Xabin Makazaga.
Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko bilera. Analisia

Uraren bideak

2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez itun fiskalik, ezta Kataluniak bere bidea egiteko aukerarik ere. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik Moncloan hartu du Artur Mas, baina —iragarria zuen gisan— Kataluniako presidentearen eskakizunei ateak itxi dizkio. Eta, bide batez, «Kataluniak bere bidea egingo du» esaldiarekin botatako erronkaren neurria argitzera behartu du Mas. Atzo, nolanahi ere, «haustura» baztertu egin zuen Kataluniako presidenteak, bilera ostean Madrilen eginiko agerraldian.

Itun fiskalaren eskaera izan zen Artur Mas eta CiU Katalunian gobernura eraman zituen programaren ardatza. Eta Madrilek ate hori ez duela irekiko argi utzi dute bai PPk, agintetik, eta baita PSOEk ere, oposiziotik. Masek jada baztertu du akordio aukera. Gainera, irailaren 11ko Diadan independentziaren aldarriak izan zuen jarraipenarekin, eta azken inkestetan kataluniarren %51 aukera horren aldeko agertu ostean, herritarrei etorkizunerako zer bide aurkeztuko dien azaldu beharko du CiUk; baita beste indar politikoek ere, jakina.

Espainiako Gobernuaren ezezkoaren ondoren, izan ere, Katalunian hauteskundeak aurreratzea izango baita hurrengo urratsa. Eta zalantzarik ez dago bozetarako kanpainan Kataluniaren estatusak eta Espainiarekiko edo Europarekiko harreman moduak hartuko dutela zentraltasuna.

Ekonomia krisi larri baten erdian lehertu da Katalunian herrialdearen estatusari buruzko eztabaida. Generalitatea Espainiari 5.000 milioi euro eskatzera behartuta dago, zerbitzuak eta funtzionarioen soldatak ordaindu ahal izateko; baina 1980ko hamarkadatik —Generalitateak finantzaketa sistema propioa eskatzeko aukerari uko egin zionetik, arriskutsuegia irudituta— Kataluniaren defizit fiskala barne produktu gordinaren %8 ingurukoa izan da: 16.000 milioi eurokoa urtean, gaur egungo parametroetan; Espainiako Ogasunak Katalunian biltzen duen euro bakoitzeko, 43 zentimo beste lurraldeetara bideratzen ditu. Azken finean, defizit fiskala kataluniar bakoitzeko 2.250 euro ingurukoa da urtean.

Urteetan eutsi dio Kataluniak desoreka horri —protesta asko eginagatik—, baina Espainiaren aldetik ez du desoreka ekonomiko eta politiko horiek bideratzeko borondaterik ikusi. Lur emankorra, independentzia nahiaren haziak ereiteko. Financial Times egunkariak ere, Espainiako erregearen azken mezuaren ondoren argitaratutako editorialean, Raxoik Masen eskakizunei ateak itxiz gero Katalunian independentismoa «geldiezina» izango dela azaldu du.

Datorren asteartetik aurrera, egoera politikoari buruzko eztabaida izango dute Kataluniako Parlamentuan. Eta Madrilen ezezkoaren kontra, uste izatekoa da Kataluniako presidentearena beharrean parlamentu osoarena den adierazpen bat hitzartuko dutela. Madrilek, ordea, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuarekin egin zuen gisan —eta baita Eusko Legebiltzarraren egitasmoarekin ere—, pareta bat jarriko dio Espainiako Konstituzioan kabitzen ez den edozein bideri.

Kataluniako independentisten erronka pareta hori botatzea izango da. Mariano Raxoik ez baitauka, krisiagatik eta alderdi barruko muturrekoen presioagatik, aterik irekitzeko tarterik. Urak bere bidea egiten badaki. Are gehiago, independentismoa bezala, uholde bilakatu bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.