Unai Pascual.
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Trumpek ikatza ustiatzen du

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Trumpek ikatza ustiatzen du» izan zen 2016an Donald Trumpek erabilitako esaldi famatuetako bat, kinka larrian zegoen AEBetako ikatzaren industriari babesa promestuz. Ikatzaren sektorean diharduten 150 mila inguru beharginen botoa jasotzeko amua izanik, slogan horrek bere kanpainan bi mezu garrantzitsu zabaltzen lagundu zion: batetik, erregai fosilen sektoreari babesa eman, eta, bestetik, munduari mezu ezin argigarriagoa bota zion: klima aldaketa Txinak asmatutako konplot bat izanik (bere hitzetan, noski), klima aldaketaren negazionismoa hauspotzea. Pauso bat haratago, bozak irabaziz gero Obamak aurreko urtean sinatu zuen Parisko akordiotik AEBak aterako zituela ziurtatu zuen. Hauteskunde hauetan estrategia bera darabil. Baina estrategia hau ez ote zaio zaharkituegi gelditu, batez ere COVID-19ak ekonomiari eragindako sarraskia eta, beraz, etxeko agenda politikoa zein Txinarekiko geoestrategiaren joko taula dezente aldatu eta gero?

Oraingo egoera zein den azaltzen laguntzen duten zenbait daturi eta Trumpen azpijokoei (edo gezurrei) erreparatzea komeni da, boz hauetan klima krisia hautesle askok erabiliko duten irizpide bat izango baita. Trump klima aldaketaren negazionista izanik, bere erretorikan klimaren alde egiten duelako ideia txertatzen du han-hemenka, ironia puntu batekin bada ere. Askotan Txinarekin konparatzea gustatzen zaio, batez ere esanez Txina dela munduko CO2 emisio gehien sortzen duen herrialdea. Ahaztu egiten zaio esatea biztanleko (per capita) AEBek Txinak baino bi aldiz baino gehiago emititzen dutela. Bere beste mezuetako bat da AEBak direla Parisko akordioa sinatu zutenetatik energiaren sektoreari lotutako emisio gehien murriztu duen herrialdea. Ideia hau ere tranpatia da; erlatiboki 2018-2019 bitartean AEBek %3ko jaitsiera izan badute ere, ekonomikoki boteretsuak diren beste herrialdeek murrizketa handiagoak izan baitituzte (Alemaniako %8a eta Japoniako %4a, kasu).

Klimaren inguruan Trump estutzeko, Bidenek zientzian bilatu du eduki dezakeen aliatu hoberena, eta horrek behartu du Trump behin eta berriro negazionismoaren oinarrian dagoen estrategia errepikatzera: zientzialariei erasotzea. Trumpek hauteskunde kanpainan darabilen mantra bere esaldi honek ezin argiago erakusten du: «Hozten hasiko da. Begira... Ez dut uste zientziak ondo dakienik». Beraz, mezulariari kontra eginez lortu nahi du bere hautesle oinarriak klimaren arazoaz pentsatu ez dezan. Baina hau gero eta zailagoa egingo zaio.Gero eta jende gehiagoren buruan txertatzen ari dira klima krisia AEBetan sortzen ari den sarraskiaren argazkiak, hala nola 2005ean Katrina urakana eta orain dela gutxi Kaliforniako sute erraldoiak. Bidenek, alderdi demokratikoaren parte batek bultzatzen duen Green New Deal ideiak Trump zenbateraino estutu ahal duen ikusiko dugu.

Azken urteotako ingurumenarekiko Trumpen balantzea ezin argigarriagoa da: 160 ingurumen lege eta arau ahuldu ditu, klima aldaketaren negazionismoa mantendu du eta AEBak Parisko akordiotik azaroaren 4an aterako dituela ziurtatu du. Bidenen eskutikAEBetan COVID-19 osteko New Green Deal batek munduari arnasgune bat eskaini ahal izango dio. Argi dagoena zera da: Trumpek irabaziz gero Parisko 1,5 graduen langa ez dela lortuko. Beste muturrean, litekeena da Bidenek energia trantsizioa martxan jartzea. Baina adi, ikatzaren gainbehera mantenduko da (Trumpekin edo gabe), Bidenek frackingari babesa ematea erabaki baitu gasak energiaren balizko trantsizio horretan paper nagusia joka dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.