Xi Jinpingek herenegun hitz egin zuen telefonoz Vladimir Putinekin, eta Ukrainarekin negoziatzeko eskatu zion. Inbasioa ez dator bat Txinaren filosofiarekin, eta Asiako potentzia ez da gerra batean izan mende erdian; hala ere, orain nazioartea Putinen jarrera kondenatzen ari den bitartean, Pekinek bere tonu neutralago hori mantentzen du.
Putin lasai, Txina alboan duela jakinda
Inork espero ez zuen pausoa eman eta oraindik Putin munduaren aurrean lasai eta oldarkor ageri denean, naturalki burura datorkigun ideia da erabat erotu dela. Mendebaldeak zigorrak jarri eta Moskuk bere horretan jarraitzen duenean ere, ez dugu ulertzen, eta beldur falta horren atzean eromena ikusten dugu. Baina agian Txinaren babesak azaltzen du era batean presidente errusiarraren jarrera.
Egunotan Putinen inbasioa kondenatu ez, eta, aldiz, Errusiaren kontrako santzioak kritikatu ditu Pekinek, ezer onik ekarriko ez dutela esanez. Horren guztiaren atzean Gerra Hotzaren mentalitate zaharkitua dagoela salatu, eta horrela erantzukizuna Estatu Batuei pasatu die.
Argi eta garbi esan ez duen arren, seguruenik santzioek sortutako galerak orekatzeko emango dio laguntza Errusiari: bankuek laguntza finantzarioa eman eta energiaren sektoreak akordioak izango dira.
Eta orain Txina munduko lehen potentzia izateko gertu dagoenean, agian Mendebaldearen zigor eta santzioek ez dute lehen zuten botere berbera.
Deseroso edo erosoegi?
Txinan gizartea ere Ukrainan gertatzen ari dena ikusita sinetsi ezin dago. Baina gobernua eta Xi opakoak dira oso. Nork daki buruan zer duen.
Batzuetan esnatu eta pentsatzen dut Pekin oso egoera deserosoan jarri duela Moskuk: imajinatu klasean dagoela lider harroputz bat, eta beste gehienek amen egiten dietela esaten duen guztiari. Bere gurasoak eta aitona-amonak ere izan dira lider aberats eta ahotsa izatera ohituta dago (Estatu Batuak); beste aldean bestelako ikuspegi bat duen klase kide indartsu bat dago. Bere aitona-amonak txiroak ziren, baina asko borrokatu ondoren belaunaldiz belaunaldi lortu dute sendotu eta betiko liderraren parera egotea (Txina); ez du onartzen harroputzaren lidergoa eta honek beldur dionez eraso egiten dio beti.
Badago beste bat harroputzaren etsaia ere dena, eta munduaren ikuspegi antzekoagoa partekatzen duena (Errusia). Aukera askorik ez eta, azkenean, batak besteari babesteko elkartu egin dira azken biak, arerio komunaren kontra. Baina bat-batean hirugarrena erotu eta harroputzari amen egiten dioten horien aurka egin du eztanda. Orduan bigarrenak ikusi du, bere aliatua erotuegi dagoela, baina etsai komunaren aurrean zor dio nolabaiteko fideltasuna.
Beste batzuetan, aldiz, kontrakoa pentsatzen dut, Pekin ez dela batere inuzentea, eta oso ondo neurtu duela guztia. Izan ere Errusiak ez luke egingo Txina benetan haserretuko lukeen zerbait, behar du eta. Esanguratsua da oso, neguko joko olinpikoak amaitu arte itxaron duela Putinek armada Ukrainara bidaltzeko, bere aliatuari momentu okerrean protagonismoa lapurtzeko beldur izango balitz bezala.
Bien artean ere badago oraindik mesfidantza, aspalditik izan dute lehiakortasuna, baina azkenean Moskuk onartu du Txinarekin duen desoreka horieta bigarren planoan jarri da. Txinak iraganean begiratu dio Errusiari kezkarekin, baina orain beste momentubat bizi du: ez ditu urteetan kezkatu dituen barne arazo horiek (Tibet, Xinjiang eta Hong Kong), pandemia kontrolpean mantendu izana ere arrakasta handia da beretzat, eta oraintxe bai Joko Olinpikoak eta baita Neguko Jokoak ere antolatu dituen lehen herrialde bihurtu da. Indartsu sentitzen da Txina, ez dio beldurrik Errusiari; alderantziz, Mosku da Pekin gertu mantentzeko kontuz ibili nahi duena.
Nazioarteko hierarkiak aldatzen?
Inork espero ez zuena gertatzen ari da. Europa eta Mendebaldea ukiezinak zirela uste genuen.
Agian Mendebaldeak Errusiari eta batez ere Txinari entzungor egin die luzeegi. Izan ere, abisatu dute, Pekinek eta Moskuk denbora daramate munduan aldatu behar diren mekanismoak ikusten dituztela esaten. Xi eta Putin neguko jokoen hasieran Pekinen bildu zirenean iragarri zuten Mendebaldearen betiko lidergoari oreka egingo zion bloke alternatiboa zirela; Txinak eta Errusiak munduko hierarkia zaharrak aldatu nahi dituzte.
Eta Ukraina, tamalez, laborategia da denentzat, segur aski baita Txinarentzat ere: Mendebaldea urrunetik neurtu ahal izateko aukera paregabea da, horrelakoak gertatzean Estatu Batuak noraino iristeko gai diren ikusteko momentua.
Gerra Ukrainan. Txinaren ikuspuntua. LEKU-LEKUTAN
Ukraina Txinarentzat: Mendebaldea proban jartzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu