Gabriel Puricelli.
Argentinako presidentetzarako bozak. Lehen itzulia. ANALISIA

Ultraeskuina, arrastoa sartua oraingoz

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Berez, urteko %140eko inflazioa daukan Ekonomia ministro batek ez zirudien oso hautagai aproposa, baina hautagai horrexek zer, eta berriz ere salbatu du hondamenditik Argentinako gobernuan den ofizialismoa. Sergio Massak abuztuaren 13ko primarioetan baino bederatzi puntu gehiago lortu ditu, eta, hala, lehena gelditu da hauteskundeen aurreneko txandan. Javier Milei ultraeskuindarra, berriz, bigarren postura jaitsi da; izan ere, ez atzera ez aurrera geratu da, eta duela bi hilabete ezustekoa eman zuenean lortutako boto kopuru bertsua bildu du orain. Horren ondorioz, gaur egun gobernuan den koalizioak, Aberriaren Aldeko Batasuna koalizio peronistak, oraindik ere aukera du azaroaren 19ko hauteskundeak irabazteko, nahiz eta duela hiru hilabete galdutzat jotzen zituzten.

Massa, hogeita hamar urte inguruko bere karrera politikoan, sigi-saga ibili izan da, baina hasieratik izan du jomugan boterearen gailurra; orain, aurkariak ez ezik, berarengandik espero zena ere gainditu du, orain arte esaten baitzen ez zuela aukera handirik bozetan garaile irteteko. Hori gutxi ez, eta berak nahi zuen moduan lortu du garaipen partzial hau: ez Alberto Fernandez presidenteak eta ez Cristina Fernandez presidenteordeak ez dute parte hartu kanpainan, nahiz eta Cristina Fernandez den —edo izan den, beharbada, igandera arte?— peronismoaren buruzagi itzaltsuena.

Ikusi gehiago:Batasuneko gobernu bat osatzeko promesa egin du Massak

Oso bestela gertatu zaio, aski modu dramatikoan, Elkarrekin Aldaketaren Alde zentro-eskuineko hautagaitzari: duela urtebete, denek pentsatzen zuten huraxe izango zela garailea presidentetzarako hauteskundeetan, baina, azkenean, haren hautagai Patricia Bullrich buru, kanpoan geratu da lehen bozaldian, iragarpen guztiek ziotenaz bestera. Bullrichek ez du politika publikorako proposamen askorik egin kanpainan, baina zin egin du «behin betiko» amaiaraziko duela gaur egungo ofizialismoa; orain, Mileik aurrea hartu dio —eskuinetik—, estatuaren eginkizunak bertan behera uzteko agenda anarko-kapitalista baten bidez. Bullrichek ezin gehiago ustiatu du gobernukoen peronismoarekiko polarizazio emotibo bizi-bizi hori, eta ez da konturatu horrek nekatu egin dituela bere hautesleetatik erdiak, nahiz eta azken hamar urteetan leial izan zaizkion.

Mileiren erretorika kontrairaultzaileak, berriz, eskuineko ikuspegirik kontserbadoreenak dituzten sektore aberatsen parte bat erakartzeaz gainera, lortu du arrakala bat irekitzea herri xehearen artean, nahiz eta sektore hori beti izan den kulturalki eskuraezina Elkarrekin Aldaketaren Alde hautagaitzarentzat; herri xehea beti izan zaio leiala peronismoari, baina leialtasun hori ahuldu egin da azken hamar urte luzeetan, herrialdea ez atzera eta ez aurrera gelditu eta inflazioa nagusitu den honetan. Langile prekarioen eta beren kontura jarduten duten langileen mundu horretan, jendeak pentsatu du estatuaren laguntza ez zaiola iristen jadanik, eta, are, estatua oztopo bilakatu zaiola bere jardueretan, ogia nekez eta tarteka irabazteko egiten dituen lanetan.

Mileik bere erretorika eta keinukera erasokor eta bortitzaren inguruan batu du koalizioa, adibide eskatologikoak tartekatuz Murray Rothbard anarkokapitalismoaren teorialariaren liburuetatik hartutako aipu luzeekin, eta, hala, lehenago koalizio tradizionalen alde zeuden hautesle multzo batzuek osatu dute haren koalizioaren bizkarrezurra. Horixe izan zen gakoa abuztuko hauteskundeetan hain indartsu agertu zenean. Hala ere, erretorika horrek berak, haren antifeminismo bortitzak eta 1983an bukatutako diktadura militar odoltsuaren alde disimulurik gabe egin dituen aldarriek beldurra piztu dute beste sektore batzuetan, eta horrek muga bat ezarri dio haren hazkundeari.

Massa, berriz, Bullrichek proposatzen zion aurrez aurrekoari itzuri egin, eta jendea konbentzitzen hasi zen Milei arrisku autoritario bat dela. Diskurtso estrategia horretaz baliatuta eta Aberriaren Aldeko Batasuneko probintzia gobernariak bizi-bizi mobilizaturik, Massak gutxiengo handiena bihurtzea lortu du, ofizialismoak kondizio hori galdu eta gero. Datozen lau asteetan, ekonomiak ez du batere albiste onik ekarriko —txarrak akaso bai—, eta, egoera horretan, Massak botoen %50 lortu beharko ditu. Lehen txandan aurreneko geratu izanaren ezustekoaren bultzada ez da nahikoa izango beharbada: Elkarrekin Aldaketaren Alde hautagaitzak lortutako botoen parte bat beharko du gutxienez, baita hautagaitza zentristak eta troskistak lortutako boto guztiak ere, bi horiek kanpoan geratu baitira.

Batasun nazionalaren mantraren bitartez beretu nahiko du falta zaion babesa. Horrela, batetik, etorkizuneko gobernuan lekua egingo die kanpoan geratu direnei, eta, bestetik, autokritika taktiko bat egingo du bera ardatz duen gobernuak utzitako egoeraren inguruan, aitorturik hain dela egoera larria ezen premiazkoak baititu hala hauteskundeak nola orain arte aurkari izan dituenen laguntza eta adostasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.