Europako Batasuneko (EB) Kanpo Ekintzarako Zerbitzuaren egoitzan, Bruselan, diplomatiko eta kazetari talde batek munduan gertatzen dena jarraitzen du, egunero- egunero, 24 orduz, jaiegunik gabe. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) datozen hauteskundeei begira, ordea, jarraipen berezia egiten ari dira. Lehenengo aldiz krisi kabinete bat sortu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Kabinetea egunero batzartzen da Atlantikoaren beste aldeko hauteskunde kanpainaren azken informazioa aztertzeko eta Donald Trumpek irabazten badu Europako Batasunaren erantzuna prestatzeko. 2016ko Trumpen garaipenak ezustean harrapatu zuen Europako Batasuna, eta oraingoan ez dute hori gertatzerik nahi. Kargua hurrengo urteko urtarrilaren 20an hartzen duenerako, agintzen hasten denerako, plana prest izango du Bruselak. Prestatu dutena Trump kolpistaren bigarren kolpeari aurre egiteko nahikoa izango den ikusteko dago. EBren eta AEBen lotura ekonomikoak eta politikoak hain dira sakonak, Washingtonen norabide aldaketaren ondorio guztiak aurreikustea ia ezinezkoa izango den. Ekonomiaren alorrean, urtean 1,2 bilioi euroko merkataritza harremana dago jokoan.
Muga zergak munduko hitzik politena dela deritzo hautagai errepublikanoak, eta merkataritza da, hain zuzen ere, batzordearen erantzun planaren oinarria: Europako Batasunarentzat —eta munduko gainontzeko herrialdeentzat, Txinarentzat izan ezik— Trumpek agindu dituen %10 eta %20 arteko muga zergen aurrean, Ameriketako Estatu Batuetako estatu errepublikanoetan ekoizten diren produktuen zerrenda egin du batzordeak, horien aurka muga zerga berriak ezartzeko. Aurreikuspen guztien arabera, Europako Batasunaren aurkako muga zergek 2017an Trumpek ezarritakoek baino kalte handiago eragingo dute: Euroak bere balioaren %10 galduko omen du eta hazkunde ekonomikoari puntu bat kenduko dio; kolpea handia izango da 2025erako, hazkunde ekonomikoa Eurogunean oso ahula, %1,5ekoa, izatea aurreikusten baita. Trumpen lehen agintaldian produktu gutxi batzuei ezarri zizkien muga zergak Etxe Zuriak; bigarren agintaldian, berriz, EBk esportatzen dituen produktu guztietan aplikatuko duela agindu du. AEBak Europako Batasuneko esportazioentzat lehen merkatua direla kontuan hartuta, eragina sektore guztietan atzemango litzateke.
Muga zergen gerran ez ezik, Ukrainarekiko politikan aldaketa bortitza ekar lezake Trump Etxe Zurira itzultzeak: diru laguntza ekonomikoak eten ditzake Zelenskiren gobernuarentzat, Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak bertan behera utziz eta Errusiaren inbasioari zilegitasuna emanez. Egoera horren aurrean, Ukrainako gerraren kostu guztia Europako Batasunaren esku geratuko litzateke. Horrekin batera, hautagai errepublikanoak NATOren aurrekontu militarra handitzeko presioa areagotzen badu, defentsarako eta Ukrainarako gastua ikaragarri handitu behako lukete EBeko herrialdeek.
Aurreikuspen guztien arabera, Europako Batasunaren aurkako muga zergek 2017an Trumpek ezarritakoek baino kalte handiago eragingo dute
Arlo teknologikoan ere Trumpen beldur dira Bruselan. AEBetako enpresa teknologikoen boterea murrizteko EBk hartzen dituen erabakiek haserrea eragiten dute Washingtonen, baina ez dute zigor neurririk eragiten. Are gehiago, ika-mikak aldera batera utzita, Washington eta Bruselan elkarrekin lanean hasi dira Bidenen agintaldian garapen teknologikoaren araudien alorrean Txinari aurre egiteko. Elkarlan hori bertan behera geratuko litzateke Trumpek presidentetza irabazten badu. Horrez gain, Bruselak enpresa teknologiko estatubatuarren aurka hartu dituen erabakien aurrean mendekua hartzeko zain dago Elon Musk, Silicon Valleyko beste aberats batzuekin batera.
27 hiriburuetan ere —Budapesten eta Bratislavan izan ezik— okerrenerako prestatzen ari dira: Viktor Orban Hungariako lehen ministroak aurreratu du bere lagun amerikarrak irabazten badu hainbat xanpain botila irekiko dituela. Eslovakiako Robert Fico lehen ministro populista ere Trumpen garaipenaren zain dago, Errusiarekin harreman diplomatikoei berrekiteko. Bruselan, xanpaina prest izango dute Kamala Harrisen garaipena ospatzeko. Harrisek irabazten badu, ordea, krisi politiko larria eragin lezake Trumpen porrotak. AEBetako hauteskundeen krisi kabinetea behin betikoa egiteko unea da.