztailean, eta kanpainan berretsi.
2019ko azaroan hasi zuen AEBetako orduko presidente Donald Trumpek Mexikoko narkotrafikatzaile taldeak terrorista izendatzeko prozedura, abenduaren bigarren astean bertan behera utziko bazuen ere. Horrekin ateak irekitzen zizkion bere armadari, duen botere guztia Mexikon bertan erabiltzeko eta narkotrafikatzaileak bizi eta jarduten diren eremuak suntsitzeko, bertako agintarien baimenik gabe gainera. Trumpek berriro aipatu du gaia garaipenaren ondoren egindako lehen adierazpenetan, eta izapideak berriz hasiko dituela agindu du. «Gure lurraldea berreskuratuko dugu, Amerikako Estatu Batuetako muga subiranoak berrezarriko ditugu, eta kartelak berehala aterako ditugu negoziotik. Alde egin beharko dute», esan du Trumpek, ohi duen irmotasunez.
AEBetako agintarien kasketa, baina, ez da berria. 2011n, Barack Obama presidente zela, ireki zen bidea narkotrafikatzaileak Erakunde Kriminal Transnazional gisa izendatu zirenean. Ordukoa da atzerrian militarki jarduteko AEBetako gobernuak bere armadari eman zion gaitasuna; tokian tokiko agintarien baimenarekin, edo baimenik gabe. Obamaren erabakiak ez zuen inolako ondorio operatiborik ekarri, baina mehatxuak balio izan zuen droga trafikatzaileen sorterrietako agintariak —mexikarrak bereziki— apaldu, eta DEAko egoitza eta agenteak otzanago onar zitzaten etxean.
Gaur egun, AEBetako Estatu Departamentuaren atzerriko erakunde terroristen zerrendan, ustez baldintzak betetzen dituzten 44 erakunde aipatzen dira. Gehienak Ekialde Hurbileko gatazkei lotutako taldeak dira, baina badira munduko beste hainbat txokotakoak ere; tartean, ETA eta FARC. Doktrina honen arabera, hauxe litzateke talde armatu disidente bat terrorista izendatzeko ezaugarririk garrantzitsuena, alegia: lurraldea eta aginte politikoak lortzeko izu kriminala erabiltzea, eta jarduera kriminal horrek AEBetako herritarren segurtasuna lokan jartzea.
Horretan datza, hain zuzen, gakoa. Aditu zenbaiten arabera, Trumpek hauteskundeotan lortutako garaipena erabatekoa izan bada ere, eta Ordezkarien Ganbera eta Senatua bere esanetara izango dituen arren, gaitza izango zaio Mexikoko talde kriminalak doktrina zurrun horrekin epaitzea, eta estatubatuarren kontra ekintza izugarriak egiten ari direnik frogatzea. Aitzitik, gogoratu dute, kartelek droga besterik ez dute garraiatzen, AEBetako herritarrek dituzten premiak asetzeko.
Mexikon bertan izan dira handiki estatubatuarrarekin bat egin dutenak. Aste honetan bertan, Marko Cortes eskuineko Ekintza Nazionala Alderdiko (PAN) buruzagiak narkoterrorismoa delitu larri gisa tipifikatzea proposatu du Parlamentuan, eta ustezko terrorista horiei guztiei aurre egiteko nazioarteko lankidetza ahalbidetzea proposatu du. Claudia Sheinbaum presidenteak berehalakoan erantzun dio, eta traidoretzat salatu du, atzerriko armaden esku hartzeari deitzeagatik.
Trumpek hauteskundeotan lortutako garaipena erabatekoa izan bada ere, gaitza izango zaio Mexikoko talde kriminalak estatubatuarren kontra ekintza izugarriak egiten ari direnik frogatzea
Asteon jakin dugu, gainera, karteletako buruek zer iritzi duten auzi honetaz guztiaz. Ismael El Mayo Zambada Sinaloa taldeko sortzaile eta buruari egindako elkarrizketaren berri izan dugu, nahiz eta galdera eta erantzunak 2021ekoak diren. El Mayo Zambada abuztuan atxilotu zuten AEBetan, Joaquin Guzman Lopezek, El Chapo Guzman narkoaren semeak salduta. Hamalau urte arinago egin bezala, El Mayo Zambadak kazetari bat aukeratu —Diego Enrique Osorno izan da oraingoan—, eta elkarrizketa eman zion, 2021ean, huntaz eta hartaz aritzeko. Solasaldian jasotakoarekin liburua kaleratuko du laster Osornok.
El Mayo Zambada lotsarik gabe mintzo da liburuan: «Pancho Villa ere terrorista zela esan zuten… Orain Estatu Batuek terrorista deituko digute guri, eta aitzakia horrekin bonba bat jarri nahiko digute». Kazetariak erronkari eutsi, eta «zer zarete zuek?», galdetzen dio. Eta besteak erantzun: «Gu Estatu Batuentzako beharrezkoa den negozio batean aritzen gara. Hori da guk egiten duguna».