Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Ursula 2024

2024ko maiatzaren 5a
05:10
Entzun

«Ursula von der Leyen naiz, europar harroa, zazpi seme-alabaren ama, eta Europako Batzordeko presidentetzaren bigarren agintaldirako lehian ari naiz». Esaldi horrekin aurkezten du Von der Leyenek bere burua Ursula 2024 leloa duen kanpaina-webgunean. Kanpaina berritu egin du popularren hautagaiak, burokrata hotzaren irudiari kutsu pertsonala emanez, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hilabete geratzen den honetan hautagaitza bultzatzeko. Batzordeko presidentea hautagai faboritoa bada ere oraindik, beste hautagai batzuren izenak agertzen hasi dira komunikabideetan.

Politico hedabide digitalaren arabera, Klaus Iohannis Errumaniako presidentea da Von der Leyenen tokia hartzeko popularren artean aukera gehien izango lituzkeena. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko buru izateko lehian ere badago Iohannis, eta azkenean Aliantza Atlantikoaren buruzagitza Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak hartzen badu, errumaniarrak Europako Batasuneko instituzioetan jarriko luke jomuga. Gainera, oso preziatua omen da gobernuburuen artean, tartean, Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren gustukoa. Horrekin batera, Europako Batasunean ekialdeko herrialde talderik handiena sartu zela 20 urte bete eta Ukrainako inbasioak Brusela ekialdera begira jarri dituen honetan, ekialdeko politikari baten txanda iritsi omen da Batzordea zuzentzeko.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Mr. Handsome izengoitia eman zion Le Chou sare sozial satirikoaren arabera, mozorrotuta aurkeztuko litzatekeen Emmanuel Macron Frantziako presidentea litzateke Von der Leyenen aulkia hartzeko aukera gehien izango lituzkeena, «bere buruaz bakarrik fidatzen delako». Hainbat komunikabide ez-satirikok diote Macron ez dagoela pozik Von der Leyenekin, eta Mario Draghi Italiako lehen ministro ohiaren eta Europako Banku Zentraleko zuzendari ohiaren hautagaitza bultzatzen hasi da.

2019an, Von der Leyen ozta-ozta berretsi zuen Europako Parlamentuak: 374 boto behar zituen presidente hautatua izateko, eta 383 lortu zituen. Babes txikiarekin eta ahul hasi zuen agintaldia politikari alemaniarrak. Horrekin batera, Bruselara iritsi zenean, Alemaniako defentsa ministro izandako urteetan banatu zituen kontratuen irregulartasunengatik ikerketapean zegoen. Kargua hartu eta berehala, pandemiaren kudeaketak eta gero Ukrainako gerrak eragindako energia krisiak bere irudia indartu dute.

Von der Leyenen agintaldiak itzalak ere izan ditu: Pfizer enpresaren buruarekin pandemia garaian txertoak erosteko egindako negoziazioak eta elkarri bidalitako mezu sekretuen aferak, Alemaniako alderdikide bati oparitu nahi izan zion kargua, eta Batzordean eta Kontseiluan dituen tirabirak. Politikari alemaniarrari Queen Ursula izengoitia jarri diote agintea berak bakarrik, inguruan dituen goi kargudunekin kontsultatu gabe kudeatzeko joera duelako. Horrez gain, Charles Michel Batzordeko presidentearekin lehia bizian dago beti, elkar ezin ikusiak ezkutatu ezinak bilakatuz.

Gazako gerran Batzordeko presidenteak Israelen alde erakutsi duen jarrerak ere asko haserretu ditu Batzordean, hiriburuetan eta iritzi publikoaren artean. Maastrichten (Herbehereak) iragan asteartean Batzorderako hautagaiek egin zuten debatean argi ikusi zen hori: Israelen kontra zigorrik zergatik ezarri ez duen leporatu ziotenean, bertan bildutakoen artean gaueko txalo zaparradarik handiena entzun zen. Eztabaida horretan, eskuin muturreko alderdiekin akordioak egiteko atea zabaltzeagatik salatu zuten beste hautagai batzuek. Von der Leyenek eskuin mutur «ona» eta «gaiztoa» bereizi zituen. Alde batetik, Alemaniako eskuin muturrarekin akordiorik ez, baina prest agertu da, besteak beste, Vox eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren alderdia —Italiako Anaiak— hartzen dituen ECR Europako Kontserbadore eta Erreformistak taldearekin akordioetara iristeko.

Inkesten arabera, Von der Leyen babestu duten sozialdemokratek eta liberalek eserleku asko galduko dituzte euroganberarako hauteskundeetan, eta ECR izan liteke hirugarren indarra popularren eta sozialdemokraten ondoren. Gauzak horrela, eskuin muturraren zati baten botoak behako ditu bigarren agintaldirako. Hori egiten badu sozialdemokratek babesik emango ez diotela esan dute. Berdeen, eskuinaren eta ezkerraren lehentasun batzuk bultzatuz lortu ditu Von der Leyenek hainbat neurri aurrera ateratzeko babesak parlamentuan eta eskuin muturraren agenda ere mugituko luke bigarren agintaldian. Migrazioaren kontrola Afrikako herrialdeekin azpikontratatzeko estrategia Melonirekin batera bultzatu eta gero, ondo ezagutzen du agenda hori.

Orain dela bost urte, Von der Leyen azken uneko ezusteko presidentea izan zen, popularrek izendatu zuten Manfred Weber hautagai ofiziala estatuek atzera bota eta gero. Von der Leyenek Batzordean jarraituko duen ala ez, beste behin, estatuen esku dago. Parlamentuan eskuin muturrak izango duen indarra, ordea, 27 herrialdeetako boto emaileek erabakiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.